Borroka
-
Euren etxe ondoan erori zen bonba
Edurne Laborda Astiazaran (1923) Bergara
Bonbardaketa Bergaran. Euren etxe ondoan jausi zen bonba bat, baina ez zen kristalik ere apurtu. Hala ere, ganbaran ezkutatuta zuten ikurrina bistaratu ei zen! Bonbak botatzen zituztenen artean bergararrak ere bazirela eta senideren bat jotzeko beldur zirela dio.
-
Kanpaiak entzutean, denak babeslekuetara, bonbetatik babesteko
Edurne Laborda Astiazaran (1923) Bergara
Gerra sasoian gazte jende guztia herritik joan zen. Hegazkinak bonbak botatzera zetozenean, kanpandorrean zaintzan zeudenek kanpaiak jotzen zituzten. Orduan, jendea babeslekuetara joaten zen. Aldameneko etxean biltzen ziren bizilagun guztiak, sotoaren gaineko gelan. Koltxoiak ipintzen zituzten, bonbentzako babes moduan, eta lasai egoten ziren.
-
Gerrateko bizipen gogorrak; aita ihesi
Flora Gauba Lete (1922) Bergara
Gerra hasi zenean, ama lau seme-alabak hartuta bere jaiotetxera abiatu zen eta milizianoekin topo egin zuten bidean. Ordurako aita ihes eginda zegoen. Itzuli zenean, etxean kartzelan bezala egon zen denbora batez eta lanik ere ezin zuen egin. Sasoi gogorrak bizi izan zituzten. Militarrek ahizpa zaharragoa dantzaldietara joatea nahi izaten zuten, baina amak gogor egin zien.
-
Bonba batek Artekalean Luis nola hil zuen
Edurne Laborda Astiazaran (1923) Bergara
Gerra sasoian lehenengo bonba Artekalean jausi zen. Kalearen ertzean eserita egoten zen Luis jo zuen bete-betean eta bertan hil zen.
-
Bermeon egon ziren diputatu baten etxean
Milagros Magunazelaia Amenabar (1927) Otxandio
Otxandioko lehen bonbardaketa herriko jaietan, Santa Mañetan, izan zen. Bonbardaketa sumatu orduko, zubi azpira joan ziren; handik ikusi zuten bonbardaketa. Handik Oletara (Aramaio) joan ziren. Ostean, Bermeora joan ziren bere izeko han baitzegoen inude-lanetan diputatu baten etxean. Diputatu horrek alde egin zuten mugaz bestaldera. Diputatu horren semea Nestor Basterretxea eskultorea da.
-
Okan bi fronteren artean
Pablo Irazabal Ertzilla (1930) Muxika
Gerra Zibilean bi fronteren erdian egon ziren: Askari eta Bizkargi artean. Soldaduek jendea alde egitera behartzen zuten; baina, anaia txikia jaioberria zenez, ez zuten etxea utzi arriskuak arrisku.
-
Aita komunistekin frontera
Pablo Irazabal Ertzilla (1930) Muxika
Bere aita frontera eroan zuten, komunisten Rosa Luxemburgo batailoira. Bilbo aldetik ibili ostean, Gasteiz inguruan harrapatu zuten; hala ere, libre utzi zuten. Aita gaixorik bueltatu zen etxera; hori dela-eta, umeak kutsa ez zitezen familiartekoen etxeetan banatu zituzten.
-
Bonbardaketako unea
Pilar Beaskoetxea Goitisolo (1923) Pilartxu Etxabe Zubizarreta (1932) Carmen Muniategi Muniategi (1921) Gautegiz-Arteaga
Gerra Zibila zelan bizi izan zuten kontatzen dute Carmenek eta Pilarrek. Bonbardaketa eguna ondo gogoan daukate. Abioiak hirunan-hirunan pasatu ziren Gernikarantz, arrautzak balira bezala bota zituztela dio Carmenek. Alkatea bera ere soloan alperra pasatzen ari zela du gogoan Pilarrek.
-
Errepublika garaia eta tropak sartu zirenekoa
Isabel Arana Barandiaran (1928) Jexuxa Barandiaran (1924) Ataun
Jexuxaren amak kontatzen zuen errepublika "altxatu" zenean, Ordiziko feriara joanak zirela eta Lazkaon etxapleguak bota zituztela. Gerra garaian, tropak sartu ziren eta herrian denbora asko egin zuten. Orduan ez zuten eskolarik izaten. Uztailaren 25ean sartu ziren tropak, Jexuxaren etxetik behera. Amarekin batera, baserri batera joan zen Ixabel.
