Gerratik itzulera
-
Buelta Donostiara
Jabier Amunarriz Andonegi (1924) Donostia
Bi urte egin zituzten Donibane Lohizunen. Anaia bat, Sasetako komandantea, Bilboko gerrikoan hil zen; besteak aitaren baporean joan ziren Iparraldera. Han ere gerra hasi zen. Itzuli egin ziren. Aitari Calderon komandanteak lagundu zion.
-
Euren etxera itzultzeko baimena behar
Edurne Astigarraga Landaluze (1927) Paul Astigarraga Landaluze (1925) Abadiño
Gerra garaian Bermeora joan ziren osaba-izeben etxera. "Kordeleria" zuten eta barkuentzat aparejuak egiten zituzten. Hiru hilabete egin zituzten han. Handik itzuli zirenean, alkateari baimena eskatu behar izan zioten euren etxean sartzeko. Baimena eman zien, baina hiru hilabetean prezintatuta izan zituzten taberna, denda eta pentsu-biltegia.
-
Izeko lapurtzat hartu zuten gerra ostean
Emilio Iturriondobeitia Larruzea (1924) Amorebieta-Etxano
Gerratik bueltatu zirenean, izekoren taberna apurtuta topatu zuten. Istilu asko zegoen orduan. Izekok, esaterako, jertse bat aurkitu eta mutiko bati eman zion. Izeko lapurtzat hartu zuten orduan eta beste lapurreta batzuk egotzi zizkioten. Kartzelara eraman zuten eta hiru hilabetean hil zen, disgustuaren disgustuaz.
-
Gerratik bueltan etxea hutsik
Emilio Iturriondobeitia Larruzea (1924) Amorebieta-Etxano
Artzentalesetik bueltatu zirenean, etxean erlojua eta kaxa bat baino ez zuten topatu. Bizimodua hutsetik hasi behar izan zuten. Urrian eskolara hasi zen Emilio, baina hilabete bi baino ez zituen egin.
-
Eibarrera itzultzen gerraostean
Aurora Bascaran Martínez (1933) Concepción Martínez Fuldain (1908) Eibar
Toni eta Alfonso Arrietaren etxean egon ziren Bascarandarrak Bartzelonan. Beraien laguntzari esker itzuli ziren Eibarrera. Trenean Bilbora arte joan zirela oroitzen du Aurorak. Bartzelonara iritsi ziren eibartar askori lagundu zieten Toni eta Alfonso senar-emazteek. Ihes egindako eibartar asko mediterraneo inguruan ibili baitziren.
-
Eibarren gerraostean goseterik ez
Aurora Bascaran Martínez (1933) Concepción Martínez Fuldain (1908) Eibar
Gerraostean Eibarren errazionamendurako kartilla ezarrita zegoen Aurora eta Concepcion itzuli zirenean, baina gosete handirik pasa ez zutela diote. Okindegia martxan zegoen eta baserriko jatekoak Elgetatik ekartzen zizkieten. Eibarren susperraldia eman zen industriari esker. Etxearen inguruko anekdota bat kontatzen dute.
-
Eibarrera itzulera
Asun Anguera Illarramendi (1928) Jose Sarasua Gorrochategui (1923) Eibar
Eibarrera itzuli zirenean Joseren etxea beste batzuek artua zuten eta senide batzuen etxera joan behar izan ziren. Eibarrerako bidaia nolakoa izan zen kontatzen du Josek. Iritsi bezain laster aita eta osaba kartzelan sartu zituzten. Kuartelera ere joan behar izaten zuten egunero presentatzera kartzelatik edo kontzentrazio esparrutik etorritakoak.
-
Gerraostean Eibarrera itzulera
Asun Anguera Illarramendi (1928) Eibar
Gerraostean Eibarrera iritsi zenean Asunek bizi izandakoa kontatzen du. Izebaren etxera joan behar izan ziren beraien etxea sutan zegoelako.
-
Eibar berreraikitzen
Asun Anguera Illarramendi (1928) Jose Sarasua Gorrochategui (1923) Eibar
Gerra bukatu eta Eibar suntsituta zegoen. Presoak egon ziren La Salle eskola dagoen tokian. Etxeak egiten egoten ziren eta desekonbroa ere egin zuten Ipurua futbol zelaia dagoen tokian.
