Errepresioa

  • lucia farras Kartzelatik irten eta urtebetera hil zen aita

    Lucia Farras Laskurain (1926) Bergara

    "Niño de Oro" bergararrarekin egin zuten zenbait gestio eta lortu zuten aita Bartzelonatik Bilboko Larrinaga kartzelara ekartzea. Kartzelatik irten eta urtebetera hil zen, bat-batean, 43 urterekin. Alabak ez ziren joaten aita bisitatzera. Aitak esaten zuen kartzela-zainak baino txarragoak zirela mojak. Aitaren anaia apaiza zen, baina ez zion ezertan lagundu.

  • lucia farras Bandera errepublikanoari kolore horia josi arazi amandreari

    Lucia Farras Laskurain (1926) Bergara

    Etxera itzuli zirenean, etxea hutsik aurkitu zuten. Idazteko makina ere harrapatu zieten. Ihes egiterakoan errepublikako bandera utzi zuten jarrita balkoian. Frankistek morearen gainetik horia josi arazi zioten amandreari, eta ez zioten kentzen utzi haizeak eta euriak hondatu zuen arte.

  • lucia farras Liburuak latorrizko kaxetan ortuan ezkutatuta salbatu

    Lucia Farras Laskurain (1926) Bergara

    Amandreak aitaren paperak desagerrarazi behar izan zituen, baina Perez Galdósen "Episodios Nacionales" bilduma osoa salbatu zuen, latorrizko kaxetan ortuan lurperatuta. Oso estimu handitan zituen aitak liburuok.

  • lucia farras "Xabale"ren heriotza eta greba orokorra

    Lucia Farras Laskurain (1926) Bergara

    Agustin Unzurrunzaga "Xabale", Bergaran atxilotu zuten 1947ko greban. Polizian eskuetan hil zen. Batzuek diote bere burua bota zuela trenera, beste batzuek bultza egin ziotela (edo torturengatik hil zela). Bergara guztia gelditu zen. Gorpuaren zain zegoen herria; San Antonioraino ekarri zuten, baina Bergaran egin behar zitzaion harrera ikusita, berriro eraman zuten Donostiara. 1947ko maiatzean izan zen. SOS Arrazakeria-ko Agustin Unzurrunzagaren aita zen. Aita hil eta gero jaio zen Agustin.

  • Maria Ibarguren "Viva Franco" eta erreketeen tiroak

    Maria Ibarguren Iparragirre (1922) Azpeitia

    Gaztelaniaz nola-hala moldatzen zen. 20 urte zituela, oraindik ez zekien gaztelaniaz hitz egiten. Gerra hasi zenean, "Viva Franco" esan behar zutela esan zieten, eta buruz ikasi zuten. Erreketeek tiro egiten zieten menditik.

  • Migel Gurrutxaga Bederatziehun mila pezetako isuna aitari

    Migel Gurrutxaga Lesaka (1929) Azpeitia

    Aitari bederatziehun mila pezetako isuna ezarri zioten hauteskundeeetan boto abertzalea emateagatik. Isuna lau orduan ordaindu ezean, hil egingo zutela esaten zioten. Karlistak boto bila joaten ziren etxerik etxe.

  • Jesusa Aranguren Gerran ahizpak kartzelan "Gora Euskadi Askatuta" idazteagatik

    Jesusa Aranguren Olazabal (1910) Azpeitia

    Gerra irten zenean, bi ahizpa kartzelan izan zituen Donostian. "Gora Euskadi Askatuta" idatzita zegoen gutun bat zuten etxean; eta, horregatik, gutun hura idatzi zuen ahizpa bi urte egon zen kartzelan.

  • Joxe Esnaola Soldaduak miaketan

    Joxe Mari Esnaola Garmendia (1930) Azpeitia

    Ihesean zebilen Urrestillako gizon bat ezkutatu zuten baserrian. Joxe Mari eta lau anaia amarekin logela batean egon ziren, beldurtuta. Soldaduak miaketan aritu omen ziren.

  • Begona Gabilondo Aitaren lagun karlista

    Begoña Gabilondo Etxaniz (1921) Azkoitia

    Frantziatik bueltan, Guardia Zibilengana joan behar zuten egunero. Etxea gorde zieten. Baina aita ez zen atrebitzen etortzen. Donostian zegoen, Mirakruz kalean, eta egun batean lankide bat joan zitzaion, karlista, abisua ematera, alde egiteko handik. Igeldoko baserri batera joan zen. Bizitza salbatu zion. Aitaren lagunik onena hil egin zuten, Azkoitian geratu zelako. Urrestilla aldean hil zuten.

  • Begona Gabilondo CNTkoek zazpi fusilatu

    Begoña Gabilondo Etxaniz (1921) Azkoitia

    CNTkoek zazpi mutil hil zituzten herrian, karlistak.

