Ekonomia gerraostean
-
Janari bila ibili, ostu edo trukatu
Roke Etxeberria Alkain (1928) Andoain
Fraideetan, 9etan sartzen ziren klasera. Roke, ordea, 7etan jaikitzen zen esne bila joateko. Morokila jaten zuten etxean. Errazionamenduan jasotzen zuten janaria banatu egiten zuten anai-arreben artean: Rokek gauerako gordetzen zuen, arrebak trukatu egiten zuen. Aitak baratzea zeukan, eta hango jeneroa jaten zuten. Eskola bukatutakoan, sagarrak ostera joaten ziren.
-
Zahatoa kendu mikeleteak
Tiburtzio Izagirre Arratibel () Ataun
Kontrabandoa aspalditik egiten zen Ataunen. Behin bazetorren bat Altsasutik zahato berria erosita. Bidean mikeletearekin topo egin eta tragoa edatera gonbidatu zuen, baina hala ere kendu egin zion zahatoa.
-
Altsasutik kontrabandoarekin
Tiburtzio Izagirre Arratibel () Ataun
Behin Laustierrekako batzuk Altsasutik bueltan zetozen han erositako gauzekin. Bidean mikeleteak irten eta dena kendu nahi izan zien baina batek ostikoz jo eta airean bota zuen. Udaletxera deitu zituzten arren, ez zuten zigorrik jaso. Izebak kontatzen zizkion horrelako istorioak.
-
Guardia zibilak etxez etxe sinadura eta txerriki bila
Martina Urretabizkaia Etxeberria (1936) Arama
Guardia zibilak etxez etxe ibiltzen ziren sinadura bila, eta bide batez eskegita zeuden txorixoak eskatzen zituzten. Baina amonak bazetozela sumatzean ezkutatu egiten zituen.
-
Bababarruna biltzera joandako emakumeen tranpak
Eugenio Iza Mujika (1935) Martina Urretabizkaia Etxeberria (1936) Arama
Garai hartan kanpoko emakumeak ibiltzen ziren babarrunak biltzen arto artean. Behin Martinaren aitak tranpak egiten harrapatu zituen bi emakume.
-
Agurainen mantentze aldera, erdara ikasten
Eugenio Iza Mujika (1935) Arama
Eugenio hamar urterekin morroi egon zen Agurainen, erdaraz ikastearen aitzakiarekin. Etxean anai-arreba asko ziren eta tripa bat gutxiago izatea omen zen benetako arrazoia.
-
Gerraostean garia eta babarruna entregatu egin behar
Gregorio Telleria Pagoaga (1929) Beasain
Lehen eguneroko jatekoak artoa (taloak), garia (ogia), babarruna eta txerrikia izaten ziren. Gregorio soldadutzan egon zen denboran errazionamendua eta ogi eskasia egon zen. Etxean jasotzen zen gariaren eta babarrunaren hainbesteko bat entregatu egin behar izaten zen.
-
Baba ez entregatzeagatik, saguek hartu
Mertxe Esnaola Zubeldia (1942) Lazkao
Gerra ostean beren etxean baba ezkutatu zuten, baina saguek dena zulatu eta birrinduta utzi zuten. Artajorran soldaduek tripa truke laguntzen zioten amari.
-
Gerra ondoan familia guztiak estu bizi ziren
Jabier Larralde Ustariz (1927) Baztan
Ia denak maizterrak zirenez, oso justu bizi ziren familiak. Gerra inguru hartan mandatuak egitera bidaltzen zuten bera. Errazionamendu kartila, txartelak... Etxalde handietako familiak ere nahikoa lan zuten bizitzeko.
-
Gerra ostean garia erein eta etxean eho
Bixente Lizaso Itxaso (1931) Urnieta
Gerra ostean, gosetea zela eta, garia erein izan zuten. Esku-errota txiki batez ehotzen zuten, ogia egin ahal izateko. Errazionamenduko ogiak ormigoiz egindakoa omen zirudien. Txerria hiltzea ere debekatuta zegoen. Oliorik ere ez zen. Bera mutikoa zen gerra hasi zenean.
