Borroka

  • Julita Iturri Gernikako bonbardaketa Errigoitiko baserritik ikusita

    Julita Iturri Arrien (1924) Errigoiti

    Julitak hamabi urte zeuzkan orduan. Bere izekoa (Juanita, eurekin bizi zena) astelehenetan beti plazara joaten zen, inoiz faltatu ere ez, baina astelehen horretan astoa kojorik (herren), astoa euki ezean ezin joan, eta ez zen joan. Zarata arraroak hasi ziren goizean, eta lantzean hegazkin bat etortzen zen. Gero arratsaldean hegazkinak hirunen hirunen hasi ziren etortzen, zerbait botatzen zuteneko zarata egiten zuten. Eta enee! Hegazkinak bonbardeatzen hasi direla! Bittoriano neba zaharrena amarekin frantsesa ebagiten zegoen soloan, eta aita idiekin areatzen frantsesa ebagitakoa. Olgetan ibili ziren umeak (Julita euren artean), arriskua ikusita, soloan zeuden idien askan sartu ziren. Bittoriano neba eta ama, hegazkinak etortzen zirenean, karkaban ostuten ziren. Soloan lanean zegoen auzoko Santi ere, eta euren aitari (Antoniori) hegazkinetatik babesteko esaten zion, “grasa” botatzen dabiltzala eta. Baina Santi urak egindako zulo baten tutuz behera ezkutatzen zen bitartean, euren aita hegazkinei begira fumetan (zigarroa erretzen), hareek eurei ezer egingo ez zietelakoan: ”zera egingoskue horreek guri!” Gero Gernika sutan zegoela ikusi zuten. Su gorria dana. Eta Gernikan bizi ziren auzoko batzuen senideak euren auzoan agertu ziren laster.

  • Julita Iturri Guda zibilean “zer ete dan eta nor ete dan” baserrian bala artean

    Julita Iturri Arrien (1924) Errigoiti

    Kalamua, Kanpazar eta Elgetako fronteak apurtuta eta Gernika bonbardatuta, kamioikada soldaduak Gernikarantz etorri ziren frontea egiten (Francoren militarren aurka). Zer ote den eta nor ote den, zer izan behar ote duen, nor izan behar ote duen egon ziren eurek baserrian. Balak hasi ziren, lantzean bala batzuk etortzen ziren, eta ez irteteko etxetik, gerra hasi dela eta. Egun baten iluntzean Julita eta bere izekoa, zestoa (otzara) hartuta, konejuentzako (untxientzako) sekulabelarretan joan, eta balak tik eta tak, tik eta tak, sartzen ziren behean (euren bidean), baina eurek ez zituzten aparau. Zestoaz (otzareaz) euren burua babestuz etorri ziren etxera. “Eneee! Ezin lei joan, gero! Dana dator balie eta!”.

  • Julita Iturri “Etxea bonbardeuko dabe eta danok hilko gara berton”

    Julita Iturri Arrien (1924) Errigoiti

    Etxean zeukaten osaba Bitturio fraidea ikaratu egin zen: “Etxea bonbardeuko dabe (dute) eta danok hilko gara berton, batan batzuk hoba (hobe) urten (irten) bizitzeko”. Bitartean etxe barrenetik, Bolina aldean hegazkinak ibiltzen ziren egunero tarratada hotsean, beti (a)metrailatzen. Hegal guztiak (a)metrailatu zituzten. Hegazkinek motoristak (a)metrailatu gura zituzten. Motoristak kaminoko kantailen barruan ostuten ziren. Hala zeudela, osaba fraideari jaramon eginez, Julita eta bere izekoa Errigoitiko Uriko kobara joan ziren goizean goizeti babesaren bila pitxer bete esne hartuta. Han koba bete jende zegoen, Antzueneko izekoa ere hantxe zegoen. Errekan datorren ura edaten zuten, kutsatuta egongo zena.

  • Julita Iturri Gudariak Zabaleko baserrian afaritan eta lotan

    Julita Iturri Arrien (1924) Errigoiti

    Milizianoak baserritik irteteko eta ebakuatzeko esaten etortzen zitzaizkien, eta auzoko batzuk, Alberto eta, baserritik irten ziren, ganaduak eta dena eraman zuten, Gordejuelara. Baina eurei gudariek etxetik ez irteteko aholkua eman zieten, etxetik irten direnak txarto ikusi dituztela, eta etxean geratuz gero ez dietela ezer egingo. Gauez gudariak afaritan eta lotan geratu ziren euren baserrian, atea joko zuten lagunen zain. Julitaren izekoak oheak eta afaria ipini zizkien, eta tenedorkada bakoitzean pernil zati bi eta taloa jaten zuten. Gero, ohean zeudela, esan eta egin, atea jo. Aitak atea idegi, eta ate ostean badaezpada fusilarekin zegoen gudariaren gudari lagunak ziren, Sollube sutan zegoela eta arin egin behar zutela esanez. Ihesean eurekin eraman zuten baserrian zeukaten osaba Bitturio fraidea Algortara (Trinitarioen konbentua han), baserrian arriskuan zegoela eta. Estropezuka, harririk harri, ilargirik bako gauean eraman zuten. Algortan bertan ez, baina handik hurrean utzi ei zuten osaba Bitturio fraidea.

