Borroka
-
Gerra garaian Santanderreraino ihesean
Miren Zubikarai Larreategi (1933) Ondarroa
Bi lehengusu Bilbon Itsasalde batailoira joan ziren boluntario. Aita eta aitita ere boluntario joan ziren Markinara, intendentzian jendea behar zutela eta. Jatekoaz arduratzen ziren. Intendentzia lehenbizi Mungiara eta gero Gernikara mugitu zuten. Eurak ere Gernikara joan ziren, Lekeitio berehala hartuko zutela jakin zutenean. Handik Bilbora alde egin zuten. Amari umeak barkuan atzerrira bidaltzea proposatu zioten, baina ez zuen nahi izan. Ospitalean zegoen aitita jaso, umeak hartu eta ihesean Santanderreraino joan ziren. Han Euzko Jaurlaritzak ipinitako barkuetan Frantziara eraman zituzten. Han ez zituztela nahi eta trenean Bartzelonara bidali zituzten.
-
Amuategi batailoiaren izena Salvadorren aititaren omenez
Salvador Marzana Amuategui (1918) Eibar
Nahiz eta gerra garaian Sozialistek elizaren aurkako ekintzak burutzen zituztela ezaguna zen, hemen kontrako fenomenoa ematen zela kontatzen du Salvadorrek. "Juventudes Unificadas" batailoiko kide zen Salvador. Sozialistak eta Komunistak batzen zituen. Batailoi hari "Amuategi" izena Salvadorren aitonarengandik (Akilino Amuategi) zetorkion. Musikari eta politiko aparta, mitinak euskaraz egiteagatik izan zen ezaguna.
-
Munizio desberdinari buruzko azalpenak
Salvador Marzana Amuategui (1918) Eibar
Munizio desberdinari buruzko azalpenak: "trazadoras", "rompedoras"... Goizeko lauretan jaikitzen ziren hegazkinek eraman behar zituzten munizioak prestatzeko.
-
"Comité de No Intervención" zelakoaren traizioa
Salvador Marzana Amuategui (1918) Eibar
Gerra zibilaren ia amaierara bitartean irabazle irtengo zirenaren ustea zuten. Hala ere, Frantziako gobernuak Francoren alde agertu etaTxekiarrek eta Errusiarrek alde egin zutenean, babesik gabe geratu zirela kontatzen du. Francok aldiz, Italiar, Alemaniar etab. en babesarekin jarraitu zuen aurrera. "Comité de No intervención" zelakoaren traizioaren erruz galdu zutela dio Salvadorrek. 500 hegazkin zituzten Frantziako mugan erasorako prest baina, pilotu eta mekanikoak konzentrazio-esparruan preso hartu zituztela kontatzen du haiek erabilgaitz utziz.
-
Bonbak etxafuegoak zirelakoan
Jesus Astola Nafarrete (1933) Maria Pilar Astola Nafarrete (1939) Legutio
Bonbardaketa batean beraien senitarteko batek bonbak etxafuegoak zirela pentsatu zuen. Ignorantzia handia zegoela diote.
-
Zegamatik gerraren nondik norakoak ikusten
Antonio Guridi Aierbe (1921) Zegama
Gerra ezagutu zuen. Zegaman tiro-saioak egon ziren. Falangistak etortzen ziren, haien janzkera deskribatzen du. Falangistek baserritik ebakuatu egin zituzten, ganadu eta guzti. Bizkaia aldean gerra gogorra izan zen; beraiek menditik ikusten zuten, eta beldurgarria izaten zen. Lasarteko hipodromoan abiazio-zelaia zegoen. Zegaman trintxerak bazeuden eta nolakoak ziren azaltzen du.
-
Errepublikako giroa eta gerra hasiera
Antonio Guridi Aierbe (1921) Zegama
Eskolara zihoanean, errepublika etorri zen. Garai hartan, debekatu egin zieten apaizei eskolara doktrina ematera joatea. Eskuinekoak armatu egin ziren eta Nafarroan altxamendua izan zen. Borrokak non izan ziren azaltzen du.
-
Gerran jende asko hil, baina bera soldadu joatetik libratu
Antonio Guridi Aierbe (1921) Zegama
Zegamako mutil gazte ugari hil ziren gerran, eta inguruetan beste hainbat fusilatu zituzten. Antonioren aurreko kinta eraman zuten gerrara, baina bera libratu egin zen, Bartzelona eta Madril Francoren esku geratu baitziren.
-
Gerra garaian, beldurra pasa zuten
Juanita Garmendia Elosegi (1921) Orendain
Gerra hasi zenean, Juanita Berrobin zegoen lanean. Tiro-hotsak gogoan ditu eta beldurra pasatzen zuten. Bidean geldiarazi zituzten zer zeramaten ikusteko. Ezkerra eta eskuinaren arteko borrokak gogoratzen ditu. Soldaduak janari eske etortzen zitzaizkien. Oiloak eta untxiak ere harrapatzen zituzten. Soldadu gehienak "belarri-motxak" zirela dio.
