Euskara eta politika

  • Joseba Konde Joseba izenaren inguruko gorabeherak

    Joseba Konde Zubiaurre (1954) Elgoibar

    Aitari ez zioten utzi Joseba izena jartzen erroldan eta Jose Ramon ipini zioten. Beti Joseba esan izan diotenez, berandura arte ez zuen jakin Jose Ramon zeukanik izena. Halako kontuak erraztasun handiz asumitzen zituztela dio.

  • Joseba Konde Euskararen egoeraz eta etorkizunaz gogoeta

    Joseba Konde Zubiaurre (1954) Elgoibar

    Bere ezagun batek esaten du 60ko hamarkadako errentetatik bizi garela, emankorra izan zelako garai hori. Euskararen egoeraren inguruko gogoeta egiten du. Gaur egun erakundeak eta legeak alde ditu euskarak eta pentsatu daiteke horrekin gauza handi bat egitera jo behar dugula. Baina bere ustez gauzak berriz ere txikitik egitea da bidea, 60ko hamarkadan egin zen antzera.

  • 906 50 hamarkada erresistentzia txikiko garaia

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    1950 hamarkadan oso erresistentzia txikia izan zen. 1960 inguruan hasi zen zer edo zer. Etsipen garai handia egon zen. Euskara aldetik ere, beherakada handia izan zen.. Transmisioa eten egin zen, baita familia abertzaleetan ere. Hori ere kritikatu egin behar da. Francok eta erregimenak kalte handiak egin zuen, baina etxe barruan ere erabilera eta transmisioa eten egin zen.

  • 906 Tertuliak Eibarko Klub Deportiboan

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    Igande goiz guztietan ikastaroak ematen zituen Deban, Arrasaten... beti politikako kontuak. Larunbat arratsaldeetan, berriz, Klub Deportiboko tertuliak izaten ziren: Imanol Laspiur, Juan San Martin, Santi Arizmendiarrieta, Paulino Larrañaga, Bittor Kapanaga... Bakoitzak bere paperak eta kontuak eramaten zituen eta ordu txikiak arte egoten ziren berriketan. Santi Arizmendiarrietak, esate baterako, Toribio Etxebarriaren gorabeherak kontatzen zituen. Juan San Martinek ere beti zuen zer kontatu. 1955-1960 bitartean izan zen, batez ere.

  • 906 Euskara eta euskal mundua hobetu, klandestinitatean

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    Klandestinitatean sartu zirenean oso zail ikusten zuten orduko egoera aldatzea, baina bai uste zuten euren borrokarekin euskara eta euskal mundua hobetzeko aukera egongo zela. Talde hartako hiru pertsonaia nagusien artean (Basauri, Laspiur eta San Martin), euskarak eta hizkuntzak toki handia bete izan du beti, horixe zen giltza. "Zer lortuko juagu? Burrukan egin, behintzat!"

  • 906 Euskaltzaindiaren biltzarra Eibarren

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    1959. urtean Euskal Kongresua egin zen Eibarren. Oso ekitaldi ederra izan zen, euskara kalera ateratzeko urrats handia izan zelako: antzerkiak, olerkiak,... Udaletxean Euskaltzaindiaren biltzarra egin zen eta San Martinek ponentzia bat aurkeztu zuen Juan Antonio Mogelen inguruan. Laspiur, San Martin, Zubiaurre eta Basauri izan ziren ekitaldia antolatzen ibili zirenak, beste lagun batzuekin batera. Udalaren jarrera ere ona izan zen. Esteban Eguren zen alkate eta euskaraz egin zuen hitzaldia. Aurreko alkateak baino askoz herrikoiagoa eta euskaldunagoa zen. Gipuzkoako bertsolari txapelketa ere antolatu zen, Manuel Olaizola Uztapidek irabazi zuena. Francoren sasoian horrelako ekitaldi bat antolatzea sekulako arrakasta izan zen eta mugarri izan zen Eibarko eta Euskal Herriko mugimendu euskaltzalean.

