Gerratik itzulera

  • Maria Iruretagoiena Euskal Herrira itzulitakoan, familia sakabanatu

    Maria Iruretagoiena Olano (1928) Getaria

    1939an, gerra bukatu zenean, Bartzelonatik etxera etorri ziren trenez. Zarautzera iritsi eta familiakoak joan ziren beren bila. Pixkanaka, senideak sakabanatzen joan ziren: Maria Zarautzera joan zen eta handik Getariako izeba baten baserrira eraman zuten 1940an.

  • Maria Iruretagoiena Gerra amaitutakoan, Euskal Herrira itzuli eta senideak sakabanatu

    Maria Iruretagoiena Olano (1928) Getaria

    Bartzelonan zeudela bukatu zen gerra, eta zeukaten dirua baliorik gabe geratu zen; ezer gabe geratu ziren. Donostiara trenez itzuli ziren eta senideak sakabanatu egin zituzten. Gerora, Bartzelonako familiarekin harremana mantendu zuten, baina azkenean galdu egin zen.

  • Mari Kruz Mendizabal Aita lanik gabe, bueltan

    Mari Kruz Mendizabal Etxeberria (1923) Errenteria

    Batzokiko giroa desagertu egin zen. Dena kendu zuten. Aita lan gabe; kamioiak kendu zizkioten. Arazoak izan zituen. Bederatzi seme-alabak aurrera ateratzeko, gogor egin zuen lana.

  • Santos Irazustabarrena Ermina Gerra hasierako egoera eta bandoak

    Santos Irazustabarrena Ermina (1928) Alegia

    Osaba nazionalista bat zuen; eta, Bilbon harrapatu ondoren, kartzelan bi urte baino gehiago pasa zituen. Alegian, gehienak errepublikazaleak zirela dio. Ihes egindakoak bueltatu zirenerako, erreketeak sartuta zeuden Alegian. Errepublikak pattal jokatu zuela uste du, baserritako mutilak erreketeen esku utzi zituztelako. Aitona karlista zuen. Orendainen amonaren anaiaren etxean egon ziren, baina laster bueltatu ziren Alegiara. Maisua egon zen idazkari hasieran, beste inor ez zegoelako.

  • Maria Luisa Zabala Zubiarrain Gerra ondorengo gabeziak

    Maria Luisa Zabala Zubiarrain (1930) Aduna

    Gerra ondoren gosea iritsi zen. Taloa gora eta taloa behera ibili ziren. Trenez joaten ziren Legorretako errotara irina lortzeko.

  • Maria Luisa Zabala Zubiarrain Ijitoak diru eske etxeetara joaten ziren

    Maria Luisa Zabala Zubiarrain (1930) Aduna

    Gerra ondoren ijitoak eskean ibiltzen ziren. Arrantzaleak buruan saskia hartuta saltzera etortzen ziren Andoaindik. Ijitoek dirua eta ogia eskatzen zituzten.

  • valentina yeregi Semearekin Lasartera; senarra kartzelara

    Valentina Yeregi Inza (1915) Lasarte-Oria

    Lasartera joan zen umearekin, baserrira. Paperak egiten, senarrarentzat. Mugara joan ziren bila; semea granoz beteta zegoen. Kontrolak. Senarra Miranda de Ebrora eraman zuten eta gero Madrilera kartzelara. Koinatuaren laguntzaz atera zen.

  • valentina yeregi Bigarren ezkontza, elizaz

    Valentina Yeregi Inza (1915) Lasarte-Oria

    Senarra etxera etorri zenekoa. Ahizpak galdetu ziona. Elizaz ezkondu ziren handik hiru urtera. Ortuellara joan ziren paper bila. Aldatuta zegoen herria; bonbardatutako eskola, taberna itxita...

  • inaki-arregi Izebei ilea "zerora" moztu zietenekoa

    Iñaki Arregi Moraza (1927) Andoain

    Gerra garaian, Oriora joan ziren egoera pixka bat lasaitu arte. Itzuli zirenean, etxea prezintatuta aurkitu zuten. Komandantziara joan behar zutela esan zieten eta halaxe joan ziren bere bi izeba. Han ilea "zerora" moztu zieten, abertzaleak izatearren. Gero txapela jantzita ibiltzen ziren. Izebetako bat oso ausarta omen zen eta behin erreketeekin joan zen kotxean Donostiara autostop eginda.

  • 1243 Arrain salmentarekin arropetarako lain

    Maritxu Ituarte Lizardi (1923) Mutriku

    Arraina saltzera Debara eta Mendarora joaten ziren. Diru gutxi ateratzen zuten, arropatarako justu-justu. Erosketetarako ez zen dirurik erabiltzen, koadernoan apuntatu eta gero ordaintzekotan uzten zuten.

