Borroka
-
Hilotza ardo kupelean
Ikerne Artetxe Zubikarai (1932) Ondarroa
Periko neba okin aritu zen Itxasalde batailoian. Osaba ere gudari, hantxe zauritu zuten. Beste pasadizo bat kontatzen zuen nebak: batailoikoek kupel handi bateko ardoa bukatu zutenean ikusi zuten hilotz bat zegoela barruan.
-
Gerra garaian, zanga egin zuten bidean aurkariak ez pasatzeko
Marisol Ariznabarreta Oregi (1945) Bernardo Maiztegi Unzueta (1917) Soraluze
Gerra denboran, Eibar "zona gorria" zen eta Soraluzen zeuden nazionalak. Soldaduek bost-sei hilabete egin zituzten herrian. Irailaren 22an sartu eta martxo inguruan egin zuten alde. Ezozitik behera etorri ziren eta Igaraten, herriaren sarreran, zanga bat egin zuten bidean, aurkariak ez pasatzeko. Berak 19 urte zituen eta bera ere ibili zen lan horretan.
-
Gerran Errenteriatik alde egin beharra
Joseba Goñi Galarraga (1935) Errenteria
Gerra hasi baino urtebete lehenago jaio zen Joseba. Gerran etxeko leiho bat puskatu zieten bala batekin eta 30 urtean ez zuten aldatu kristal hura. Gerran etxea nola zaintzen zuten aipatzen du. Gerra bukaeran, Donostiara joan ziren amaren lehengusu baten etxera. Errenteriatik jende askok egin zuen alde gerra garaian.
-
Gerra hasi zeneko bizimodua
Joxe Mari Zuloaga Etxebeste (1932) Errenteria
Gerran, etxeko leihoetan koltxoiak jarri zituzten babesteko eta etxeko eskaileretan egiten zuten bizimodua bizilagun guztiek. Bizilagunen artean batasun handia zegoen. Amaren laguna beraien pareko eraikinean bizi zen eta balkoitik hitz egiten zuten.
-
Gerrara bi hilabeteko kontua izango zelakoan
Joxe Mari Zuloaga Etxebeste (1932) Errenteria
Gerra garaian, Errenterian geratu zen Joxe Mariren familia. Aita gerrara joan zen, eta haren uniformea gogoan du oraindik. Aita amarengandik agurtu zenean, bi hilabeteko kontua izango zela uste zuten.
-
Aitaren adorea gerran
Joxe Mari Zuloaga Etxebeste (1932) Errenteria
Aita abertzalea zen eta bere konpainiako soldadurik zaharrena zen; atzeguardian egoteko eskaini zioten, baina aitak ez zuen onartu, Euskadi defendatzera joan baitzen gerrara. Aita gizon umila zen eta etxea zen bere lehentasun nagusia.
-
Aitaren gerrako nondik norakoak
Joxe Mari Zuloaga Etxebeste (1932) Errenteria
Aita abertzalea zen: denak errespetatzen zituen, baina berea defendatzen zuen. Itxarkundiaga batailoian egon zen gerra garaian: Lleidan ibili zen eta katalanak oso ondo portatu omen ziren berekin.
-
Aitak gerran ikusitakoak
Joxe Mari Zuloaga Etxebeste (1932) Errenteria
Aitak 4 bat urte eman zituen gerran: gazte bat hil zutela ikusi zuenekoa kontatzen zuen.
-
Gerran aitak entzundako meza
Joxe Mari Zuloaga Etxebeste (1932) Errenteria
Aita gerran zegoela, hainbat orduz ibiltzera behartu zituzten; eliza batean sartu ziren lo egiteko; mantak bi lagunen artean banatzen zituzten. Halako batean, elizatik aterarazi zituzten meza emateko; apaizak esandakoak aipatzen ditu. Meza bukatutakoan, janaria lapurtzeko aprobetxatu zuen aitaren lagun batek.
-
Parapetoekin sortzen zuten artea
Joxe Mari Zuloaga Etxebeste (1932) Errenteria
Gerra garaian, Goiko kalean porlan zaku hutsak ekartzen zituzten, haiekin fardoak egin eta parapetoak egiteko. Zaku haiei grapak kentzen zizkieten umeek, gero kateak egiteko. Errenterian tiro-hotsak entzuten zituztenekoa kontatzen du.
