Gerraren eragina
-
Oiartzungo konbentua erietxe gerran
Mari Cruz Velez de Mendizabal Arana (1912) Arrasate
Gerra garaian Oiartzunen zegoen. Irundik herria bonbardatzen zuten eta haien etxea ere jo zuen bonba batek. Emakume soldaduak gogoan ditu, beldurtu egiten zen haiekin. Zaurituak sendatzen aritzen ziren.
-
Gerran soldaduak etxeetan
Maria Igartza (1915) Antzuola
Telleria larrugintza-lantegiko seme bat gerran hil zen zalditik jausita. Soldaduak etxe ezberdinetan egon ziren, beraienean bi nafar.
-
Gerraren eragina
Angeli Telleria () Antzuola
Gerra Zibila oso presente zuen Angelitak elkarrizketa garaian. Eibarko mutil gazte bat zelan fusilatu zuten gogoan zuen. Antzuolako kanposantuan lurperatu zuten mutil hori. Antzuola gerraren ondorioz zigortutako herria zela dio. Beraien etxean lau bat soldadu egoten ziren lotan.
-
Elgetako Urbedeinkatu baserrian ebakuatuta
Zipriano Askasibar Sagastigutxia (1927) Zaldibar
Gerra sasoian, Zipriano Elgetan egon zen. Urbedeinkatu baserrira ebakuatu zituzten, orain presa dagoen lekura. Urritik apirilera egon ziren bertan. Aita Olarreagan egon zen, beharrean.
-
Eibar hutsik Franco sartu zenean
Zipriano Askasibar Sagastigutxia (1927) Zaldibar
Franco Eibarren sartu zenean, Ziprianoren aita koinatuaren bila joan zen Eibarrera, ez zen etxean ageri eta. Egun horretan zazpi pertsona baino ez zituen ikusi Eibarko kaleetan. Batzuek hanka egin zuten eta enpresak ere Bilbo aldera mugitu behar izan ziren.
-
Gerraosteko eskola
Zipriano Askasibar Sagastigutxia (1927) Zaldibar
Gerraostean ez zuten maisurik eduki, eskola zeozer zeukan bat jarri zuten maisutzat. Orduan zigor gogorrak edukitzen zituzten. Aldaketa asko egon zen eskolan gerraostean.
-
Gerra garaian gatzura jateko
Balentina Lizarralde Eskibel (1928) Antzuola
Gerra garaian kanpoko jendea izan zuten etxean. Garai hartan normalean txerrientzako zen gatzura ere aprobetxatzen zuten jateko.
-
Francok hiri bat hartzerakoan, kanpaiak jotzen zituzten
Mahai-ingurua Antzuolan 1 () Antzuola
Asentziok dio, gerra garaian hiriren bat hartzen zutenean kanpaiak jotzen zituzten. Bartzelona hartu zutenean, ardo zahagia ere izan zuten denentzako. Beste behin don Eusebiok ez zien utzi sartzen eta aguazilarekin sartu ziren azkenean. Don Eusebio eta aguazila lehengusuak ziren, baina politika kontuan arerioak. Don Luisek sermoian "bombardeos gloriosos" eta "bombardeos kriminales" desberdintzen zituen.
-
Eskolan bandera jaso eta abestu behar
Mahai-ingurua Antzuolan 1 () Antzuola
Eskola txikira falangearen txapelarekin joaten ziren. Neskak eta mutilak bananduta egoten ziren. Eskolara sartu aurretik bandera jaso eta kantu patriotikoak abesten zituzten.
-
Uzarragako eskola eta maisua
Arsenio Irazabalbeitia Araiztegi (1930) Antzuola
Uzarraga auzoko eskolan hasi zen sei urterekin, gerra hasi berritan. Joxe Mari Agirre zen Uzarragako maisua, sakristaua eta ile-apaintzailea, eta emazte sukaldariarekin batera taberna-jatetxea kudeatzen zuten auzoan.
-
Uzarragako eskola eta Bergarako eskola partikularrak
Arsenio Irazabalbeitia Araiztegi (1930) Antzuola
Gerra garaia bazen ere, Uzarragan eskolak ez ziren eten herrian eta beste auzo batzuetan gertatu zen moduan. Gauzak horrela, herriko eta beste auzo batzuetako umeak ere joaten ziren Uzarragako eskolara. Guztira 60 ume inguru ibiltzen ziren auzo-eskolan: adin ezberdinetako neska-mutilak gela berean. Idatzi eta irakurri gaztelaniaz egiten zuten, baina maisuak azalpenak euskaraz ematen zizkien. 11 urterekin hasi eta hiru negutan Bergarara joan zen eskola partikularrak jasotzera.
