Errepresioa

  • Juan Martin Bermeosolo Zenbait etxetatik mendi aldera ihesi

    Juan Martin Bermeosolo Gabiola (1925) Ea

    Gerra garaian beldurra egon zen. Zenbait etxetatik jendeak ihes egin zuen mendi aldera. Kasu batzuetan okerragoa izan zen ihes egitea, gero harrapatu eta atxilotu egiten zituztelako.

  • Jose Beobide Preso eta soldadu, zortzi urte

    Jose Beobide Garmendia (1920) Zigoitia

    Gerra etorri zen arte, etxean egon zen. 17 urterekin espetxeratu egin zuten. Hiru urtez preso egon eta gero, bost urteko soldadutza egin behar izan zuen. Aita, beste anaia bat eta bera eraman zituzten preso, oraindik ere zergatik ez dakiela. "Batallón de Trabajadores"en Espainian zehar trintxerak egiten eta hildakoak lurperatzen ibili zen.

  • Benita Goikuria Egiluz Benitaren aita eta ama txapel gorriaz ibiltzera behartuta Ubiden

    Benita Goikuria Egiluz (1930) Zeanuri

    Zeanurin, batzuek gora egin zuten ihes, nazionalek okupatutako lurretara; eta beste batzuek, behe aldera, artean errepublikazaleenak ziren lurretara. Benitari-eta moroek kafea eskaintzen zieten Barazarren egon zirenean. Amari eta aitari txapel gorriaz ibilarazten zieten Ubiden Falangekoek.

  • Joxe Zumeta Langileekin jolasean, haien egoeraz jabetu gabe

    Joxe Zumeta Jaunarena (1937) Lezo

    Umetan Lezon bizi ziren, eta etxe hartan Langileen Batailoiko langileak ere bizi ziren. Lana latz egiten zuten haiek. Beraiek, mutil koskorrak izanda, langileekin jolasean aritzen ziren. Baldintza txarretan bizi ziren langileak, bizimodu gogorra zuten.

  • Itziar Arzanegi Aita preso

    Itziar Arzanegi Uribe (1924) Gernika-Lumo

    Bere aita 3 urtez izan zen batzokiko presidente; gerora ere sekula ez zuen batzokia utzi. Beraien aita kartzelara sartu zuten, lehenengo Bilbon eta gero Asturiasen, 3 urtez-edo egon zen kartzelan. Etxean euskaraz egin arren, kalean erdaraz egiten zuten, gainerako umeek ere horrela egiten zutelako.

  • Andone Bidaguren Aita kartzelan zorriz eta zikinkeriaz beteta

    Andone Bidaguren Bilbao (1927) Gernika-Lumo

    Bere aita atxilotu zutenean, luzaro egon ziren hari buruzko ezer jakin barik. Lekeition, Bilbon eta Pontevedran egon zen. Galiziako kartzela uharte batean zegoen, lepra zuten gaixoen bizilekua zen. Zikinkeria itzela izaten zuten: gutunetan zorriak, handi-handiak, bizirik heltzen ziren.

  • Andone Bidaguren Salatari asko

    Andone Bidaguren Bilbao (1927) Gernika-Lumo

    Bere aita auzoko batek salatu zuen. Gudariei jaten emateagatik eraman zuten kartzelara. Salatari asko egon zen han sasoian: ikusiezinagatik salatuak eta horren erruz hildakoak.

  • Jose Angel Mendia Ama Saturraranera, bera Otxandiora eta seminariora

    Jose Angel Mendia Dilla (1926) Gernika-Lumo

    Gerra sasoian, ama kartzelan eta aita kanpoan zituela, Otxandiora joan zen osabengana. Handik Laguardia-Biasteriko seminariora joan zen. Ama Saturraranen, seminarioa izandako kartzelan, zegoen bitartean, bera ere seminarioan zegoen. Ama kartzelatik irtendakoan, berak seminarioa utzi zuen.

  • Jose Angel Mendia Ama atxilotu zutenekoa

    Jose Angel Mendia Dilla (1926) Gernika-Lumo

    Bere ama Zornotzako udaletxera joan zen eta han esan zioten kartzelan egon behar zuela. Handik bi egunera, etxera joan eta ama preso eraman zuten. Larrinagan, Orue txaletean eta Saturraranen egon zen. Bere amak Larrinagako kartzelan izandako bizipen batzuk kontatzen ditu, jendeak fusilatzera eramaten zutenekoa. Saturraranen eskualdeko hainbat pertsona egon ziren bere amarekin batera. Bere amak ezin izan zuen gehiago andereño bezala lan egin; bizi osorako zigortu zuten.