  • 906 ETA 60ko hamarkadan

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    1960. urtean ezkondu egin zen, eta urtebete geroago kartzelan sartu zuten. 1961eko uztailaren 18an ekitaldi handia antolatu zuten agintariek altxamenduaren 25. urteurrena ospatzeko. ETAk erabaki zuen ekintzaren bat egin behar zuela Donostian: banderak erretzea eta Donostiara zihoan tren berezi bat (falangistekin) bere bidetik ateratzea. Horren erantzun modura, ETAko kide mordoa atxilotu zituzten. Serafinek alde egin zuen Logroñora emaztearekin batera (haurdun zegoela), baina hantxe harrapatu zuten. Martutenera eraman zuten. Martutenen irudi gogorrak ikusi zituen, batez ere Imanol Laspiur jipoituta eraman zutenean. Ondoren Carabanchelera eraman zuten, sei hilabetez. Kartzelan zegoela jaio zen bere lehenengo semea. ETAko kide gehienak zeuden bertan: Madariaga, Iriarte, Albizu... Kartzelatik irten eta ALFAra itzuli zen lanera, arazorik gabe.

  • 906 60ko hamarkada itxaropen garaia

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    1962. urtetik aurrera itxaropenerako tarte bat sortzen hasten da. La era de Trujillo liburuak ere eragin handia izan zuen garai batean (Galindezek idatzitakoa). Euskal arazoa mundu mailan ezagutzen hasi zela konturatu ziren. Aita Santu berriak ere mundua beste begi batzuekin ikusteko aukera ireki zuen (Eliza Katolikoa berriztu zuen). Hortik aurrera, 1960ko hamarkada guztian, itxaropena eta mundua aldatzeko gogoa nagusitu zen guztien artean.

  • 906 Lehenengo Euskal Jaiak

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    1960. hamarkadan Euskal Jaiak ere hasi ziren. Oso egun ederrak izaten ziren, emozioz betetako egunak: euskal mundua eta euskara kalera ateratzeko aukera zen. Eibarko euskal jaiak Kulturalak antolatu zuen: Julio Sarasua, Garate "Koronel Txikixa", Luis Alberto Aranberri "Amatiño"... Ezkertiarren aldetik kritika egin zitzaion (folklore hutsa zela), baina oso ederrak izan ziren, batez ere euskal mundua kalera ateratzeko. Herri guztietako jendea biltzen zen; ehunka dantzari etortzen ziren Eibarrera. Serafin bera ez zen ibili antolatzaileen artean.

  • 906 Laspiurren eta beste kide batzuen lana euskalgintzan

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    Euskarazko klaseekin hainbat urtez jardun zuten. Imanol Laspiur izan zen lan gehien egin zuena; lan gehien, luzeen eta metodologia zehatzena erabili zuena. Beste hainbat ere ibili ziren: Joxe Antonio Izagirre, Jose Luis Ugarteburu, Bittor Kapanaga, Kontxa Laspiur... Klaseen sorburua 1960 urte inguruan izan zen, Gorrotxategitarren etxean. Bertan biltzen ziren Don Rafael abadea, Juan San Martin, Imanol Laspiur... Umandiren gramatika hartu zuten eta argitaratu egin zuten. Inork ez zuen gramatikarik finantziatzen garai hartan eta eurek argitaratu zuten, dirua handik eta hemendik lortuta. Banaketa ere euren esku egon zen. Umandiren gramatikak garrantzi handia izan zuen garai hartan. Laspiurrek Umandiren gramatika euskaratu zuen eta horixe erabiltzen zuen klaseak emateko. Lehenengo euskarazko klaseak Klub Deportiboan izan ziren. Horretan garrantzi handia izan zuen Juan San Martinek. Berak sortu zuen Euskal Kulturaren Batzordea, eta berak ireki zituen Deportiboko ateak klaseak bertan emateko. Batez ere jende nagusia biltzen zen klaseetan; 6 lagun inguruko taldeak izaten ziren.

