Borroka
-
Bonbardaketak eta tiroak Seguran
Juana Gereñu Azarola (1923) Segura
Gerra garaian bonbardaketak izan ziren Seguran. Jende askok baserritik alde egin behar izan zuen; baina beraiek ez ziren inora joan. Leihoetan, koltxoiak jartzen ziren tiroetatik babesteko. Sukaldean egoten ziren, tiro-hotsak entzuten zituzten bitartean. Orduko oroitzapenak kontatzen ditu.
-
Bonbak Donostiako Alde Zaharrean
Antonia Mujika Urrestarazu (1916) Idiazabal
Bonba batzuk erori omen ziren Donostiako Alde Zaharrean. Ez du uste inor hil zenik. Berehala pasatu ziren Donostiatik militarrak. Idiazabalen ez ziren batere geratu.
-
Eibartar armaginak
Gaspar Alvarez Lucio (1918) Eibar
Armamentu ona izan arren, frankistak hegazkin Alemanekin gailendu egiten zitzaizkien. Ofizial eta armagin tekniko esperimentatuei deitu eta ordaindu egiten zitzaiela kontatzen du Gasparrek. Eibartar asko joan ziren lanera.
-
Eskolako jolasak. Etxean lan asko
Milagros Magunazelaia Amenabar (1927) Otxandio
Eskola denboran autorik ez zegoenez, lasaiago jolasten zuten. Sokasaltoka, kanikekin eta sakekin ere ibiltzen ziren. Orduan neskak ez ziren mutilekin jolasten. Mutilak frontoira joaten ziren jolastera. Bolatokira olgetan ez, baina gerra denboran aireplanoen erasoetatik babesteko bai joaten zen. Etxean bost mutil ziren, eta nesketan nagusia bera zenez, etxeko lan asko izaten zuen.
-
Teniente eta presidente
Imanol Garaigordobil Berriozabal (1932) Legutio
Aita Araba Batailoiko tenientea izan zen gerran. Gero, Francoren garaian, "Hermandad de Labradores y Ganaderosen" presidentea izan zen.
-
Etxean bertan milizianoak
Margari Ondarza Elorriaga (1928) Murueta
Bonbardaketa egunean, aita Gernikara joan zen altzariren batzuen bila, baina bertan erre ziren bonbardaketan. Aita pinudi batean egon zen ezkutatuta, eta iluntzean itzuli zen etxera. Sua ikusten zen etxetik eta San Pedro Atxarreko ingurutik hegazkinak etortzen. Ohe burdinaren babesean egon ziren etxean. Herriko batzuek alde egin zuten. Kanoia zegoen etxearen goiko aldean. Milizianoen kuartela egon zen etxean bertan; erdaldunak ziren milizianoak. Ondo konpontzen ziren amarekin eta ez zuten arazorik izan.
-
Oletako bonbardaketa
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
Bonbardaketek ez omen zuten etxe askorik hondatu Oletan. Azkeneko egunean izan zuten bonbardaketarik larriena. Gorriek hildako etsaiei oinetakoak kentzen omen zizkieten, eurek janzteko.
-
Garai bateko olak gerrako babesleku
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
Etxetik hurbil ola bat egon omen zen, baina Julianek ez zuen ezagutu lanean. Bere aita, ordea, oroitzen omen zen olako lanekin. Burdin mea olara ekartzen zuten eta burdinurtua Somorrostrora eraman. Oletan sutegiak ere ba omen ziren, baina ez Julianen denboran. Bere auzoari batzuek Olaeta esaten diote eta beste batzuek Oleta. Gerra denboran ola zaharreko arkupetan gordetzen ziren.
-
Gerrako aireplano batetik paperak botatzen
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
Gerran zauritutako hamabi soldadu Julianen etxean egon ziren. 1937ko apirilaren 4an Francoren aldekoek aireplanotik paperak bota zituzten. Haietako bat erakusten digu. Egun hartan baja asko eduki zuten nazionalek.
-
Lainoei esker, bonbardaketatik salbu
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
"El Abuelo" izeneko gorrien aireplanoaren zarata oraindik gogoan dute Julianek eta emazteak. Italiarren aireplano txikiak zetozenean, Oletan denek zekiten haien atzetik hegazkin bonbaketariak etorriko zirela. Txikiek oso baxu egiten zuten hegan, parajea aztertu ondoren handiei esateko non bonbardatu. Behe-lainoa zegoenean, herritarrak babestuta sentitzen ziren.
