Borroka
-
Eguraldia; gerra garaian negu gogorrak
Benita Eizagirre Ibarguren (1909) Zarautz
Eguraldia: udan beroago eta neguan orain baino hotzago egoten zen. Gerra denboran, negu gogorrak egin zituen: elurra eta ondoren izotza. Kalean elurra ia belauneraino egin zuen. Soldaduak hotzez hiltzen omen ziren.
-
Zarautzen gerrak izandako eragina
Adoracion Zubiaurre Arozena (1922) Zarautz
Gerran Zarauzko udaletxea erre egin zuten, bonba bat jarrita. Egun hartan, aita txipiroi bila joana zen, eta haiei txalupara tiroka aritu ziren soldaduak.
-
Gerra garaian, auzoa bi fronteen artean gelditu zen
Luis Aranzabal Gabilondo (1922) Bergara
Soldadutza Donostian, Zarautzen, Bera de Bidasoan... Gerra garaiko kontuak: auzoa bi fronteren erdian geratu zen; Luis ardi-zain ibiltzen zen egun guztian.
-
Gerran hirutan zauritu zuten
Margarita Aranberri Laskurain (1914) Pedro Laskurain Lizarralde (1912) Soraluze
Huescan eta Teruelen zauritu egin zuten bala sartuta, baina ez zen ezer larririk izan. Bala esplosiboak erabiltzen zituzten. Jatekoarekin oroitzapen txarrak ditu Teruelen.
-
Berriro soldadutza egitera
Iñaki Larrañaga Vitoriano (1915) Aramaio
Gerra bukatu zen arte, italiarren batailoian egon zen. Gerra bukatu zenean espainiar batailoi batera pasatu zuten. Etxera itzuli eta urtebetera berriz ere soldadutza egitera bidali zuten, Burgosera. Urtebete inguruko soldadutza egin zuen.
-
Frontean bisitan
Mariano Martínez Estévez (1923) Bergara
Elgetako frontera joan izan zen Mariano senideak ikustera. Lubaki, kanoi eta metrailadoreak ikusten zituen, baita soldaduak euren kartutxo-uhal eta fusilekin ere. Baserrietan gelditu ziren lubakiak estaltzen egin zuen lan Marianok gerraostean.
-
Gerrako oroitzapen batzuk
Primitibo Arregi Arizaga (1932) Andoain
Gerrako oroitzapenak aipatzen ditu: San Roketik tropak sartu zirenean, etxetik alde egin zuten, Buruntzan bizi baitziren. Anaia gerran hil zen, eta etxetik nola joan zen gogoan du. Tiroak eta soldaduen joan-etorriak gogoratzen ditu, baina umeegia zen hura zer zen ulertzeko.
-
Gurdi azpian bonbetatik babesteko
Martin Aranburu Artano (1926) Andoain
Gerran, behin, hegazkin batek hiru bonba bota zituen; beraiek gurdiaren azpian "babestu" ziren. Beraien baserrian, bi kanoikada sartu ziren.
-
Ukuiluan babestu baino, hobe kanpoan etzan
Martin Aranburu Artano (1926) Andoain
Gerrako erasoetatik babesteko, ukuiluan ezkutatzen ziren, nahiz eta hobe izango zen kanpoan etzanda jarri.
-
Belabieta mendiko sarraskia
Erramun Ansa Zinkunegi (1928) Andoain
Francok eta Molak planifikatu zuten estatu-kolpea, horrela, Espainiako agintea lortzeko. Belabieta mendian (Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan) izan zen lehenengo sarraskia. Gudariek ez zuten gerrarako antolamendu sistematikorik, etxez etxe arma bila joaten ziren. Sarraski hartan hil zen lehenengo pertsona andoaindarra zen.
-
Gerraren eboluzioaren lekuko etxetik
Erramun Ansa Zinkunegi (1928) Andoain
Uztailaren 20-25erako, soldadu nazionalak Andoaina iritsi ziren. Buruntzan sortu zen nazionalen eta gorrien arteko frontea. Nazionalek egurra ematen zieten gorriei. Borrokako gorabeherak etxetik ikusten zituen Erramunek. Azkenean, gorriek alde egin zuten Hernaniko Santa Barbarara, nazionalak atzetik zituztela.