  • Julita Iturri Bala artean Kanu txakurra bere habian geldi-geldi

    Julita Iturri Arrien (1924) Errigoiti

    Koltxoia leihoetan ipinita eukiten zuten leihotik balarik sar ez zedin. Kanu txakurrak lehenengoan egin zituen ahausiak, pi! pi!, edo holako batzuk, balak hurreratzen zitzaizkionean, baina gero, bere habian ixilik, ahausirik ere ez, geldi-geldi. Julita ondo akordetan da Kanu txakurraz. “Ni ointxe be (oraintxe ere) akordetan naz ahausika bera” dio.

  • Julita Iturri Soldaduak ihesean eta auzokoak seme gudaria etxean gordeta

    Julita Iturri Arrien (1924) Errigoiti

    Goiko Tiadora (Teodora) eurenean zegoen une hartan. Bere gizona Santi eta Julitaren aita goizean goizetik Biontzolora joan ziren, eurei etxetik irteteko esanez gero, han lekua ote zeukaten jakiteko. Bitartean, euren izekoari arraroak iruditzen zitzaizkion goiz hartako lehenengo isiltasuna eta hurrengo soldaduen mobimendu arraroak, soldaduak okertu eta erratuta mobitzen zirela iruditu zitzaion. Eta gero, haor (hara hor)! Soldaduak euren etxe ondotik arrapaladan ihesean ikusten hasi ziren, gero eta soldadu gehiago arrapaladan ihesean, Bilbora nondik joaten den galdezka. Eta auzoko Alejok, tejabanan jarrita, soldaduei Bilbora nondik joaten den esaten zien. Alejo larri eta estu zegoen soldaduak bere etxera sar ez zitezen, gerran gudari-soldadu ibilitako semea, hil dalakoan, bere etxean zulo baten gordeta zeukalako.

  • Pilar Txopitea Bonbardaketak iraun zuen artean Arratzun I

    Pilar Txopitea Uribarri (1924) Gernika-Lumo

    Bonbardaketak iraun zuen artean baserrian egon zen, Arratzun. Antzinako etxe bat erre gabe geratu zen, eta aitak eraberritu zuenean, hara joan ziren. Ez zegoen ezer, zorriak bakarrik. 12 urte zituen Arratzura joan zirenean, familiakoek ez zieten uzten Errenteriara itzultzen, han hobeto egongo zirelakoan.

  • Pilar Txopitea Bonbardaketa osteko gertaerak

    Pilar Txopitea Uribarri (1924) Gernika-Lumo

    Gernika bonbardatu zuenetariko bat etorri zen Gernikako plazara, itzultzaile batekin. Esan omen zuen beraiek ez zutela erre Gernika, eta dirua bildu zutela Alemanian Gernikara bidaltzeko. Ez zuten dirurik ikusi Gernikan, agian dena Madrilen geratuko zela dio.

  • Pilar Txopitea Bonbardaketak iraun zuen artean Arratzun II

    Pilar Txopitea Uribarri (1924) Gernika-Lumo

    Bonbardaketa arratsaldeko hiruretan hasi zen, bazkaldu eta arrapaladan joan ziren baserrira, Arratzura. Zornotzan ere bota zituzten bonbak. Bonbardaketa ostean familien arteko liskarrak hasi ziren: elkar ezin ikusiak, haserreak...

  • Pilar Txopitea Errenteriako babeslekua

    Pilar Txopitea Uribarri (1924) Gernika-Lumo

    Errenterian babeslekua egin zuten, baina garaiko babeslekuak lau oholekin egiten zituzten. Ama Bilbon egon zen neskame, baina ez zuen gazteleraz ikasi.

  • Juan Muniozguren Gerrako kontuak, aita espetxean

    Juan Muniozguren Muniozguren (1935) Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz

    Gernikako bonbardaketaren egunean, ama ez zen azokara joan. Bi urte zituen Juanek. Aita espetxean egon zen, osabarekin eta auzoko batekin.