-
Gerraosteko Eibar
Gaspar Alvarez Lucio (1918) Eibar
Gerra bukatzean Eibarrera itzuli zen Gaspar. Karlisten boluntarioak zeuden herrian zehar eta konfiantza gutxi zuen haiekin, jende asko fusilatzen baitzuten. Eibarko Guardia Zibilekin bizi izandako anekdota bat kontatzen du. Sinatzera joan behar izaten zen eta hasieran kartzelara joatetik libratu zela kontatzen du.
-
Gerraostean kartzela zigorra
Gaspar Alvarez Lucio (1918) Eibar
Gasparri hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta azkenean bederatzi urte pasa zituen kartzelan. Emaztea gerraostean ezagutu eta ezkondu egin ziren Santanderren. Emaztearen bi anai gerran hil eta bat Frantzian erbestean egon zen.
-
Frantsesak laguntzera joaten ziren
David Barandiaran Iturriotz (1927) Amasa-Villabona
Eskuineko jende asko zegoen Frantzian. Elizara zapia eta txanoa jantzita joaten ziren. Herrira bueltatzean, txapelgorriak ezagutu zituzten, eta falangistek euskaraz ez hitz egiteko esan zieten.
-
Txikiteoa, lagun arteko ohitura
Pedro Urretagoiena Murgiondo (1924) Ordizia
Lagunekin ateratakoan txikiteoa eta zurruta egiten zutela-eta eskopeta erosi zuen parranda utzi eta mendira joateko. Ardoa edaten zen txikiteoan; taberna asko zeuden Ordizian. Neskek debekatua zuten tabernara sartzea.
-
Errazionamendua eta estraperloa
Felipe Korta Gurrutxaga (1928) Ordizia
Estraperlotik jende asko aberastu zen. Caf lantegian 15 urterekin zuen soldatarekin ezin zen litro bat olio erosi. Estraperloko jakiak Nafarroa aldetik ekartzen zituzten gauez. Tabakoa ere errazionamenduan hartzen zen; estraperlokoa, bestalde, oso garestia izaten zen.
-
Soraluzetik etxera bueltan gertatutakoak
Iñaki Ormazabal Garmendia (1927) Ordizia
Etxera bueltan etorri zirenean, Zumarragan geratu behar izan zuten eta orduko kontuak kontatzen ditu. Soldaduekin gertatutako anekdota bat.
-
Errazionamenduaren inguruko kontuak
Iñaki Ormazabal Garmendia (1927) Ordizia
Dendetan kupoiak ematen zituzten errazionamendurako. Ogi txarra izaten zen errazionamendukoa.
-
Xaboia, olioa, azukrea eta abar errazionamenduan
Alejandro Ormazabal Garmendia (1934) Ordizia
Errazionamendua xaboi, olio, azukre eta abarrekin egiten zen. Ogia eta olioa oso kalitate txarrekoak ziren. Alejandro etxe onekoa zen eta ez zuen sekula goserik pasa, baina lagunek bai. Estraperloa dendariek eta gutxien uste zenak egiten zuen: komeriak izaten ziren ezkutuan jana eramaten.
-
Eguneroko jakiak; angulak merke-merke
Felipe Korta Gurrutxaga (1928) Ordizia
11-12 urte zituela gerra amaitu zen eta gosetea etorri zen orduan. Etxean behiak izaten zituzten, baina maizterrak ziren. Ekonomikan ogia egiten zuen amak. 12-14 lagun elkartzen ziren etxean eta gaztaina, talo eta sagardo nahikoa izaten zuten. Otorduetan barazkiak eta potajea jaten zuten eta igandeetan garbantzuak ziren jaki berezi. Arrain ugari izaten zen eta kalitate onekoa. Angulak merke izaten ziren; arrainen bat erosiz gero, eskukada angula oparitzen zuten.
-
Boniatoa patataren ordez
Faustino Urbieta Zinkunegi (1924) Zumaia
Boniatoa ezagutu zuteneko anekdota kontatzen du. Olioa, ogia etab. izaten ziren errazionamenduan eta kartila bat izaten zuten .
-
Lehengoa beste bizimodu bat zen, auzotarren artean beti elkarri laguntzen
Pio Illarramendi Arizaga (1942) Zarautz
Gose garaian jaio zen, gerraostean. Berak ez zuen goserik pasa. Umetako kontua ondo gogoratzen du, oso garai zoriontsua. Etxeak ez ziren ixten, sekula ere ez, ezta ezkatzak ere. Hori ez da berriro itzuliko. Etxean zerbait apurtzen bazen ere, auzokoek beti laguntzen zuten edozer gauza konpontzen. Beste bizimodu bat, auzotarren artean beti elkarri laguntzen.


