Gerraren eragina
-
Sirena jo, jendea gordetzeko
Manoli Calafel Trecet (1931) Pasaia
Gerra garaiko oroitzapenak. Erreketeak. Abiazioa somatzen zutenean, beheko sotoan ezkutatzen ziren. Sirena jotzen zuten jendea gorde zedin. Jendea mendi azpiko zuloetatik Hondarribiko partera pasatzen zen.
-
Gerra hasiera
Santio Garmendia Garmendia (1914) Abaltzisketa
Nafarrak, falangea eta erreketeak aipatzen ditu. Gerra hasi zen egunean, lagun batekin basoan zebilen harria ateratzen, eta kanoi baten tiroaren soinua entzun zuten. Gaintzatik Abaltzisketara bota zuten kanoikadak Amezketan egin zuen eztanda. Kanoiaren bigarren tiroak soroan zuloa egin zuen; eta, hura entzundakoan, behiak bildu eta etxera bueltatu ziren. Soldaduak Larraitzen egon ziren egun batzuetan, eta gero etxeetara joan ziren mutilen bila. Soldaduak pertsona garbiak zirela uste du.
-
Goroetako eskola eta maisuak
Pedro Urteaga Arregi (1931) Aretxabaleta
Goroetako eskolan ikasi zuen, Don Genaro Unda maisuarekin lehenengo, eta Don Bonifacio Arenazekin geroago. Don "Boni"ren jatorri bitxia azaltzen digu. Nazionalek Etxebarri etxean izan omen zuten biltegia gerra garaian. Dotrina eta hiru erregelak ikasi zituzten eskolan. Gerra denboran ez zuten eskola askorik izan.
-
Ama "plantxadora" eta neskame
Ines Lezea Txurruka (1932) Mutriku
Gerra denborako kontuak. Inesen ama "plantxadora" (lisatzailea) zen: Eibarko Hotel Comerciorako arropak garbitu eta lisatzen zituen etxean. Gero, militar baten etxean neskame egon zen Bergaran. Domeketan bueltatzen zen ama etxera. Denbora horretan, Ines bizilagun baten etxean egon zen.
-
9 urte zituela, gerra hasi
Kandido Urreizti Osa (1926) Mutriku
Kandidok bederatzi urte zituela, gerra hasi zen. Gerraren eraginez bizitza, giroa aldatu egin zela dio. Soldadu italiarren tropa bat Erdiko Kalean egon zen, maristen eskolan. Eskolako patioan eta frontoian egiten zituzten instrukzioak. Sabanika kalean bizi zen mikelete bat eta haren familia gerra denboran Zarautzera joan ziren.
-
Gerra ezagutu eta "gerran" jolastu
Kandido Urreizti Osa (1926) Mutriku
Gerra giroan, mutil kozkorrak ere "gerran" jolasten zuten. Tiragomarekin eta "aballiarekin" ibiltzen ziren jolasean. Jolasean ari zirela lagun bati harriarekin buruan jo zioneko pasadizoa kontatzen du.
-
Harriak bekokian jo
Kandido Urreizti Osa (1926) Mutriku
Gerra giroan, mutil kozkorrek "gerran" jolasten zuten. Tiragomarekin eta "aballiarekin" ibiltzen ziren jolasean. Tiragomarekin botatako harri batek kopetan jo zion Kandidori.
-
Soldaduei ogia lapurtu
Kandido Urreizti Osa (1926) Mutriku
Gerra denborako kontuak. Erdiko kalean soldadu italiarrak egon ziren. Jateko faltan, soldaduei ogia lapurtzen zien.
-
Leandra eta ama "gorriekin" eta aita eta anaia erreketeekin
Leandra Elizburu Bilbao (1923) Aretxabaleta
13 urte zituen gerra hasi zenean. Aita eta anaia ganadua eramatera joan ziren eta bera etxean geratu zen amarekin. "Gorriak" iritsi ziren baserrira eta beraiekin eraman zituzten Leandra eta ama; aita eta anaia, berriz, erreketeekin geratu ziren eta lau hilabetean ez zuten elkarren berririk izan. Ama eta biak etxera itzuli zirenean, etxea hutsik topatu zuten. Arrasatera eta Gasteizera joan behar izan zuten deklaratzera hiru egunetan; eta, handik etxeratu zirenean, anaia eta aita aurkitu zituzten etxean. Haiek Zuatzubizkar baserrian egonak ziren morroi garai horretan.
-
Gerra denboran eskolarik ez
Pilar Azkarretazabal Bengoa (1924) Aretxabaleta
Gerra garaian, bonbardaketak zirela-eta, ezin izan zuten eskolara joan. Eskoriatzatik etorritako moja batzuek ematen zuten eskola. Irakasle euskaldun gutxi egon ziren, eta eskola beti erdaraz izaten zen. Dotrina ikastera ere joaten ziren. Hijas de María kongregazioan egon zenean, goizeko sei eta erdietan ematen zieten meza. Elizako kanpai hotsekin esnatzen ziren.
