Borroka
-
"¡Viva España!" oihuka Otxandion
Juan Kruz Garate Garate (1926) Otxandio
Frankismoaren aldeko gizon bat Otxandioko plazan oihuka aritu zen "¡Viva España! ¡Viva Cristo Rey!"; udaletxeko kartzelara eraman zuten, gerora atera egin zuten eta hurrengo egunean izan zen bonbardaketa Otxandion.
-
Bonbetatik ihesi
Juan Kruz Garate Garate (1926) Otxandio
Bonbardaketa ikusi zuteneko oroitzapenak gogoan ditu: zelaietan babestu ziren gauera arte; zaurituen bila etorri zirenean, jendeak Otxandiotik alde egin nahi izan zuen eta beraiek nola moldatu ziren azaltzen du.
-
Bonbardaketa lasaitzean, etxera
Juan Kruz Garate Garate (1926) Otxandio
Bonbardaketa apur bat lasaitu zenean, etxera itzuli zen beraien familia osoa. Bonba batzuk erori ziren baserri inguruan, eta txikizioak eragin zituen.
-
Senideak hil eta bera zaurituta
Juan Kruz Garate Garate (1926) Otxandio
Gerran, Alonsotegira joan ziren ardiekin. Bertan zeudela, bonben erasoek senide batzuk hil eta beraiek zauritu zituenekoa kontatzen du.
-
Hankako zainak ebakita
Juan Kruz Garate Garate (1926) Otxandio
Aurreko pasartearen jarraipena da. Gerran bonba baten metrailak hanka zauritu zion "Azeri"ri. Etxera bueltatu zen lehengusuarekin eta anaiarekin; eta, hanka garbitu ostean, zainak ebakita zituela ikusi zuten.
-
Cantabria, Teruel, Guadalajara... Sei urtez soldadu
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Cantabriako frontetik Lizarrara bidali zuten, "Regimiento [Arapili?] número siete"ra. Handik Teruelera joan zen, eta han bataila gogorrak bizi zituzten Muela mendian. Gero Guadalajara eta Singüesara eraman zituzten. Lizentziatu ostean, etxean zegoela, anaiaren partez berriro joan zen soldadu: beste 4-5 urtez egon zen, eta guztira sei urte egin zituen. Bigarren txanda horretan, beste gerra baten beldur ziren, eta hiru kinta mobilizatu zituzten. Sei urte egin zituen soldadu eta hiru urte inguru egon zen etxera etorri barik. Gutunak noizean behin idazten zituen.
-
Amaiur batailoiko Arrasate konpainiako gudaria
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Barakaldon Langileen Batailoietara eraman zituzten trintxerak egiteko. Hantxe bertan osotu eta altxatu zituzten fronterako kintak. 15 egun baino lehenago, fusila lepoan hartuta, Bizkargira joan ziren. Bizkargiko frontea gogorra izan zen, baina gogorragoak beste asko. Sollubetik Artxandara joan ziren gero. Batailoi guztiak euskaldunak ziren, beraiena Amaiur batailoiko Arrasate konpainia.
-
Ibarruritar asko hil zituzten gerran
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Euskal Herriko fronteak baino gogorragoak izan ziren Teruelgoak. Beldur-egoerara pertsona moldatu egiten dela dio Zeperinok. Inguruko asko hil ziren; auzorik auzo aipatzen ditu hildakoak eta desagertutakoak.
-
Fusilak eskuan
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Fusilak eta metrailadoreak erabiltzen zituzten; berak beti erabili zituen fusilak. Esku-bonbekin eta balekin hornituta joan ziren. Ez zuten inolako prestakuntzarik, baina ikasi beharrekoa arin ikasten ei da. Teruelgo frontea Muela mendian izan zen eta nagusitan hurbildu zen berriro bertara.
-
Hiru anaiatatik bat soldadutzatik libratzen zen
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Hainbeste urtean frontean eta soldadu ibili arren, sekula ez zen zauritu. Sei anaia egon ziren frontean. Zortzi anaia ziren eta bi libratu egin ziren, 3 anaiatatik bat libra baitzitekeen. Gurasoek erabakitzen zuten zein bidali eta zein mantendu etxean. Zeperino bigarren aldiz joan zen anaia bat ordezkatuz. Sekula ez da damutu horretaz, baina berriro ez luke egingo.
