Gerraren eragina
-
Eskolara joateko zaletasuna eta amaren babesa
Jesusa Aranguren Olazabal (1910) Azpeitia
Itulan egitea zer zen azaltzen du. Berari ez zitzaion gustatzen baserriko lana, eta eskolara joan nahi izaten zuen. Amari esker joan ahal izaten zen, aitak ez baitzion garrantzi handirik ematen hezkuntzari. Aita bera auzoko alkatea izan zen, baina ez zekien idazten eta irakurtzen. Jesusa ikasle ona zenez, Olatzeko eskolan ibili eta gero, jesuitinatara bidali zuten ikastera; eta, gerora, gerra hasi artean, andereño izan zen. Asko gustatzen zitzaion umeekin lan egitea.
-
Bokaziozko andereñoa, dena ematen zuena umeen alde
Jesusa Aranguren Olazabal (1910) Azpeitia
Eskola txikiegia zen hainbeste umerentzat, eta bazirudienean handitu egingo zutela, gerra iritsi, eta bertan behera gelditu zen asmoa. Beraiek euskaraz eta erdaraz irakasten zuten, txikienek ez baitzekiten erdaraz hitz egiten ere. Berak zer erakusten zuen azaltzen du. Umeek maite zuten Jesusa. Gerra iritsitakoan, beste maistra batzuk jarri zituzten, eta eskola pixkanaka beheraka joan zen, desagertu egin zen arte.
-
Eskolan josten ikasten
Francisca Seberiana Larrañaga Zubiaurre (1922) Azpeitia
Eskolan josten ikasten zuten. Zer josi zuen eta zer tresna erabiltzen zituen azaltzen du. Josten ikasteko materiala etxetik eramaten zuten. Normalean abizenaren hasierako letra bordatzen zuten. Gerra garaian, askotan ezin izaten zuten eskolara joan, eta baserriko ganbaran ibiltzen ziren bordatzen.
-
Gerra garaian, guardia zibilekin tratu ona
Francisca Seberiana Larrañaga Zubiaurre (1922) Azpeitia
Gerra Zibilari buruzko oroitzapenak kontatzen ditu: guardia zibilak astero etortzen zitzaizkien etxera, eta ondo moldatzen ziren haiekin. Kuartela non zegoen eta zertarako pasatzen ziren guardia zibilak aipatzen du.
-
Lehengusuen baserrira, bonben beldurrez
Inazio Albizuri Etxaniz (1928) Azpeitia
Bonben beldurrez, ihes egin zuten baserritik. Lehengusuen baserrian, Agiten, 15 egun pasa zituzten. Baserri hori bakartuta zegoen. Beren baserrira ez zuten bonbarik bota, baina Loiolara bai. Loiolan milizianoak egon ziren, eta bertan zuten janarien gordailua.
-
Gortina atzetik soldaduei begira
Joxe Mari Aristi Garate (1930) Azpeitia
Gerra denboran, sei urte zituen. Beasain aldetik zetorren soldadu kuadrilla Urrestillatik pasatu zela gogoratzen du. Bera gortina atzetik begira egon zen soldaduak pasatzen ziren bitartean. Soldaduak Urrestillako plazan bildu ziren janaren banaketa egiteko: kontserbak ematen zizkien.
-
Frontoian, kuartela
Begoña Gabilondo Etxaniz (1921) Azkoitia
Frontoian kuartela jarri zuten. Hiru konpainia egoten ziren Azkoitian. Atzeguardiako herria zen. Jangela plazako Zelaia jauregian jarri zuten, eta frontoian egiten zuten lo. Taberna bat eta pisu bat... karlistek nahi zituztenak hartu zituzten. Errekisatu. Gero batzuek barkamen eske ere joan ziren. Baina inork ez zuen gerra irabazi.
-
Gerratik ihesi
Maria Rosario Iradi Abalabide (1933) Hernani
Hiru urte zituela hasi zen gerra eta oso oroitzapen txarra dauka. Baserritik alde egin behar izan zuten, tiroketen ondorioz. Osinagan hamaika egun pasatu zituzten berrogei lagunek.
