Honi buruz

1936ko uztailaren 18an hasi zen Espainiako Gerra Zibila. Militarrak II.
Errepublikaren aurka altxatu ziren, gobernua boteretik kentzeko. Hiru urte kostatu
zitzaien, baina lortu zuten: 1939ko apirilean Francisco Franco diktadorea jarri zen
aginduan Madrilen; askoz lehenago Euskal Herrian.

Gure herriak egoera zaila izan zuen hasiera-hasieratik. Nafarroan eta
Araban ia oztoporik gabe nagusitu ziren jazarraldiaren aldekoak, eta
laster kontrolatu zituzten bi lurralde horiek. Altxamendua hasi eta
urtebete baino lehen (1937ko ekainerako) Hego Euskal Herri osoa
frankisten mendean zegoen. Bederatzi hilabete horietan gerrak
bizi-bizi kolpatu zituen euskaldunak. Frankismoaren errepresioak eta
zapalkuntza ideologikoak berrogei urte gehiago iraun zuen.

Webgune honen helburua da gerra bizi izan zuten haien lekukotasuna
jasotzea. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako testigantzen
artean gerrarekin zerikusia duten interesgarrienak bildu eta "Gerrako
Ahotsak" izeneko webgune honetara ekarri ditugu.

Ez da gerraren alde militarraren inguruko webgunea. Hori baino
gehiago, gerra zuzenean bizi izan zuten haur eta gazte haien bizipenak
biltzen dituen webgune kaleidoskopikoa da, lekuko bakoitzak bere
bizipenak kontatzen baitizkigu, oroimenaren filtrotik iragan ondoren.

Gerraren inguruko alorrik nabarmenenak batzen saiatu gara, eta
horietako bakoitzean hainbat lekukotasun ikusi eta entzuteko aukera
izango duzu. Gerra nola hasi zen, errepresioa, ondasunen galera,
hildako senideen inguruko testigantzak, gerraren alderdi militar eta
administratiboa, gerra osteko giroa...

Dagoeneko 75 urte bete dira. Baina garai hura ezagutu zuten haur eta
gazteek, gaur aitona-amona bihurtuta, ez digute utziko garai hartakoa
ahazten.