  • Bittor Aperribai Abasolo Baserrira buelta, zazpi hilabeteren ondoren

    Bittor Aperribai Abasolo (1923) Bergara

    Zazpi hilabete egin zituzten etxetik kanpo. Irailetik apirilera. Ganauarentzat jan ugari zegoen han: belarra, arbia, artoa... Lan ugari izan zuten dena ondo jartzen: patata erein, artoa batu... Etxe barruan balio zuten gauzak falta ziren, aitajaunak Kubako gerran erabilitako sablea eta.

  • 279 Baserriko neska eta mutil asko neskame edo morroi joan behar

    Juane Lonbide Elorza (1929) Bergara

    Familia handiak izaten ziren baserrietan, eta sarritan umeek morroi edo neskame joan behar izaten zuten beste baserri batera. Gerraostean ere kaleko mutilak baserrietara joaten ziren morroi janariaren truke. Morroiaren lana zein izaten zen; familiarekin hartu-emana. Morroiari Gabonetan bakailaoa oparitzen zitzaion.

  • Jesus Astola Nafarrete Gerratik bueltan etxea zutik, baina hutsik

    Jesus Astola Nafarrete (1933) Maria Pilar Astola Nafarrete (1939) Legutio

    Gerra Zibilean Gasteizera joan ziren ihesi. Bueltan etxea zuloz beteta topatu zuten, baina zutik. Dena lapurtu zien, bueltan lurrean egin behar izan zuten lo.

  • Carmen Irusta Nebak frontean

    Carmen Irusta Alakano (1922) Muxika

    Bi neba izan zituen frontean. Bat Larrabetzu aldean harrapatu zuten preso. Gaztea Langileen Batailoian egon zen, eta, Gernikako bonbardaketa ostean, kamiñero aritzea egokitu zitzaion. Carmenek ez du gogoan noiz joan zen lehen aldiz Gernikara erre ostean. Oso txarto pasatu zuten sasoi hartan.

  • 1542 Donostia, Bilbo eta Zegama arteko umezaroa

    Patxi Sansinenea Azurmendi (1935) Donostia

    Parte zaharrean jaio zen, baina urte bat zuela, gerra garaian, amarekin batera Bilbora joan zen. Handik lau urtetara Grosera bueltatu ziren, baina aurretik zutena errekisatu zienez amaren herrira, Zegamara, joan behar izan zuten. Hamar urtera arte egon zen bertan, Tolosako eskolapioetara joan baitzen interno hiru urtetarako.

  • Rufino eta Pilar Gaztetan harrobian eta errementari ibilitakoa

    Rufino Etxebarria Petralanda (1922) Muxika

    Soldadu joan orduko Gorozika bertako harrobian ere egon zen. Gernika berreraikitzeko lanetan bertako harri asko erabili ziren. Iluntzetan errementari lanak ere egiten zituen.

  • Juanita Esturo Itsasontzian bueltatu ziren etxera

    Juanita Esturo Orue (1924) Muxika

    Etxera bueltatzerakoan, bideak, zubiak... apurtuta aurkitu zituzten. Ganadu barik bueltatu behar izan ziren konfiskatu egin baitzizkieten. Santanderreko portura joan ziren etxera bueltatzeko. Hiru egun pasa zituzten portuan. 4.000 pertsonatik gora etorri ziren itsasontzian. Komunik gabe zelan konpontzen ziren. Zorrotzaurrera heldu eta bi egun egin zituzten bertan. Txabola batzuetara sartu eta errebisatu egin zieten.

  • 390 Bere anaien itzulera Ingalaterratik

    Imanol Murua Arregi (1935) Zarautz

    Bere bi anaia nagusiagoak Ingalaterratik etorri zireneko oroitzapena du. Nola gogoratzen duen une hori.

  • Deunoro Sardui Bi urtez ebakuatuta; etxea erdi suntsituta

    Deunoro Sardui Enbeita (1934) Muxika

    Bizkaiko frontean nazionalak sartu zirenean, etxetik alde egin behar izan zuten. Beraien etxea erreta aurkitu zuten bueltatzerakoan, ezkutuan izan zituzten koltxoi batzuk baino ez zituzten aurkitu. Bizkargiko fronteak bederatzi hilabete iraun zuen eta beraiek bi urtez egon ziren kanpoan.

  • Joxe Sagarzazu Gerratik itzultzeko pasatako komeriak

    Joxe Sagarzazu Etxebeste (1933) Pasaia

    Gerra bukatu arte Katalunian egon zen Joxeren familia. Aitak frontetik deskantsuak izaten zituenean, baserri batean lurra goldatzen zuen. Baserri hartakoei esker, aitak ibiltzeko baimena (salbokonduktoa) lortu zuen etxera etortzeko. Euskal Herrira itzuli zirenean, etxean ez zieten utzi sartzen aita gorriekin ibili izanagatik; horregatik, Pasaiara joan ziren. Lana bilatzeko ere arazoak izan zituen aitak.