-
Borrokatik babesten eta zaurituak garraiatzen
Luzia Imaz Mujika (1913) Segura
Gerra garaia gogoan du Luziak. Beraien ostatuan gelditu ziren soldaduak; eta, bolada batean, kuartela izan zen beraien ostatua. Menditik botatzen zituzten tiroak beraien ostaturaino iristen ziren. Tiroetatik nola babesten ziren eta hildakoak nola garraiatzen zituzten azaltzen du. Seguran 22 mutil hil zituzten.
-
Bonbardaketak eta tiroak Seguran
Juana Gereñu Azarola (1923) Segura
Gerra garaian bonbardaketak izan ziren Seguran. Jende askok baserritik alde egin behar izan zuen; baina beraiek ez ziren inora joan. Leihoetan, koltxoiak jartzen ziren tiroetatik babesteko. Sukaldean egoten ziren, tiro-hotsak entzuten zituzten bitartean. Orduko oroitzapenak kontatzen ditu.
-
Bonbak Donostiako Alde Zaharrean
Antonia Mujika Urrestarazu (1916) Idiazabal
Bonba batzuk erori omen ziren Donostiako Alde Zaharrean. Ez du uste inor hil zenik. Berehala pasatu ziren Donostiatik militarrak. Idiazabalen ez ziren batere geratu.
-
Eibartar armaginak
Gaspar Alvarez Lucio (1918) Eibar
Armamentu ona izan arren, frankistak hegazkin Alemanekin gailendu egiten zitzaizkien. Ofizial eta armagin tekniko esperimentatuei deitu eta ordaindu egiten zitzaiela kontatzen du Gasparrek. Eibartar asko joan ziren lanera.
-
Eskolako jolasak. Etxean lan asko
Milagros Magunazelaia Amenabar (1927) Otxandio
Eskola denboran autorik ez zegoenez, lasaiago jolasten zuten. Sokasaltoka, kanikekin eta sakekin ere ibiltzen ziren. Orduan neskak ez ziren mutilekin jolasten. Mutilak frontoira joaten ziren jolastera. Bolatokira olgetan ez, baina gerra denboran aireplanoen erasoetatik babesteko bai joaten zen. Etxean bost mutil ziren, eta nesketan nagusia bera zenez, etxeko lan asko izaten zuen.
-
Teniente eta presidente
Imanol Garaigordobil Berriozabal (1932) Legutio
Aita Araba Batailoiko tenientea izan zen gerran. Gero, Francoren garaian, "Hermandad de Labradores y Ganaderosen" presidentea izan zen.
-
Etxean bertan milizianoak
Margari Ondarza Elorriaga (1928) Murueta
Bonbardaketa egunean, aita Gernikara joan zen altzariren batzuen bila, baina bertan erre ziren bonbardaketan. Aita pinudi batean egon zen ezkutatuta, eta iluntzean itzuli zen etxera. Sua ikusten zen etxetik eta San Pedro Atxarreko ingurutik hegazkinak etortzen. Ohe burdinaren babesean egon ziren etxean. Herriko batzuek alde egin zuten. Kanoia zegoen etxearen goiko aldean. Milizianoen kuartela egon zen etxean bertan; erdaldunak ziren milizianoak. Ondo konpontzen ziren amarekin eta ez zuten arazorik izan.
-
Oletako bonbardaketa
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
Bonbardaketek ez omen zuten etxe askorik hondatu Oletan. Azkeneko egunean izan zuten bonbardaketarik larriena. Gorriek hildako etsaiei oinetakoak kentzen omen zizkieten, eurek janzteko.
-
Garai bateko olak gerrako babesleku
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
Etxetik hurbil ola bat egon omen zen, baina Julianek ez zuen ezagutu lanean. Bere aita, ordea, oroitzen omen zen olako lanekin. Burdin mea olara ekartzen zuten eta burdinurtua Somorrostrora eraman. Oletan sutegiak ere ba omen ziren, baina ez Julianen denboran. Bere auzoari batzuek Olaeta esaten diote eta beste batzuek Oleta. Gerra denboran ola zaharreko arkupetan gordetzen ziren.
-
Gerrako aireplano batetik paperak botatzen
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
Gerran zauritutako hamabi soldadu Julianen etxean egon ziren. 1937ko apirilaren 4an Francoren aldekoek aireplanotik paperak bota zituzten. Haietako bat erakusten digu. Egun hartan baja asko eduki zuten nazionalek.
-
Lainoei esker, bonbardaketatik salbu
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
"El Abuelo" izeneko gorrien aireplanoaren zarata oraindik gogoan dute Julianek eta emazteak. Italiarren aireplano txikiak zetozenean, Oletan denek zekiten haien atzetik hegazkin bonbaketariak etorriko zirela. Txikiek oso baxu egiten zuten hegan, parajea aztertu ondoren handiei esateko non bonbardatu. Behe-lainoa zegoenean, herritarrak babestuta sentitzen ziren.