Ekonomia gerra garaian

  • Pedro Garitano Aita, gerran ejerzitoarentzat oihalak egiten

    Pedro Garitano Laskurain (1936) Bergara

    Gerra hasi zenean, bere aita militarizatu egin zuten eta soldadutza egin beharrean, fabrikan armadarentzat oihalak egiten jarri zuten.

  • Frantziska Egiguren Gerra sasoiko bizipenak: jateko eta arroparik ez, etxeak hutsik, beldurra...

    Frantziska Egiguren Bereziartua (1924) Iurreta

    Arriandi auzoan jendeak alde egin zuen etxeetatik, dena bertan lagata. Amak Oromiño auzora bidali zuen, senideengana, baina han ere etxea hutsik aurkitu zuen. Beldurra pasa zuen bidean. Etxe handi baten ondoko gerezi-arbolan tripa eta poltsikoak bete zituen gereziz. Etxea hutsik zegoen. Norena zen eta barrutik nolakoa zen azaltzen du. Bidean hutsik aurkitu zituen etxe guztiak. Etxe bateko arropak hartu zituzten, ez zeukaten ezer eta. Jendea etxeetara itzuli zenean, auzoko lapurrak zirela esaten zuten. Beraiei txerria eta bizikleta ostu zizkieten. Bi bandoen erdian zeudenez, gaua pasatzera Mallabienara joaten ziren. Teila-lantegia zegoen han. Umeek oilo-tokian egiten zuten lo eta nagusien kanpoan.

  • Elisabet Aretxabaleta Gerra Zibila Aulestin

    Elisabet Aretxabaleta Goikoetxea (1921) Markina-Xemein

    Ama Aulestikoa zuen eta gerra han pasatu zuten. Bost neba-arreba eta ama egon ziren bertan. Beste ahizpa eta gerran hildako neba Markinan gelditu ziren aitarekin. Aitaren zapata-tailerrera larrua eskas heltzen zen. 1938. urtera arte egon ziren Aulestin. Gerra Zibilean Aulestin egon zen eta handik neskame joan zen. Mertzedeko mojek aurkitu zioten lana Gasteizko etxe batean. Bere senitarteko batzuk Gernikatik ihesi etorri ziren Aulestira.

  • Aurora Manterola Kuliska itsasontziarekin, Bilbon gerrako minak batzen

    Aurora Manterola Burgaña (1942) Mutriku

    Joxe Mari Burgaña, Auroraren amaren anai nagusiena izan zen. Familiako Kuliska itsasontziaren kapitaina, marinel zela atera zituen ikasketak eta Bilbon egiten zituen azterketak. Gerra garaian, Bilbon ibili zen itsasoan zeuden minak arrantzatu eta desaktibatzen.

  • 574 Errekete batekin pasatako gertakizuna

    Joxepa Arregi Egidazu (1919) Arrasate

    Hiru urte egin zituen neskame, gerra hasi arte. Nagusiak Gasteizera joan ziren eta bera etxera itzuli zen. Gerra denboran, San Prudentzion erreketeak formatzen ziren eta eurak hara joaten ziren "dotoreena" zein zen begiratzera, hari zerbitzatzera joateko. Errekete batekin gertatu zitzaion pasadizoa kontatzen du.

  • Miren Vallejo Arriaga Etxean abarketak josten

    Miren Vallejo Arriaga (1923) Elgoibar

    Larrinagako kartzelan egona da Miren, osaba sestaoar bat ikustera joanda. Mirenen amak, alabak lagunduta, abarketak josten zituen etxean. Aitonak Elgoibarko “Alpargatería Peñalba” abarketa lantegian egiten zuen lan. Amak ere lantegi horretarako josten zuen. Peñalbak denda ere bazuen, eta etxeetan josten zizkioten abarketak dendako salgaiekin ordaintzen zituen, ez dirutan.

  • 899 Gerrateek dirua ekarri dute Eibarrera

    Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar

    1914ko gerran krisialdi eta gorabehera handiak izan ziren Eibarko lantegietan. Armen salmentak gorabehera handiak izan zituen. Eibarko armaginek urretan kobratzen zuten, dirutan kobratu beharrean. Dena dela, gerrak dirua ekarri dio Eibarri: jendea elkar hiltzen eta eibartarrak aberasten. Espainiako gerran ere berdina gertatu zen (gerraostean, Eibarko lantegi batzuk ere aberastu egin ziren armak saltzen).

  • Luzia Altonaga Basosa egurretan, gerra garaian

    Luzia Altonaga Zallo (1925) Bermeo

    Gerran, Bermeo inguruko basoetara (Bakio eta Mundakaraino) joaten ziren egurretan; buruan eramaten zituzten kargak. Ezkutatu egiten zituzten kargak eta zatika eraman. Aitak txikitzen zizkien egurrak.

  • Luzia Altonaga Elantxobera egin zuten ihes

    Luzia Altonaga Zallo (1925) Bermeo

    Elantxobera egin zuten ihes itsasoz. Han ere egurretan aritu ziren Ogoñoko basoetan eta karga etxera errazago eramateko modu bitxi bat asmatu zuten bi neskatilek.