-
Gerra zibilaren hasiera
Gloria Ansuategi Aldekoa (1918) Berriz
Gerra hasi bezperan, neskame zegoen etxeko nagusiaren sendiak Gernikara ihes egin zuenean, etxera itzuli zen Gloria. Gipuzkoatik zetozen iheslariz bete zen Berriz lehen egunetan. Nazionalak sartu ostean jarri omen zuten babeslekua mojetan, ez aurretik. Markesen etxean kuartela egon zen, bere ustez, alemanena.
-
Derrigortuta joan zen anaia frontera
Gloria Ansuategi Aldekoa (1918) Berriz
Hasiera batean ihes egin zuen arren, derrigortuta eraman zuten azkenean anaia frontera. Arana-goiri batailoian ibili zen Emilio lagunarekin batera. Laredoko hondartzan denbora luzez egon zela gogoan dauka. Gerra amaituta, soldaduska egin behar izan zuen. Orotara, 6 urte pasa zituen etxetik kanpora.
-
Durangoko bonbardaketa Berriztik entzun zen
Gloria Ansuategi Aldekoa (1918) Berriz
Durangoko bonbardaketako zarata gogoratzen du.
-
Durango bonbardatu zutenekoa gogoan du
Iñaki Gorritxategi Alberdi (1931) Berriz
Hainbeste ardura etxean eta seme-alabak ahizparenera, Andikoara, bidali zituen Iñakiren amak gerra garaian. "El Abuelo" hegazkina ikusteko irrikan egoten ziren. Durango bonbardatu zutenean, zela ikusi zuten kontatzen du.
-
Erreketeak, "italianoak" eta "moroak" herrian
Iñaki Gorritxategi Alberdi (1931) Berriz
Berrizera jeitsi ziren eta karlistek hartu zuten herria. Italianoak eta "moroak" gogoan ditu. Erreketeek ordaindu egiten zuten, dirua zeukaten eta.
-
Asensioko fronteko hildakoak idiekin jeisten
Higinio Etxabe Getaria (1933) Eskoriatza
Asension frontea zegoen eta Higinioren aitak hildakoak eta zaurituak jaisten zituen Eskoriatzara idi eta gurdiekin. Hiru egunez Peñakulu baserrian izan ziren. Mendiolako auzoan gerrak ez zuen eragin zuzenik egin. Ez zuten seniderik galdu gerran.
-
Aita, komunisten Batailoi Larrañagan miliziano
Alberto Alava Martinez (1951) Ermua
Gerra aurretik, aita gaztetan anarkista zen eta alderdi komunistara aldatu zen. Gerran, komunisten Batailoi Larrañagan borrokan egon zen. Ihes egiten saiatu zen arren, kartzelan sartu zuten.
-
Bonbardaketa
Jesus Furundarena Goenaga (1924) Mutriku
Komentuko kanpaiak jotzen zituzten bonbardaketa hasten zenean. Tunel azpi eta sotoetan gordetzen ziren. "Perratzaillianeko fabrikara" bonba bat sartu zen tximiatik, eta makina guztiak hondatu zituen. Zaldientzako ferrak egiten zituzten lantegian.
-
Gordelekura saltoka
Jesus Furundarena Goenaga (1924) Mutriku
Bonbardaketak eta gordelekuak. Komentu aurreko tunelean babesten ziren. Sirena entzun orduko saltoka joaten ziren gordelekura denak. "Perratzaillianeko fabrikara" bonba bat sartu zen tximiatik.
-
Gerra sasoiko ibilerak
Emilio Agirrebeitia Lasuen (1917) Berriz
Gerra sasoiko ibilerak. Bi aldeetan ibili zela dio. Lehenengo Markinan ibili zen trintxerak egiten. Handik mendiz Lekeitioraino joan ziren. Durango bonbardatu zutenean, hegazkinak ikusi zituzten pasatzen eta kea ere bai. Batzokikoak ziren beraiei agintzen zietenak. "Asturianoek" edozein hiltzen zutela dio. Mojak zaintzera bidali zituzten komentura. Karteruenean jaten zuten eta gustura.
-
Gerran trintxerak egiten; Arana Goiri batailoian
Emilio Agirrebeitia Lasuen (1917) Berriz
Gerra sasoian mojen komentua zaintzen egon ziren, Trintxerak egiten ere bai, Markinan eta Larrabetzun. Aitzurrarekin egiten zituzten. Bonbardaketa izan zen Markinan eta Ama birjina hondatu zuten. Iruzubietatik gora alde egin zuten eta biharamunean Lekeitiora iritsi ziren. Elizpean egon ziren pare bat egunean. Handik Bilborantz. Arana Goiri batailoian sartu ziren orduan. Leon Salaberria ermuarra zen batailoiko buru. Santander alderantz joan ziren gero.