-
Ama ezin Antzuolara bueltatu
Gregorio Madariaga Lamariano (1930) Antzuola
Gerra garaian aitita Antzuolako alkatea zen eta familiako kideak herritik bota zituzten. Bere ama ere bota zutenez, erbestetik bueltan ezin izan zuen herrira sartu eta Zeraingo baserri batean egon zen. Beraiek, umeak, osaba-izekoekin egon ziren bitarte horretan.
-
Ama bisitatzeko salbokonduktoa falangean eskatu behar
Gregorio Madariaga Lamariano (1930) Antzuola
Gerra zela-eta, amak ezin izan zuen herrira sartu eta zeraingo baserri batean egon zen bizitzen. Ama bisitatzera joateko aitak salbokonduktoa behar zuen. Falangera joan behar zen eskatzera.
-
Lapurretak eta dirua entregatu beharra
Maria Larrañaga Orbea (1921) Antzuola
Gerra denborako oroitzapenak. Antzuolan frontea egon zen denboran, erreketeek abereak (ardiak, oiloak...) lapurtu zizkien. Erreketeen aginduz Mariaren aitak dirua entregatu behar izan zuen udaletxean, eta diru gabe geratu ziren. Auzokoren batek salatu zuela zion Mariaren aitak: izan ere, koinatua abertzalea zen, eta hari eman zion botua.
-
Gosea, gerra denboran
Florentino Legorburu Etxebeste (1930) Pasaia
Gerraren eraginari buruz hitz egiten du. Eskuzko errota txiki batekin txikitzen zuten artoa. Esne nahikoa zuten baserrian. "Gosea ezagutu dugu, baina ez kalekoek bizitako modukoa".
-
Soldaduak, lapurretan
Florentino Legorburu Etxebeste (1930) Pasaia
Arrokaundietan bizi zirela, soldaduek (trabajadoreek) arbia eta esnea harrapatzen zien. Florentinoren aitak lapurretan harrapatu, baserrira eraman eta behar zutena eskatzeko esan zien, ez lapurretan aritzeko. Donibanen ibiltzen ziren soldaduei buruzko kontuak.
-
Gerrako itsasontziak
Xeberiano Sistiaga Legorburu (1921) Pasaia
Gerrako barku, minaketari, destruktore, itsaspeko eta ur-hegazkinak ditu hizpide. Gerra denboran, nazionalek Galerna itsasontzia kanoiarekin ibili zuten. Virgen de Chamorro eta Franco ur-hegazkinak nola pasatzen ziren gogoratzen du. Itsasontzietatik jaurtitako kanoikadak...
-
Sirena jo, jendea gordetzeko
Manoli Calafel Trecet (1931) Pasaia
Gerra garaiko oroitzapenak. Erreketeak. Abiazioa somatzen zutenean, beheko sotoan ezkutatzen ziren. Sirena jotzen zuten jendea gorde zedin. Jendea mendi azpiko zuloetatik Hondarribiko partera pasatzen zen.
-
Gerra hasiera
Santio Garmendia Garmendia (1914) Abaltzisketa
Nafarrak, falangea eta erreketeak aipatzen ditu. Gerra hasi zen egunean, lagun batekin basoan zebilen harria ateratzen, eta kanoi baten tiroaren soinua entzun zuten. Gaintzatik Abaltzisketara bota zuten kanoikadak Amezketan egin zuen eztanda. Kanoiaren bigarren tiroak soroan zuloa egin zuen; eta, hura entzundakoan, behiak bildu eta etxera bueltatu ziren. Soldaduak Larraitzen egon ziren egun batzuetan, eta gero etxeetara joan ziren mutilen bila. Soldaduak pertsona garbiak zirela uste du.
-
Goroetako eskola eta maisuak
Pedro Urteaga Arregi (1931) Aretxabaleta
Goroetako eskolan ikasi zuen, Don Genaro Unda maisuarekin lehenengo, eta Don Bonifacio Arenazekin geroago. Don "Boni"ren jatorri bitxia azaltzen digu. Nazionalek Etxebarri etxean izan omen zuten biltegia gerra garaian. Dotrina eta hiru erregelak ikasi zituzten eskolan. Gerra denboran ez zuten eskola askorik izan.