  • Begona Gabilondo Azkoitiko kartzela

    Begoña Gabilondo Etxaniz (1921) Azkoitia

    Aitaren laguna nazionalista zen, aita bezalaxe. Atxilotu egin zuten Azkoitian, eta gero handik hil. Udaletxean jarri zuten kartzela narras bat. Handik eraman zuten. Juin jauregian sartu zituzten nazionalak errepublikanoek, eta gero alderantziz. Karlistak Juinen zeudela, CNTkoek Bilbora eraman nahi zituzten presoak; nazionalistek gerarazi zituzten.

  • Begona Gabilondo Anaia Langileen Batailoietan

    Begoña Gabilondo Etxaniz (1921) Azkoitia

    Anaia gerran ibili zen; eta, harrapatu zituztenean, Langileen Batailoietara eraman zuten. Kamioiarekin ibili zen. Zikinarekin, azaleko gaixotasuna zuten askok, azkura, eta karearekin erreta "sendatzen" ziren.

  • Ixabel Zubillaga Ihes egin eta herrira itzulitakoei zigorrak

    Ixabel Zubillaga Huici (1930) Hernani

    Gogoan dauka gerra garaian Hernanin soldaduak ikusi izana. Alde egin eta herrira itzultzen ziren hernaniarrak zigortu egiten zituzten. Emakumeei ilea moztu eta olioa ematen zieten.

  • Ixabel Zubillaga Senarraren osaba fusilatua

    Ixabel Zubillaga Huici (1930) Hernani

    Bere senarraren osaba bat fusilatu egin zuten, beste askorekin batera. Nola izan zen kontatzen du.

  • Antonio Lizeaga Aita preso

    Antonio Lizeaga Arrieta (1932) Hernani

    Epeleko Etxeberrin bazuten terraza bat bazkaltzeko. Han zeudela erreketeek aita preso eraman zuten eta dirua ordainduta atera zuten kartzelatik. Bonba batek baserria apurtu zuen. Badakite nork bota zuen.

  • Rufina telletxea Aita sozialista, batailoi-buru

    Rufina Telletxea Ollokiegi (1931) Hernani

    Aita gerrara joan behar zenez, izeba bila joan zitzaien Karabelen bizitzeko. Aita gortuta etorri zen gerratik baina zauririk gabe, bonba artean ibili bazen ere. Aitak ofizioa Eibarren ikasi zuenez, batailloiko arduraduna zen. Horregatik hartu zuten preso.

  • Rufina telletxea Aita fusilatu egin zuten

    Rufina Telletxea Ollokiegi (1931) Hernani

    Aita kartzelan sartu zuten gerra garaian eta hiru urtez han egon ostean, 1940an fusilatu egin zuten. Santanderreko portuan zeudela, itsasontziz Hernanira etortzeko, aitarekin topo egin zuten eta han bertan atxilotu zuten, 1937an. Orduan ikusi zuen aita azkenekoz.

  • Pilar Mujika Arana Izeba fusilatu zuten Oiartzunen

    Pilar Mujika Arana (1919) Arrasate

    Gerra denboran, Bilboko Begoña auzora ihes egin zuten; baina aitaren atzetik zebiltzanez, Santanderrera joan ziren. Handik hanka egin behar izan zuen aitak, bizirik jarraitzeko. Aita abertzalea zen. Bere arreba Paula Oiartzunen fusilatu zuten.

  • Luis Lopez de Aretxaga Agirregabiria Gerra gertutik bizi

    Luis Lopez de Aretxaga Agirregabiria (1920) Arrasate

    Luisek 16 urte zituela etorri zen gerra. Zarugalden muga jarri zuten: Zarugaldetik aurrera "gorriena" zen, eta Zarugaldetik herri aldera Francoren aldekoena (Luis alderdi horretan geratu zen). 18 urte zituela, Francoren tropekin joan zen gerrara. Luisen aita Legutioko udaltzaina zen, eta, gerra denboran, "gorriek" kartzelaratu egin zuten. Anaia bat "gorrien" bandoan zegoen, eta beste anaia bat, berriz, "Gora Euskadi!" esan zuelako Gasteizko kartzelan sartu eta ez zuten gehiago haren berririk izan. Arrasaten preso hartu eta Oiartzun aldean fusilatu zituzten pertsonei buruz hitz egiten du.

  • Luis Lopez de Aretxaga Agirregabiria Anaia atxilotuta eraman, eta gehiago jakin ez

    Luis Lopez de Aretxaga Agirregabiria (1920) Arrasate

    Luisen aita Legutioko udaltzaina zen, eta, gerra denboran, "gorriek" kartzelaratu egin zuten. Anaia bat "gorrien" bandoan zegoen, eta beste anaia bat, berriz, "Gora Euskadi!" esan zuelako frankistek Gasteizko kartzelan sartu zuten, eta ez zuten gehiago haren berririk izan. Frankistak Legution sartu zirenean, herriari 'Baluarte Heróico de Álava' izendapena eman ziotela dio.