Gerraren eragina
-
Gerratean, Mendigoitxi ospitalea izan zen
Vicente Areta Lezeta (1938) Mari Asun Azpiri Mandiola (1946) Eibar
Gerra garaiko bonbetatik babesteko kobazulo bat dago San Martin ermitan. Mendigoitxi baserria berritu eta gerra hasi zen eta milizianoek hartu zuten baserria, ospitale bezala erabiltzeko. Inguruko baserri guztietatik hartu zituzten koltxoiak, oihalak, izarak... Asturiasko miliziano talde bat zegoen ganbaran eta baserriko eskailera suntsitu zuten, inor bertara ez igotzeko.
-
Gregorio Urkijok dirua banatu eta mojak zaindu
Edurne Rico Ariño () Mari Karmen Rubio Areitioaurtena (1930) Berriz
Urkijo eraman zutenekoa kontatzen dute. Aurrezki kutxako arduraduna zenez, dirua banatu egin zuen etxeetara, galdutzat jota. Mojak zaintzen egon zela kontatzen dute.
-
Frontea etorrita ere, etxean
Mari Karmen Rubio Areitioaurtena (1930) Berriz
Mari Karmen-eta ez ziren etxetik mugitu frontea gerturatu zenean. Ez ziren beraien etxean sartu. Soldaduak ikusten zituzten gora eta behera. Aita alde eginda eta osaba Pablo Areitioaurtena eraman egin zuten, eta gaixorik hil zen Perpignan-en, Frantzian.
-
Falangera joan behar jan ahal izateko
Jesus Ugartemendia Learreta (1929) Mundaka
Gerratean aita atxilotu zuten eta bera falangekoengana joan behar izaten zen instrukzioa egiten "auxilio social"en jan ahal izateko, bestela ez zieten jaten ematen. Eguerdian eta gauez joaten ziren bertara jaten eta ama baserrietan aritzen zen lanean alogeran. Falangea kasinoan egon zen hasieran eta gero udaletxeko eskolan, lehen solairuan. Neskak falange femeninara joaten zen, batzokia dagoen tokira.
-
Gudariak eta italiarrak Mundakan
Jesus Ugartemendia Learreta (1929) Mundaka
Mundakako hainbat etxetan gudariak zeuden lotan. Beraien etxean Amaiur batailoiko bi egoten ziren. Kasino azpira joaten ziren jaten. Gero italiarrak egon ziren eta Talan tankeak egoten ziren.
-
Abereak babesten gerra garaian
Gregorio Milikua Isundegi (1926) Berriz
Beraien etxeko idiak Otxandiora eraman zituzten. Gerra pasatu zenean, amama joan zen idi bila. Aita Gueñes inguruan zegoen, abereekin, eta laster itzuli zen. Errekisatu egiten zizkieten abereak; astoa okelatarako kendu zieten.
-
Aitak alde egin zuen; lapurtu zieten behia etxeratu zuen
Gregorio Milikua Isundegi (1926) Berriz
Ebakuatzeko abisua jaso zutenean, aitak alde egin zuen eta beste askok ere bai. Txahala egin berri zuen behia kendu egin zieten. Errandon andre batek behi zahar bat eman zien. Aitak hiru behi eta idiak eraman zituen. Amorebieta baino lehenago, behi pilo bat ikusi zituen aitak; etxekoa ezagutu eta etxera eraman zuen.
-
Ehundaka soldadu karlista etxean
Rosario Barrainkua (1925) Berriz
Ametzuan karlisten batailoi bat bi egunez egon zen. Egun horiek nolakoak izan ziren kontatzen du; aita abereekin etxetik joana zen. Herritarrak izan ziren abisua eman zutenak. Amak umeekin geratu ziren baserriko bi bizitzetan. Karlistek ogi zuria ematen zieten. Sabaietan eta ganbaran lo egiten zuten.
-
Bartzelonatik Vic-era
Sebastian Astola Ajuriagerra (1918) Otxandio
Bartzelonan zeudela, zortzi pezetarekin bost lagunek egin zuten otordua; handik Vic-era joan eta lapiko hondarrak jan ondoren, lotara joan ziren. Mantarik ez zeukatenez, azpian koltxoi bat eta gainean beste bat jarrita oheratu ziren.