-
"Foki-foki" egin zeure amari
Pauli Aginaga Santa Marina (1932) Mari Erezuma Elorriaga (1921) Bermeo
Gogoan dute gerra heldu zenean hegazkinen beldurra zutela, kanpaiak jotzen zituztela eta babeslekuetan ezkutatzen zirela. Bermeoko andrazkoak umore handikoak izan dira, eta soldadu italiarrek "foki-foki" esaten zietenean (larrutan egin nahi zutela edo), "Foki-foki" beren amari egiteko erantzuten zieten.
-
Tropa italiarrek hartu zuten Bermeo
Pauli Aginaga Santa Marina (1932) Mari Erezuma Elorriaga (1921) Bermeo
Gernika erretzen zegoela jakin zuten. Berehala hartu zuten Bermeo tropa italiarrek. Francok engainatuta etorri ei ziren italiarrak.
-
Bonbardaketak eta uholdeak bateratsu
Mari Erezuma Elorriaga (1921) Bermeo
Bonbardaketen ihesi joan ziren baserritik, baina aitak ez zuen alde egin nahi izan. Bermeora bidean baserri baten taloa eman zieten jateko, noizbait irina itzultzeko baldintzarekin. Bermeoko tunelera joan nahi zuten babestera. Aldi berean, izugarrizko euritea izan zen. Mari baserrira itzuli zen berriro.
-
Aitak beldur handiagoa ekaitzari balei baino
Mari Erezuma Elorriaga (1921) Bermeo
Mari baserrira itzuli zen berriro. Aita ez zuten balek ikaratzen, baina bai trumoiak eta ekaitzak. Luizi batek baserria estali zuen. Eskerrak alde eginak ziren.
-
Baserriaren laurden bat txikituta
Antonio Etxebeste Artola (1926) Errenteria
Gerra Zibilean frontea ibili zen Aiztondo baserritik gertu. Baserriaren lautik bat txikituta geratu omen zen.
-
Gerra garaian soldaduak herrira heldu zirenekoa
Juan Arizaga Larreategi (1927) Jose Luis Unamuno Gorrotxategi (1928) Soraluze
Juanek 9 urte zituen gerra hasi zenean eta ondo gogoan ditu Eibarko eta Gernikako bonbardaketak. Soldaduak herrira heldu zirenekoa kontatzen du; gauez heldu eta goizean Juanen etxera joan ziren gosaltzera. Soldaduak 7 hilabetez egon ziren inguruko mendietan.
-
Gernikako bonbardaketatik ihesi; anaiak elkarren aurka
Margarita Aranberri Laskurain (1914) Pedro Laskurain Lizarralde (1912) Soraluze
Gernikako bonbardaketa ezagutu zuen eta haren inguruko kontuak kontatzen ditu. Ihesi joan behar izan zuten eta han ere zortea izan zuten, jesuita batzuen etxean hartu baitzituzten. Baina, hara ere, iritsi zen gerra eta anaiek talde ezberdinetan elkarren aurka aritu behar izan zuten.
-
Gernikako bonbardaketa ikusi zuen
Lucia Etxabe Zubizarreta (1927) Soraluze
Gerra hasi zenean, Bizkaira joan ziren. Gernikako bonbardaketa gertatu zenean, Mungiako Atxuri auzotik ikusi zuten sutan. Hurrengo egunean, batailoiak pasatzen ikusi zituen etxe aurretik.
-
Bonbardaketek iraun bitartean, tunelean babestuta
Mari Tere Paskual Zapirain (1931) Errenteria
Gerran, goian-behean erortzen ziren bonbak. Babesteko, batzuetan mendira eta besteetan tunelpera joaten ziren. Tunelean zeudenean, jaten ematen zieten; trena tuneletik pasatzen zenean, baztertu egiten ziren.
-
Bizikletan lanera
Xebastian Retegi Mitxelena (1929) Errenteria
Bizikletan joaten zen Donostiara lanera, 17 urterekin. Anaia zaharrenak soldadu joan ziren gerrara; bitartean bizikleta ibiltzeko esaten zioten. Orain erregeak bezala bizi garela dio.


