Politika eta Franco
-
`Xabale´ren heriotza
Eneko Oregi Goñi (1953) Bergara
Agustin Unzurrunzaga `Xabale´ bergararraren atxiloketa eta heriotza kontatzen du Enekok. Bergarako herriarentzat kolpe handia izan zen.
-
Musikariei zentsura
Antton Valverde Lamsfus (1943) Donostia
Kantari bakoitzak "Ministerio de Información y Turismo" izenekora bidali behar izaten zuen kanten zerrenda eta edukia. Batzuetan kontrolak izaten zituzten. Bizkaian Gobernadore Zibilaren gustukoak ez ziren bertsoak abestearren, hiru urtez Bizkaian kantatu gabe egon zen.
-
Mugimendu feministaren eztanda Hego Euskal Herrian I
Miren Aranguren Etxarte (1981) Iruñea
Basaurin 1976. urtean 11 emakume atxilotu zituzten abortatzeagatik eta horren aurrean, hegoaldeko mugimendu feminista antolatu eta artikulatu zen. Frantzian abiatutako hainbat kanpaina egiten hasi ziren hegoaldean ere.
-
Francoren heriotza ospatzen
Rosa Narbaiza Erdabide (1954) Bergara
Rosaren etxean Francoren heriotzaren berri nola jakin zuten kontatzen du. Ikastolan jai giro handia egon zen.
-
Ikurrinaren ilegalizazioaren bukaera
Rosa Narbaiza Erdabide (1954) Bergara
1977. urtean ikurrina legalizatu zen eta Bergaran ospakizun handiko eguna izan zen. Donostia ikurrinaz beteta zegoela kontatzen du Rosak. Lehenengo euskalduna Everestera heldu zenean, ikastolan ospatu zuten.
-
1965eko Bergarako Aberri Eguna eta ordura arteko ezjakintasuna
Juan Martin Elexpuru Arregi (1950) Bergara
15 urtera arte ikurrina bat zer zen ere ez zekien. Aita karlista zen eta gai horiek tabua ziren etxean. 1965ean Bergaran egin zen Aberri egunarekin hasi zitzaion kontzientzia politikoa pizten. Garai horretan Xabier Azurmendi poeta zegoen abade Uberan eta gogoan du nola mezatan esan zuen Aberri eguna zela. Elizatik irtendakoan basotik behera jendea ikusi zuten, kaikuekin jantzita, Aberri Egunera joateko asmoan. Guardia zibilek kontrolak jarri zituzten bideetan. Orduko bizipenak.
-
Francoren heriotzaren berri, soldadu zegoela
Juan Martin Elexpuru Arregi (1950) Bergara
1975-1976an soldadutza. Politikoki urte nahasiak izan ziren. Loiolako garita batean guardia egiten zegoela jakin zuen Franco hil zela. Pozik hartu zuen albistea.
-
Elizaren independentzia erregimenaren kontra egiteko
Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano
Erregimena elizan ezin zela sartu aprobetxatuz, abade askok elizako lokalak uzten zizkieten behar zutenei. Abade izateagatik eskura zituzten tresna guztiak erabiltzen zituzten kulturaren alde eta erregimenaren kontra.
-
Frankismoaren azken urteetako giro nahasia
Jerardo Elortza Egaña (1944) Oñati
Frankismoaren azken urteetako giroa oso nahasia izan zen arlo askotan. Ernai taldea ere garai horretan desegin zen. Oraindik zentsura zegoen. Ezin zen edozer esan eta gauza asko antzerkiaren bitartez esan nahi izaten ziren. Ikastoletan ere liskarrak sortu ziren. Gerora, Trantsizio garaian, Maskaradarekin egin zela jauzi handia euskarazko antzerkian uste du.
-
Aita Urrutia jesuitak jakin gabe lagundu zuen Ekin-ETA sortzen
Julen Madariaga Agirre (1932) Bilbo
Aita Urrutia, Jatabekoa izatez, administratiboko irakaslea Deustun. Oso jakintsua. PNVkoa zen pentsamenduz. 1978ko estatutua idazten lagundu zuen. Haren bidez ezagutu zuen Julenek Gurutz Ansola, azpeitiarra. Julenek "abogado economista" ikasi zuen. Urrutiak bere aldetik ezagutzen zituen Jose Manuel Agirre, Gurutz Ansola eta Julen. Ikusi zuen hirurak abertzaleak zirela, eta hirurak bildu zituen. Ez da oroitzen zein momentutan batu ziren Benito del Valle eta abarrekin.
-
Lantegitik JONSen kanpamendura; euskaraz egitearren zigorrak
Pedro Mari Armendariz Zubizarreta (1938) Eskoriatza
Hamalau urterekin lantegian lanean hasi eta berehala JONS talde falangistak Orion zuen kanpamendura bidali zuten. Lantegiak behartuta zeuden langile hasiberriak bidaltzera. TESAko langile bat eta biak joan ziren. Ez zuten dirurik jasotzen, baina dena ordainduta zuten. Euskaraz hitz egiten zuena zigortu egiten zuten.