-
Koltxoiak gerrako baletatik babesteko
Erramun Ansa Zinkunegi (1928) Andoain
Beldurra pasatzen zuten gerran. Oheko koltxoiak leihotik zintzilik jartzen zituzten balatatik babesteko. Baserriko ganaduarentzako lanak ilargitan egiten zituzten.
-
Gerrako zertzeladak
Erramun Ansa Zinkunegi (1928) Andoain
Tiroketak zirenean, denak gorde egiten ziren etxean. Erramunen familiak etxean dolare handiak zituen. Obus batek baserri bat zeharkatu zuen, barruan lehertu gabe. Gorrien hegazkinek bonba txikiak botatzen zituzten eta haiek eragindako kalteak aipatzen ditu.
-
Gerrako bonbak, sirenak eta kanpaiak
Erramun Ansa Zinkunegi (1928) Andoain
Aitak erreka gaineko zubiaren azpian babesa prestatu zuen, eta han babesten ziren bonbardaketak zirenean. Bonbardaketak zirenean, sirenak jotzen zituzten; Donostian, adibidez. Nazionalek hiri garrantzitsu bat bereganatzen zutenean, Andoainen kanpaiak jotzen zituzten. Apaizen artean denetik zegoen: nazionalen aldekoak, fusilatutakoak, atzerrira alde egindakoak... Frantziara joan zenetako bat Andoaingo erretorea zen; gerora, Ordiziako artzapez egin zuten.
-
Gerrak bete-betean harrapatu jaio zenean
Juan Bautista Aizpurua Ormaetxea (1936) Andoain
Gerra hasi eta 4 egunera jaio zen Juan Bautista. Bataiatu zuten egunean, mitin baten aurretik pasa ziren elizara bidean. Joakin Bermejok bataiatu zuen Juan Bautista, gerratik ihesi joan aurretik. Gauetan, bonbatatik babesteko, ezkutatu egiten ziren eta han haur jaioberria edukitzea arriskutsua zen, negarrarekin salatu egin baitzezakeen non zeuden gainerakoak.
-
Fronteak hamabost egun Borda Berri inguruan
Juan Aizpurua Otegi (1924) Andoain
Hamabost egun inguru egin zituen fronteak Borda berri inguruan. Juanek kontatzen du bala batek ia jo zituela, egun horietako batean, eta euren lehengusu Ximonek ere eskapada ederra egin zuela.
-
Gerran Buruntzatik kalera jaitsi beharra
Txomin Aranburu Artano (1922) Andoain
Buruntzako frontean Gipuzkoa osoko gizonak aritu ziren borrokan. Gerra garaian, Buruntzako baserria utzi eta kalera jaitsi ziren behiak hartuta.
-
Gerraren bilakaera Espainian
Txomin Aranburu Artano (1922) Andoain
Beldurra zegoen gerra garaian. Anaia frontera eraman zuten, eta gutunak idazten zituen handik. Gerraren bilakaera nola izan zen azaltzen ditu.
-
Senarraren lanak eta gudari izan zeneko gorabeherak
Juanita Garmendia Arrieta (1922) Urnieta
Senarra tranbiako gidaria zen. Gerora, kamioiarekin hasi zen lanean, tranbian jendaurrean lan egin behar baitzuen. Gudari izandakoa zen, eta fusilatzetik ozta-ozta salbatutakoa. Azkenean, SIGMAko inspektore izan zen.
-
Gerran erreketeak inguruan eta gazte ugari hil
Juanita Garmendia Arrieta (1922) Urnieta
Gerra hasi zenean, baserrian zegoen. Tropak baserritik gertu zeuden eta tiroak entzuten zituzten. Erreketeek hainbat gazte hil zituzten Juanitaren baserri inguruan. Gotzaina ere etorri zitzaien etxera.