  • Mauri Lasaga Belategi Milizianoak baserrian

    Mauri Lasaga Belategi (1922) Jaione Ormaetxea Trojaola (1924) Aramaio

    Milizianoak esnea edatera etortzen ziren Mauriren baserrira. Soldaduak berorika egiten zioten amari. Esnea ordaintzen zuten, baina ordaindu gabeko oilaskoa ere eraman zuten egun batean. Jaione Bilbon zegoela, gudariak txistua eta danbolinarekin etortzen ziren; gorriak zirenean, ordea, oiloz eta untxiz kargatuta egoten ziren.

  • Mauri Lasaga Belategi Edarra hamar ogerlekoren truke

    Mauri Lasaga Belategi (1922) Jaione Ormaetxea Trojaola (1924) Aramaio

    "Pakun, pakun!!" gerrako tiro-hotsa gogoratzen du Maurik. Bilboko “Dos Caminos”eko miliziano asko egon ziren Aramaion, denak euskaldunak. Amak etxean zuen edarra polit bat saldu zion soldadu bati hamar zilarrezko ogerlekoaren truke. Jaionek, berriz, trapero bati eman zion edarra bat.

  • Andoni Sagarna Aitaren gerrateko bizipenak: Izar lantegian militarizatuta, bonbardaketak...

    Andoni Sagarna Izagirre (1947) Donostia

    Aitaren gerrateko bizipenak. Zornotzako bonbardaketa bizi izan zuen. EAJko Belaustegigoitia zen aitak lan egiten zuen Izar lantegiko nagusia; haren bitartez, langileak frontera joan beharrean, lantegian jarraitu zuten, militarizatuta. Belaustegigoitiak eta haren txoferra zen Joxe Domingo Idigorasek (Jon Idigorasen aitak) Durangoko bonbardaketan bizitakoa. Gose handia pasa zuten. Behin erdi usteldutako behia jan omen zuten. Ebakuatuta Bilbon lanean jardun zuteneko pasarteak. Gurasoek gerra sasoiko kontu asko kontatzen zituzten.

  • 1351 Etxean ere lana

    Pako Fernandez de Arroiabe Pagoaga (1923) Eskoriatza

    Etxean ere izaten zuen lana. Arreba tabernan ibiltzen zen. Soroa zuten. 14 urterekin hasi zen lanean, espoletak egiten.

  • 1351 Espoletak egiten

    Pako Fernandez de Arroiabe Pagoaga (1923) Eskoriatza

    Zubia zen lantegiaren izena, Bernardinorena. Espoletak egiten zituzten. Gerra bukatzean itxi zuten. 30 bat lagun geratu ziren lan gabe. Tailer batean nola hasi zen, aluminioarekin, eta gero beste batean, soldadu joan arte.

  • 1321 Valentzian, jatekorik ez

    Benita Gallastegi Galartza (1923) Soraluze

    Hilabete eta erdi egon ziren ezer jan gabe Valentzian, goseak. Limoi bat denen artean partitu zuten.

  • Agustin Amasorrain Txomin Amasorrain gerra garaian etxean

    Agustin Amasorrain Linazisoro (1950) Bergara

    Aitajauna Bergarako "Cerrajera"ko buru nagusia zen, tropak iritsi zirenean, eta haren seme Txomin Amasorrain etxean geratu zen. Mendigoizaleekin asko irteten zen. "Cerrajera" militarizatu egin zuten eta bonba asko egin zituzten gerrarako. 1941ean ezkondu zen eta lanean hasi zen berriz, txapan.

  • 75 Milizianoek ondo jaten zuten

    Eustakia Agiriano Zuazua (1924) Aramaio

    Milizianoak emandako atun gozoa Eustakik oraindik gogoan du. Janari asko edukitzen zuten milizianoek auzoan egon ziren bitartean. Behin astoan zeramaten otzarakada bat merlenka, lokatzetara erori zitzaien. Sukalde ona eta nahikoa diru omen zuten milizianoek.

  • Agustin Legorburu Ostu beharra, jan ahal izateko

    Agustin Legorburu Uriarte (1928) Amorebieta-Etxano

    Gerra zibilean, neba-arrebak bananduta egon ziren. Sopuertan zeudela, akorduan du patata ostu zutela, zerbait jan ahal izateko. Arreba zaharrenak Bilbon neskame zebilela, Frantziara egin zuen alde. Gerraostean denak etorri ziren bueltan.

  • Pilar Galarraga Gerra garaian kontrabandoa eta errazionamendua

    Pilar Galarraga Urkizu (1931) Errezil

    Baserrian ez zuten horrenbeste gose pasa gerra garaian. Ogia izaten zen okerrena, errotak itxi egiten zituzten eta ezin garia eho. Kontrabandoa ezagutu zuela dio. Etxeko txahal haragia Beizamara eramaten zuen anaia gazteak zaldian; inork ez zuen espero ume batek zaldian haragia eramatea. Miseria zegoen. Errazionamenduan xaboia, olioa, azukrea eta tabakoa ematen zuten.

  • 1113 Astelena, gerrako soldaduen jantoki

    Migel Gallastegi Ariznabarreta (1918) Eibar

    Astelena frontoian sukaldea ipini zuten soldaduentzat. Bitartean, pilotan jokatzen jarraitu zuen. Bere lagunak aipatzen ditu eta txerriendako jatekoa nola lortzen zuen kontatzen du..