-
Lantegitik JONSen kanpamendura, astebeterako
Pedro Mari Armendariz Zubizarreta (1938) Eskoriatza
JONS talde falangistaren kanpamenduan Orion egon zenean eguna nola pasatzen zuten. Jaiki orduko "Cara al sol" kantatu behar. Astebete egin zuen. Lantegiak behartuta zeuden langile hasiberriak bidaltzera. Bera Zubizarreta lantegitik joan zenean, TESAko langile bat ere joan zen. Kanpamendua, ohatzeak, jatekoa. Ardorik ez zieten ematen han; ordurako jada hasita zeuden ezkutuan ardoa edaten.
-
Frankismo garaian Gobernu Zibilak debekatutako bertsolariak
Jose Luis Gorrotxategi Zangitu (1945) Bergara
Frankismoan Gobernu Zibilak debekatuta izan zituen bertsolariak: Azpillaga, Lopategi eta Xalbador. Ihes eginda Iparraldera pasatzen ziren ETAkideak etxean hartzeko prest agertu zelako debekatu zuten Xalbador. Azpillaga eta Lopategi, berriz, politika kontuetan sartzen zirelako. Askotan saioa antolatu zutenek ordaintzen zuten haiei jarritako isuna. `Lazkao Txiki´k 1500 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen txikikeria bategatik. Lizaso eta Agirre atxilotu zituztenekoa.
-
"Errusia" hitza debekatuta; Francoren bisitak
Jose Agustin Amonarriz Otaegi (1927) Anoeta
Garai bateko giro politikoa. Politikaz asko hitz egiten zen, baina kontuz hitz egin behar. "Errusia" hitza debekatuta zegoen. Errepublikano asko zeuden Tolosan. Franco Tolosara etortzen zenean, herritar batzuk guardia zibiletara joaten ziren borondatez, bazekitelako bestela ere atxilotu egingo zituztela. Lantegietako jendea kalera atera behar izaten zen Franco agurtzera. Alde egiten zuenean "se va el caimán..." abesten omen zuten.
-
Ezkutuan "Gora Euzkadi" abesten
Jose Agustin Amonarriz Otaegi (1927) Anoeta
Gerraosteko euskal giroa. "Gora Euzkadi bizi bedi..." kanta abesten zuten ezkutuan. Abestiaren letra. Errepublikanoek beste kanta batzuk zituzten. Zerbait mugitu zen, baina Tolosa oso erdaldunduta zegoen. Kosta zitzaion buelta ematea, baina ikastolari esker lortu zen.
-
Santa Maria elizako gurutzean ikurrina jarri zutenekoa I
Jose Agustin Amonarriz Otaegi (1927) Anoeta
Frankismo garaiko giro politikoa. Mendira joandakoan abesten zutela "Gora Euzkadi" dio. Ikurrinarik ez zen ikusten; Hernioko zintak ere ezin jarri. Santa Maria elizako gurutzearen puntan ikurrina jarri zutenekoa.
-
Elosegik bere buruari su eman eta Francoren ingurura salto
Jose Agustin Amonarriz Otaegi (1927) Anoeta
Donostiako Elosegi zela ikurrinak jartzen artista dio, Donostiako Artzain Onaren katedralean jarri zuen eta. Behin Franco Donostian pilota partida ikusten zegoela, bere buruari su eman eta haren ingurura salto egin zuen "Gernika, Gernika" oihukatuz.
-
Izaskungo ermitako bandera espainolak erre zituztenekoa
Jose Agustin Amonarriz Otaegi (1927) Anoeta
Bera Gironan lanean zebilela, Izaskungo ermitako bandera espainolak erre egin zituzten. "El Español" egunkarian jarri zuten euskaldun guzti-guztiak separatistak zirela. Bere nagusia, Nuñez elorriarra, falangista zen eta asko haserretu zen albistearekin. Garai hartan leku askotan egoten ziren bandera espainolak. Bera gerra aurretik hasi zen eskolan eta orduan bandera errepublikanoa zegoen.
-
Iparraldetik ezkutuan ekartzen ziren ikurrinak , liburuak eta bestelakoak
Jose Agustin Amonarriz Otaegi (1927) Anoeta
Frankismo garaiko giro politikoa. Iparraldetik ekartzen ziren ikurrinak, liburuak edo bestelako informazio klandestinoa. Añorgan lanean zebilela, gerra zibilaren inguruko liburu bat zeukan armairuan. Guardia zibilak lantegira joan ziren batean badaezpada zulo batean ezkutatu zuen liburua eta ez zuen berreskuratu.
-
Diktadura garaiko hileta
Martina Altuna Eguren (1931) Julio Aspe Beitia (1928) Aramaio
Diktadura garaiko oroitzapenak. Herriko agintari baten hiletan, hilkutxaren ondoan zinta bati helduta joan zela gogoratzen du Martinak. Mutikoek Cara al Sol kantatu behar izan zuten Juliok dioenez.