-
Sollubeko eta Matxitxakoko erasoak
Anita Larrauri Anasagasti (1931) Bitore Urkijo Egarista (1925) Bermeo
Gerran gauza asko ikusi zituzten: zaurituak, hildakoak... Etxeetan ere gudariak izaten zituzten. Gudari gehienak "goittarrak", gipuzkoarrak, ziren. Matxitxakoko bataila Talatik ikusi zuten eta kanoien zaratak altu entzuten ziren.
-
Milizianoak ez osteko zaintzan
Katalin Bengoa Madariaga (1917) Soledad Luno Arenaza (1922) Bermeo
Errepublikanoek beraien kafetegia zuten Lameran. Gerraostean, gose garaian, milizianoak soloak eta jatekoak jagoten egoten ziren lapurretarik ez izateko. Baina, behin, Soledadek portuan ikusi zuen bat atun lata bat hartzen eta berak ere hartu zuen, eskubidea zuelakoan.
-
'Pirenaica' irratia entzuten
Anita Larrauri Anasagasti (1931) Bermeo
Telefunken irratia zuten eta haren bidez jakiten zituzten politikako gauzak. Pirenaica irratia baxu-baxu ipinita entzuten zuten. Nazionalistak izan dira beti.
-
Herrira itzuli eta etxea hutsik topatu
Jesus Aranburu Oskoz (1918) Errenteria
Gerra Zibilean herrietan geratu zen jendea ihesi joandakoen etxeetan sartu eta hustu egiten zituztela dio Jesusek. Hustutako etxeen jabeak itzuli eta etxea hutsik topatzean, isilik egon behar, ordea.
-
Milizianoak etxean
Luis Izagirre Belategi (1924) Elorrio
Frontea etorri zenean eskolak zarratu egin ziren. Baserrian ondo zeudela dio Luisek. Milizianoak baserrira joaten ziren hamabostetik behin-edo, jan bila. Haietariko bat Hondarribiko Sabino zen. Bere amak artoa, ogia... ematen zien tabako truke, bere aitak tabakoa erretzen baitzuen.
-
"Señor guardia, estas dos son peligrosas"
Bitore Urkijo Egarista (1925) Bermeo
Gerra hasi zenean, Bitoreren ama preso hartu zuten eta bera egin zen ahizpa gaztearen kargu. Batzokia falangistek zuten hartuta eta bertara joan behar izaten zuten jateko bila, baina "Señor guardia, estas dos son peligrosas" entzun eta etxera bueltatu behar izan zuten jan barik. Fabrika batera joaten ziren jateko bila, kokoduna ere berdin-berdin jaten zuten.
-
Egur bila, dirua lortzeko
Bitore Urkijo Egarista (1925) Bermeo
12 urterekin basora joaten zen Bitore egur bila, hura saldu eta diru apur bat lortzeko. Basotik bertatik ikusi zuen Gernikako bonbardaketa. Bere ahizpa Josefinetara joaten zen ikastetxera, beti gosez. Gose handia ezagutu zuten.
-
Nagusiek herritik alde egin, eta txikiak bakarrik gelditu
Bitore Urkijo Egarista (1925) Bermeo
Soldadu italiar asko egon ziren Bermeon, baina horiek ez ziren txarrenak. Eurak be gezur bidez ekarri zituztela dio. Bere etxekoek salbokondukto barik egin zuten alde Santanderrera eta Frantziara. Euskaldun asko egon ziren batera. Bitorek ere alde egin nahi izan zuen, baina ahizpa txikiarekin gelditu behar izan zuen etxean; aita nagusienekin joan zen.
-
Gudariak jipoitu ostean, Tonpoitik botatzen zituzten
Luzia Larrozea Estibaliz (1920) Bermeo
Batzokia errekisatuta izan zuten soldaduek. Eta Luzia bertako soldadu italiarren zikinkeriak garbitzera behartu zuten. Batzokian bertan, gudari asko ikusi zituen jipoitzen; jipoitu ostean Tonpoitik behera botatzen zituzten.
-
Gerra garaiko egoera: baserria jendez beteta
Zezilia Arenaza Altuna (1922) Aretxabaleta
Baserria nolakoa zen: logelak. Gerra garaian 25 lagun egon ziren baserrian bizitzen. Bonbardaketak Arrasaten. Kaletik etorritako hainbat familia hartu zituzten beraienean. Kaletik ekartzen zuten ogia, baba-lapikoa...