-
Trintxera-zuloetan lotan
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Teruelgo frontean, trintxera-zuloan motxila jarri eta bertan egiten zuten lo; lo egin zezaketenean, noski. Arerioen erasoetarako prest egon behar izaten zuten beti. Segurtasunerako, ez zuten ezer erabiltzen.
-
Anaiak anaien kontra
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Seguru asko anaiak anaien kontra aritu zirela dio, ezin jakin. Horrelako kasu asko egon ziren, bando ezberdinetan egoten baitziren. Tiroka zabiltzanean, ez dakizu nor jo edo nor hil dezakezun. Zeperinok ez zuen senitartekorik galdu, lehengusua larri zauritu zuten, baina aurrera atera zen.
-
Etxeandin banatzen zuten errazionamendua
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
1929-1941 arteko kinta guztiak joan ziren gerrara. Gerra sasoian herrian ez egon arren, gerraostea ezagutu zuen. Tabakoa, ogi beltza... errazionamenduan ematen zieten. Ibarrurin Etxeandin ematen zuten.
-
Gernikako bonbardaketako lekukoa
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Gernikako bonbardaketak bertan harrapatu zuen. Kaixao tabernan zegoela, jendea arineketan ikusita, Pasealeku azpiko babeslekuan ezkutatu ziren. Handik irteterakoan, dena sutan ikusi zuten eta etxeraino, Undaraino, oinez bueltatu ziren anaia eta biak. Babeslekura sartu eta segidan hasi ziren bonbak botatzen. Dentistarenera joan zen egun hartan. Ez zuen pentsatzen bizirik irtengo zirenik.
-
Gernikara trenez; etxekoen ardura
Zeperino Mandaluniz Gorroño (1918) Muxika
Gernikako bonbardaketako egunean, trenez joan ziren Gernikara. Sasoi hartan, Zugastietako tren-geltokia hurbil zegoela iruditzen zitzaien, ohikoa baitzen oinez joatea; Gernikaraino ere askotan joaten ziren oinez Undatik. Bonbardaketa ostean tren-zerbitzua bertan behera gelditu zen. Etxekoek Gernikako erasoa aurrez aurre ikusi zuten eta arduratan egon ziren zain.
-
Umeak ez ziren gerrako arriskuaz jabetzen
Felix Bilbao (1932) Morga
Gerra Zibila hasi zenean, bost urte zituen. 1932. urtean jaio zen, zezeilaren (otsaila) 29an, bisurtea zen eta umorez dioen moduan, lau urterik behin baino ez ditu betetzen urteak. Gerran etxe atzean zuten putzu batean ostendi (babesleku) bat egitea otu zitzaien gurasoei. Arrosarioa errezatzen egoten ziren bertan eta umeak ez ziren arriskuaz jabetzen, pozik begiratzen zien aireplanoei.
-
Frontearen lerroa baserri ondoan I
Eusebio Salegi Osa (1928) Mutriku
Baserri ondoan zulo bat egin zuten eta egunez bertara joaten ziren ezkutatzera. Soldaduak egunez baserri barruan egoten ziren eta gauean mendira igotzen ziren. Frontea baserri ondoan zegoen. Animaliak gabez atera egiten zituzten ere.
-
Frontearen lerroa baserri ondoan II
Eusebio Salegi Osa (1928) Mutriku
etxeko norbaitek Debara joan behar zuenean, soldaduek laguntzen zieten bidearen zati batean. Baserrian lau egunez soldaduak egon ziren baina alboko larreetan 18 bat egunez. Soldaduek balen zorroak ematen zizkieten. Debatik etorri ziren soldaduak. Frontea nondik nora zegoen kontatzen du.
-
Aita gerrara joateaz libratuta
Eusebio Salegi Osa (1928) Mutriku
Baserrian egondako soldaduak espainiarrak, euskaldunak eta nafarrak ziren. Hemezortzi urtetik gorako mutil eta gizonak gerrara eramaten zituzten. Beste baserriko bateko mutil batek ihes egin zuen eta 3-4 urtez egon zen kanpoan. Bere aita libratu egin zen gerrara joateaz.
-
Alkoleatik bonbak botatzen zituzten
Eusebio Salegi Osa (1928) Mutriku
Alkoleatik bonbak botatzen zituzten itsasontzi handi batekin. Baserritik gertu zegoen zulo batean ezkutatzen ziren. Gerrak iraun zuen denboran Mutrikun arrantzaleak ez ziren arrantzara ateratzen.