-
Gerra hasita, Gabonak arte herrian
Karmen Iturriaga San Vicente (1930) Legutio
Karmen eskolan hasi berritan piztu zen gerra. Gerra 1936eko uztailaren 18 hasi zen, eta Gabonak pasa arte egon ziren herrian. Gero, ihes egin behar izan zuten; herritik alde egiten azkenak izan ziren. Ordurako, ordea, etxean ostu eta ganadu gehiena galdu zuten. Tiroak eta bonbak gogoratzen ditu: Karmen leihotik atera zuten soldaduek. Etxea apurtu ondoren, herriko beste hiru etxetan egon ziren. Gabonak pasatu ostean, Durara egin zuten ihes.
-
Gerran bala artean eta jateko barik
Juana Elorza Beitia (1924) Legutio
Gerran Duranara joan ziren. Legutio ingurua hartuta zegoen eta astebete pasatu zuten tiro artean jateko barik, behiaren esnearekin bakarrik. Etxean egoten ziren soldadu batzuek ematen zieten ogia. Beste auzo bateko etxe batera ere joan ziren eta han egoten ziren kortan ohol batzuk jarrita baletatik babesteko errezatu eta errezatu.
-
Legutio abertzale eta euskalduna
Juana Elorza Beitia (1924) Legutio
Legution abertzale asko zeuden eta gerrara asko joan ziren boluntario. Asko beste anaiak libra zitezen joan ziren. Berak dena egiten zuen euskaraz eta bere amak gerora ikasi zuen gaztelania. Jende askok mehatxatu egiten zituen.
-
Gerran elizan babestu; abade okerra
Juana Elorza Beitia (1924) Legutio
Gerrako hegazkinak zetozenean elizan babesten ziren; elizak ez zituzten erasotzen. Don Serafin abadea oso okerra zela dio: beraiek ezkutatuta zeudela abertzaleen kontra ziharduela entzuten zuten.
-
Aita frentean eta ama umeekin Zamudion
Miren Ensunza Valier (1934) Errigoiti
Aita frentera eraman zuten eta ama Zamudion bizi izan zen ume jaioberriekin. Ama ez zen babeslekura joaten, ume txikiak zituelako, eta ikusi zuen zela lehertu zen bonba bat babeslekuan.
-
Gernikako bonbardaketatik salbu
Miren Odriozola Jaio (1919) Ajangiz
Gernikako bonbardaketan parte hartu zutenek mapa ona zuten: Guardia Zibilaren kuartela eta arma-lantegia ez zuten bota. Bere ama astelehenero joaten zen plazara, baina egun hartan mugimendu arraroak zeudenez ez zen joan. Etxetik ikusi zituzten hirunaka-hirunaka zetozen aireplanoak eta erasoak. Ehiza-hegazkinek oinez zihoazenak erasotzen zituzten.
-
Bonbardaketan amak abortua izan zuen
Jesus Mari Agirre-Amalloa Ozamiz (1931) Gernika-Lumo
Gernikako bonbardaketa egunean, bere amak abortua izan zuen. Etxe ondoan izan zuten babeslekura joan ziren etxekoak, baina bere arreba zaharrena arma-lantegiko bunkerrean babestu zen.
-
"Gernike antortxa bat"
Mertxe Hidalgo Rekondo (1928) Gernika-Lumo
Umetan pozik bizi ziren, beti jolasten. Bonbardaketak ikulio guztiak suntsitu zizkien. Une horiek dakartza gogora: lagun bategaz zegoela, esku batek heldu eta kanposantura eroan zituen biak. Esku hori bere nebarena zen. Kanposantuan egon ziren eta handik ikusi zituzten erasoak, "Gernike antortxa bat" dio. Beraien etxekoak denak salbatu ziren: amama Errigoitira joan zen, neba bat errekan ezkutatu zen...
-
Denak negarrez
Mertxe Hidalgo Rekondo (1928) Gernika-Lumo
Bonbardaketan burura zetorkion galdera bakarra "zergatik?" zen. Bonbardaketa ostean negarra zen nagusi, denak zebiltzan batetik bestera beraien etxekoen bila. Orduak oso ondo deskribatzen dituen erdarazko esaldi bat aipatzen du.
-
Ezer barik, soinekoagaz bakarrik
Mertxe Hidalgo Rekondo (1928) Gernika-Lumo
Bonbardaketa egunean, etxea erretan zegoen bitartean denak batzea zen garrantzitsuena. Eibartik heldutako errefuxiatu bat zuten etxean eta ohean egon zen gaixorik, bere aitak atera zuen onik etxetik erretzen zegoen bitartean. Ezer barik, soinekoagaz bakarrik gelditu ziren. Handik Muruetara joan ziren amama osaba baten etxera joateko. Eurak aurrera jarraitu zuten Sollubetik Bilbora joateko.