-
Gerragatik alde egin zutenekoa
Maria Rosario Iradi Abalabide (1933) Hernani
Anai zaharrena eta beste bi gerran soldadu aritu ziren. Gogoan du etxetik ateratzeko momentua nolakoa izan zen. Auzokoekin harreman estua izan zuten.
-
Gerra garaian bazuten elkarren berri
Telesforo Oiarbide Zabaleta (1923) Hernani
Gerra garaian ere jakitzen zen baztarretan gertatutakoaren berri. Egunkariek ere zabaltzen zituzten berriak. Gernikatik inguruko baserri batera ihesi etorri ziren eta berak baserriko lanak egiten zizkien, morroi moduan.
-
Makiak etxe inguruan
Pepi Agirre Perurena (1938) Hernani
Makiak Iyolara etortzen zirela gogoan du. Atea itxita izaten zuten, ikaraz. Eskatu egiten zutela uste du, gosez. Talo asko egin eta jana da, baina ez zitzaion asko gustatzen. Aranoko errotatik ekartzen zuten irina, baita Pagoagatik ere. Gainontzean babarruna, oilaskoa eta txerria izaten zuten, baita bakailaua ere.
-
Hegazkinak zetozenean, ezkutura
Iñaxi Imaz Etxeberria (1932) Hernani
Gerra garaian hegazkinak pasatzen zirela eta, ezkutatzeko esaten zioten gurasoek. Gerraostean taloa jaten zuten. Amak ogia estraperloan ekarri zuenekoa kontatzen du.
-
Gerrako bizipenak
Ixabel Zubillaga Huici (1930) Hernani
Gerra hasi zen urtean hil zitzaion aita, Ixabelek sei urte zituela. Gerra hasi zenean, bi anai zaharrenak Aranora bidali zituzten. Bonbak herrira erortzen zirenez, jendeak alde egin zuen Hernanitik. Ixabel eta anai gazteena etxean geratu ziren, baina egun batzuk Ereñotzun pasatu zituzten.
-
Gerra garaiko babeslekuak
Ixabel Zubillaga Huici (1930) Hernani
Gerra garaian babeslekura joaten ziren sirenak jotakoan, etxearen azpikaldera edo Lizeagako altzari lantegira.
-
Agustina Martikorenarekin klase partikularrak
Milagros Zeberio Aranburu (1921) Hernani
Gerra etorri zenean, hamabost urte zituen eta ikastetxea itxi egin zutenez, Agustina Martikorena maistrarekin partikularretan ibili zen. Bost ikaskide ziren, denak neskak, eta haien izenak esaten ditu.
-
Obusa etxe ingurura bota zutenekoa
Milagros Zeberio Aranburu (1921) Hernani
Erreketeak Hernanira etorri zirenean nabaritu zuten gerra hasi zela. Urnietatik obusak botatzen zituzten Hernanira. Geltoki aldera edo Ergobi aldera erortzen ziren. Oriamenditik ere botatzen zituzten. Etxe ingurura erori zen bat. Argindegikoak etxean hartu zituzten, arriskuan bizi baitziren.
-
Tiro hotsak: pakun-pakun
Milagros Zeberio Aranburu (1921) Hernani
Agerreko osaba gerrara eraman zuten, lau ume txiki zituela. Hura Valderroblesen (Huesca) hil zuten. Tiroek "pakun! Pakun!" egiten zutela gogoan du. Donostiara esnea eramatera joateko bidez aldatu behar izan zuten.
-
Gerra garaiko oroitzapenak
Antonio Errazkin Beldarrain (1932) Hernani
Gizon asko eskopetekin etorri zirela gogoan du eta etxeko eskopetak kendu zizkietela. Negar egin zuen.
-
Ama atxilotu zutenekoa
Tere Arregi Letamendi (1932) Arrasate
Gerra denboran, Oñatiko bizilagun batek Tereren ama salatu zuenekoa kontatzen du. Kuartelean zela, Donostian bizi ziren garaitik ezagutzen zituen militar batzuei esker aske utzi zuten ama.
-
Garbitokiko giroa
Tere Arregi Letamendi (1932) Arrasate
Garbitokian zer giro sortzen zen kontatzen du. Kontuz ibili behar izaten zen politika kontuez hitz egiterakoan.