  • 906 Juan San Martin garaiko eragile nagusia

    Serafin Basauri Arteaga (1935) Eibar

    Euskarazko klaseak baino, gehiago gustatzen zitzaizkion alfabetatzeko programak. Euskaraz idazten erakusten zuten, testuak landu, hitzaldiak antolatu, eta abar. Juan San Martin izan zen eragile nagusia, baina Serafin Basauri jarri zuten arduradun. Garai hartan euskaltzain urgazle ere egin zuten Serafin. alfabetatze-kanpainak lantzean behin izaten ziren. Toribio Etxebarria kalean izaten ziren alfabetatzeko klaseak, Aurrezki Kutxaren lokaletan. Serafinekin batera Maite Aranberri eta Amatiño ere ibili ziren. Euskal aditzaren taulen inguruko ikastaroa ere eman zuten. Serafinek berak sortu zituen taulak eta kopia guztiak, etxean, makina txiki batekin.

  • Maria Elena Mujika Eibarko ikastolako sorrera: 10 urtez eskolaratze-txartelik gabe

    Maria Elena Mujika Igartua (1944) Eibar

    Ikastola, erdi-klandestinoa zen eta ez zuen aitorpen ofizialik. 1971-1972. urtera arte, ikasleek ez zuten eskolaratze-txartelik eta ofizialki neskak monjetan eta mutilak fraideetan matrikulatuta zeuden.

  • Maria Elena Mujika Eibarko ikastolako sorrera: klandestinitatetik ofizialtasunera

    Maria Elena Mujika Igartua (1944) Eibar

    Eibarko ikastolak, 1972-1973. urtean lortu zuen ofizialtasuna. Orduan, ikasturtero 200 ikasle baino gehiago matrikulatzen ziren. Guraso eta irakasle-talde oso indartsu bat zegoen.

  • Maria Elena Mujika Eibarko ikastolako lehenengo irakasleak

    Maria Elena Mujika Igartua (1944) Eibar

    Lehenengo Eibarko ikastolako irakaslea, Mari Tere Munduate izan zen eta bigarrena, Marisa Arizaga. Matrikulazioak igotzen joan ziren heinean, irakasleria handitzen joan zen. Izenak esaten ditu.

  • Maria Elena Mujika 1979an Eibarko Ikastolak 1784 ikasle

    Maria Elena Mujika Igartua (1944) Eibar

    Hasieran kurtso bakoitzeko gela bat zegoen arren, heldu zen momentu bat non 6 edo 7 gela zeuden kurtso bakoitzeko. Zuzendaritza batzordean egon zenean, 1784 ikasle eta 80 irakasle zeuden.

  • Maria Elena Mujika Ikasle gutxiko gelak endogamikoak bihurtzen dira

    Maria Elena Mujika Igartua (1944) Eibar

    Izan duen ikastolako gelako ratio handiena 36 ikaslekoa izan zen baina ez zen ohikoa. Normalean 25-27koak izan dira. Maria Elenaren iritziz, talde txikiak endogamikoak dira.

  • Maria Elena Mujika Eibarko ikastolaren sorrera: gurasoen nahia eta lana

    Maria Elena Mujika Igartua (1944) Eibar

    Ikastolara eraman zituzten lehenengo gurasoen ausardia aipatzen du Maria Elenak. Behar zuten guztia lortu zuten: lokalak, irakasleak, garraioak, kudeaketa... Hasierako ikastola, Mari Tere irakaslearen etxebizitzan bertan ematen ziren.

  • Maria Elena Mujika Irakaskuntzaren ikuspegiaren baloreen aldaketa

    Maria Elena Mujika Igartua (1944) Eibar

    Garai bateko eta gaur egungo irakaslearen irudiaz hitz egiten du Maria Elenak. Garai batean ez zen dudan jartzen irakaslearen lana eta gaur egun bai.

  • Maria Elena Mujika Ikastolaren helburua: "Ikastola, euskaraz eta herrikoia"

    Maria Elena Mujika Igartua (1944) Eibar

    Ikastolaren sorreran parte hartu zuten gurasoek, profil euskalduna eta abertzalea zuten. Ikastolaren helburu nagusia, herriko eskola publikoa baina euskalduna izatea zen. Ikastolaren lema, "Ikastola, euskaraz eta herrikoia" zen.

  • Eibarko Ikastola, herritik sakabanatuta

    Eibar

    Klaseak edozein tokitan ematen zituzten: Urkiko sakristian, Karmeldarretan, Markeskuan, Zezenbiden, Iturburun, Alfan...