  • 541 Gerra Zibila Eskoriatzan

    Miren Zubia Zabala (1923) Eskoriatza

    Gerra garaiko kontuak. Milizianoak egon ziren lehenengo; gerora nazionalak sartu ziren. Tropen mobilizazioa. Anaiaren gorabeherak gerra garaian.

  • 541 Gerra Zibila; frontea Eskoriatzan

    Miren Zubia Zabala (1923) Eskoriatza

    Gerra garaiko bizipenak. Frontea Eskoriatza inguruan egon zeneko kontuak.

  • 541 Gerra Zibila Eskoriatzan

    Miren Zubia Zabala (1923) Eskoriatza

    Gerra garaiko kontuak Eskoriatzan. Jendea babeslekuetara joateko, sirenak jotzen zituzten. Bonbardaketak; hegazkinak.

  • 318 Plazentziarrak Gerra Zibilean

    Nikanor Iñurrieta Goikoetxea (1920) Soraluze

    Soraluzeko ezagun asko hil ziren gerran. Batailoi desberdinetan egon ziren plazentziarrak: Amuategin, Itxarkundian...

  • Begoña Zaldibar Uztailak 18, Santa Marina

    Begoña Zaldibar Oianguren (1926) Eibar

    Otxandioko jaiak ziren eta amandrearen etxean zeuden gerra hasi zenean. Bilboko lagun bat ere beraiekin zegoen. Santa Marina egunean ama eta Bilboko laguna plazara joan ziren; Begoña, anaia txikia eta amandrea, berriz, etxean. Bonbardaketa hasi zenean, altzoan anaia hartu eta baratzeak zeharkatuz beste baserri bateko kortan babestu ziren. Bitartean ama plazan, eta amandrea falta.

  • 360 Gerrara joan zeneko kontuak

    Inazio Lazkano Roteta (1924) Zarautz

    Gerrara joan zeneko kontuak. Urtezahar egunean abiatu zen; eta, Norteko trenean zihoala, txokea izan zuten tunel mutur baten kontra. Ferrolera joan ziren. Nolakoa izan zen bere hasiera soldaduskan. Geroago, Crucero Canarias ontzian enbarkatu zen. Bi kanoi handi zeramatzaten eta haiek lehertzeko beldurrez egoten zen. Bere osaba baten bitartez, Bilbora joan nahi izan zuen ministro batekin lan egitera. Instantzia egin zuen, baina ezezkoa eman zioten.

  • Gerrako babeslekua etxe ondoan

    Joxe Mari Zendoia Ugarte (1922) Ermua

    Gerra hasi zenean hamasei urte zituen. Ogi beltza jaten zen. Bonbardeoak ugariak ziren eta ezkutatuta ibiltzen ziren. Etxe ondoan zulo bat eginda zeukaten babesleku bezala.

  • Bittori Zarrabeitia Gernikako bonbardaketako kontu ugari

    Bittori Zarrabeitia Lauzirika (1926) Kortezubi

    Gernikako bonbardaketa hasi zenean, itaurrean zebilen bere neba batekin. Bermeotik etorri ziren aireplanoak trenbidetik, baxu-baxu, eskopetarekin harrapatzeko moduan. Lehenengo bonba Errenteria auzoko zubian bota zuten, baina ez zuten apurtu. Bere ama Gernikan egon zen plazan; eta, goizean aireplanoak ikusi zituenez, etxeranzko bidea hartu zuen. Babeslekuetan sartu zen jendea ere hil zen, bertara ere bonbak bota zituzten-eta. Gorpuak zeintzuk ziren jakin gabe palekin batu, eta kanposantura eraman zituzten. Soroan harrapatu zuen bonbardaketak eta bere nebak ganaduak hartu eta handik alde egin zuen alboko baso batera; bera, ostera, bertan gelditu zen beldurrez. Miliziano batzuk azaldu ziren eta zubipean sartu zuten babesteko; bertan egon zen iluntzera arte. Amamaz arduratuta egon zen, baina bere amama kobazulo batean babestu zen. Barrutiko etxe guztiak bete ziren Gernikatik alde egindako jendez.

  • Margarita Arrizabalaga Gerrako babeslekuak Ermuan

    Margarita Arrizabalaga Lauzirika (1928) Maria Angeles Arrizabalaga Lauzirika (1926) Ermua

    Umeak zirela ezagutu zuten gerra. Kanpaiek hegazkinen abisua jotzen zutenean kanpandorrera joateko agindua zuten haurrek, bonbak bertan botako ez zituztelakoan. Geltoki azpiko zubian babesleku bat ere zegoen eta gaur egungo jubilatuen etxe azpian beste bat.