-
Urarekin arrautzak frijitzen
Bixente Lizaso Itxaso (1931) Urnieta
Gerra ondorena oso gogorra izan zen. Gosea. Oliorik ez arrautzak frijitzeko. Urarekin aproba egin zuen amonak. Goiz-garia ereiten zuten eta haren ondoan artoa: horrela bi uzta hartzen zituzten.
-
Ergobira astoarekin joan zeneko estutasunak
Bixente Lizaso Itxaso (1931) Urnieta
Bixente, zazpi urte zituela, astoarekin joan zen Ergobira babarruna eramatera. Hartu behar zuenak seinalea egin zion eskuarekin, baina karabineroa zela pentsatuta ihesari eman zion Bixentek.
-
Baserrian beti zegoen jateko zerbait
Dolores Uribe Otegi (1937) Otxandio
Goserik ez zuen ezagutu. Ardi zezina eta babarrun lapikoa ez ziren inoiz falta, eta gazta ere egiten zuten etxean. Orain haina barazki ez zuten jaten orduan. Eskolarako motxila aitaren praka barrenekin egindako poltsa bat izaten zen. Eskolatik bueltan errazionamenduko ogia eramaten zuen etxera.
-
Errazionamendua
Dolores Uribe Otegi (1937) Otxandio
Goserik ez zuten pasatzen, baina gauza berriak jateko gogoa izaten zuten. Errazionamenduko gauzak hartzera kalera joaten ziren bakoitza bere txartelarekin. Ogi, olio, azukre edo txokolatea (adreiluen parekoa omen zen) hartu ahal izaten zuten.
-
Miaketa eta beldurra
Ana Etxaide Itarte (1936) Donostia
Bere anaia Jon kartzelan izan zen aldizkari batzuk zabaltzeagatik. Miaketa egitera etorri ziren etxera behin. Beldurrez izaten ziren etxean miaketa gehiago izango ote zituzten, baita etxean zuten elikagai biltegitxoagatik ere, ezkutuan ekarritakoak izaten baitziren.
-
Errazionamenduarekin ogi gutxi
Ana Etxaide Itarte (1936) Donostia
Ogia etxean egiten zuten. Irina zahiarekin nahasten zuten astebarruan eta igandetan ogi zuri-zuria jaten zuten. Errazionamenduan hiru kartilla mota zeuden eta beraiek lehen mailakoa zuten eta ogi gutxiago jasotzen zuten.
-
Errazionamendua; Barrutin lurperatutako militarra
Bittori Zarrabeitia Lauzirika (1926) Kortezubi
Errazionamendua zer zer azaltzen du. Herriko hainbat txokotan banatzen zuten: Ganen, Barrutin, Elizalden... Behin, militarrak sartzerakoan, bere amama taloak egiten egon zen eta talo guztiak jan zizkieten. Orduan, izekoren dendan gaileta-kutxa bat hartu eta handik alde egin zuten. Horietako militar bat hil egin zuten eta bertan lurperatu, Patxikoneko ortuan. Zehatz-mehatz daki zein den lurperatutako leku hori.
-
Fielatoa
Juana Bilbao Bolunburu (1933) Lezama
Bilbo eta Txorierri artean, Santo Domingon, baserriko produktuekin kontrabandoan ez aritzeko, fielatoa zegoen, produktu batzuk debekatuta baitzeuden. Handik pasatzean, baserritarren jeneroa begiratzen zen.
-
Barrutin bizi zen militarra
Bittori Zarrabeitia Lauzirika (1926) Kortezubi
Errazionamenduan, produktu ugari jasotzen zituzten; eta jasotakoa ezkutatuta eramaten zuten, ez konfiskatzeko. Barrutin militar bat bizi zen; eta, lau ume zituenez, Bittoriren ortutik eta solotik-eta gura zutena hartzen zuten. Militar horrek bertatik pasatzen zen jendeari konfiskatu egiten zien, baina beraiei ez.
-
Hamar urterekin estraperloan
Jose Manuel Susperregi Zabala (1932) Lezo
Zortzi urte betetzear zela aita hil eta Susperregira bizitzera joan zen. Gaueko lanera ohitu behar izan zuen, baina kontatzen duenez, ez gorriak ikusi gabe. Ogia ekarri behar izaten zuen Nafarroatik, ezkutuan, baina bide aldapatsuek, zamak eta iluntasunak ez zioten jardunik errazten.