  • Jose Angel Mendia Saturraranera bisitan

    Jose Angel Mendia Dilla (1926) Gernika-Lumo

    Bere ama Saturraraneko kartzelan zegoela, bisitan joan zitzaion Jose Angel. Militar bat-edo errukitu egin zen, eta ama agurtzen utzi zion.

  • Jose Angel Mendia Kartzelako bizimodua

    Jose Angel Mendia Dilla (1926) Gernika-Lumo

    Bere amak ez zion sekula kartzelako egoeraz berbarik egin. Behin Galdakaoko neska bati jarri zioten zigorra kontatu zion amak.

  • Jose Angel Mendia Amaren aurkako epaiketako salaketa

    Jose Angel Mendia Dilla (1926) Gernika-Lumo

    Bere amaren aurkako autuan irakurritakoa aipatzen da pasarte honetan. Epaitegiko paperetan bere ama "aférrima roja separatista" zela jartzen du. Eskolak zarratzerakoan, bere amak eskola partikularrak ematen zituen; hori dela eta, ikasleak iraultzara bultzatzen zituela jartzen zuen bere aurkako salaketan, arriskutsutzat joz. Bukaeran, maistra bezala, "pena de reclusión perpetua con inhabilitación absoluta" ezarri ziotela irakurtzen da,

  • Rafa Armendariz Presoak Gernika berreraikitzen

    Rafa Armendariz Gainza (1926) Gernika-Lumo

    Institutua dagoen tokian, lehen agustindarren ikastetxea zegoen; gerora, kartzela egon zen, bertara ekarri zituzten Gernika berreraikitzen ibili ziren presoak.

  • Rafa Armendariz Emakume abertzaleak garbitzera behartuta

    Rafa Armendariz Gainza (1926) Gernika-Lumo

    Bere arreba Andra Mariako eliza garbitzera behartu zuten, beste emakume abertzale batzuekin batera. Bonba su-eragileak bota zituzten Gernikan; hori dela-eta, denak hartu zuen su. Hilabetegarrenean-edo etorri ziren Gernikara.

  • Maria Luisa Olaeta Salaketa bat tarteko aita atxilotu

    Maria Luisa Olaeta Berrojaetxebarria (1926) Gernika-Lumo

    Bere aita salaketa bat tarteko atxilotu egin zuten; baina, itsasoan egiten zuenez lan, sekula ez zen politika kontuetan sartuta egon. Isun itzela ordaindu behar izan zuten.

  • Maria Luisa Olaeta 10.000 ogerlekoko isuna diru zaharretan

    Maria Luisa Olaeta Berrojaetxebarria (1926) Gernika-Lumo

    Soltxaga jeneralak Arana Kondearen etxe batean zuen bulegoa, eta Maria Luisaren aita bertara eraman zuten atxilotuta. Sasoi hartako 10.000 ogerleko, 50.000 pezetako, isuna jarri zioten. Baina ez zuten diru berriarekin ordaindu behar, zaharrarekin baizik. Sasoi hartan diru-aldaketa egon zen.

  • Maria Luisa Olaeta Gernika garbitzeko, presoak ekarri zituzten

    Maria Luisa Olaeta Berrojaetxebarria (1926) Gernika-Lumo

    Gernika garbitzeko lanetan, "ciudades devastadas"eko bulegokoak eta langile-batailoietako presoak aritu ziren. Errenteria aldea ez zuten erre.

  • Itziar Arzanegi Gerran familia banatuta

    Itziar Arzanegi Uribe (1924) Gernika-Lumo

    Bere aita batzokiko presidentea izan zen. Gerraostean bere aita preso eraman zuten. Itziar Sukarrietara joan zen izeko batengana, 3 urte igaro zituen bertan. Bere ama Gernikan gelditu zen.

  • Sebastian lehengusuaren ibilerak, gerra garaian

    Joxepa Goikoetxea Elizalde (1923) Donostia

    Sebastian Elizalde lehengusua nazionalista zen. Don Felix parrokoa ezkutatu egin zuen hark, karlista zelako eta harrapatuz gero garbitu egingo zutelako. Sebastian kartzelara eraman zuten, eta heriotza zigorrera kondenatu zuen. Apaizarengana sinadura bila joan zen Sebastianen emaztea, eta hark sinadura ukatu. Hala ere, ez zuten hil.

  • 1554 Aita Ondarretan preso

    Manuel Oliden Kortajarena (1941) Donostia

    Aita Ondarretan egon zen espetxean. Baporearekin jendea mugaz bestalde eramatea eta ihes egin behar izan zuen jendeari laguntzearren espetxeratu omen zuten.