-
Hegazkinek metrailatzen zuten etxe ingurua
Andresa Ikaza Olabarrieta (1928) Barrika
Sei urte zituen gerra garaian, eta ondo gogoratzen du dena. Ahizpak eramaten zuen ezkutatzera. Hegazkinek metrailatzen zuten etxe ingurua, eta hegazkinari iheska ibiltzen ziren.
-
Soldaduen arrantxoa jaten zuten
Andresa Ikaza Olabarrieta (1928) Barrika
Gosea pasa zuten gerran eta auzoan zeuden soldaduen altzoan jesarrita haien arrantxoa jaten zuten. Batailoi osoa zuten etxe inguruan.
-
Tropen mugimenduen arabera aldatu behar etxebizitza
Andresa Ikaza Olabarrieta (1928) Barrika
Etxe inguruko batailoiak mugitu zirenean, itzuli ziren Getxotik etxera. Bizkor mugitzen ziren tropak. Aita eta, pinudi batean egon ziren ezkutatuta. Asturiarrek eta alemaniarrek ere gogor jokatu zuten.
-
Bertsolaritza 50eko hamarkadan
Eneko Oregi Goñi (1953) Bergara
Gerraostean bazeuden bertsolariak, baina karlistak ziren. Basarri eta Uztapide, Langileen Batailoietako batean zeuden, bat preso eta bestea guardia eta beraien artean bertsotan ibiltzen ziren. Euskaltzaindia hasi zen bertso saioak antolatzen eta pixkanaka herrietara zabaltzen joan zen. Alfonso Irigoien gai-jartzailea eta epailea.
-
Euskal kulturgintza 50eko eta 60ko hamarkadetan
Eneko Oregi Goñi (1953) Bergara
Euskal kulturgintza asko aldatu zen 50eko hamarkadatik 60kora: bertsolariak, abeslariak... 50eko hamarkada askoz ilunagoa izan zen. Ipar Euskal Herrira joaten ziren diskoak erostera. Han ikurrinak kalean ikusteaz harritzen ziren.
-
Soldaduekin jolasean
Pepe Barandiaran Zaldibar (1924) Eskoriatza
Tren geltoki parean frontea egon zen gerra garaian. Eliza ondotik tankeekin mendira joaten ziren soldaduak eta mutikoak ere beraiekin ibiltzen ziren.
-
Gerra garaian, umeak kartutxoak batzen
Anton Agirre Eraña (1924) Eskoriatza
Gerra garaian, kartutxo hutsak batzen zituzten eta Zubizarretak erosten zizkien.
-
Gerra denboran, "beti tiropean"
Esteban Etxabe Arregi (1927) Arrasate
Estebanek bederatzi urte zituen gerra etorri zenean. Fronteak aurrera egin bitartean, senide batzuen etxera joan zen Esteban. Egunero jaisten zen kalera astoarekin: etxe ostetik irtenez gero ez zuten arriskurik izaten; etxe aurrea, ostera, fronteko tiroen jo mugan zegoen. Iluntzetan, tiro-hotsa izaten omen zen. Azerikua baserrian, Estebanen amaren jaiotetxean, granada bat sartu zen kortan, eta ganadua gobernatzen zebilen Estebanen lehengusua bertan hil zen.
-
Nazionalek Arrasate hartu
Esteban Etxabe Arregi (1927) Arrasate
Nazionalak Arrasatera nondik sartu ziren azaltzen du. Baziren soldaduak herria hartzerako ihes egindakoak. "Gerra denboran, masakrea egin zuten hemen: 45 pertsona hil zituzten" dio Estebanek. Hildakoen artean, hiru abade hil zituztela kontatzen du.
-
Frontea etxe atarian
Esteban Etxabe Arregi (1927) Arrasate
Gerra denboran, egunero jaisten zen kalera esnea banatzera. Nahiko lan izaten zuen astoarekin etxetik ateratzeko: etxe aurrea, fronteko tiroen jo mugan zegoen, eta etxe atzetik buelta irten behar izaten zuen. Bildotsak gauez ateratzen zituen larrera. Denbora horretan, Estebanen anaia zaharrena Araotzen egon zen ardiekin. Muxibarren senide batzuekin egon zen Esteban.
-
Milizianoek ondo jaten zuten
Eustakia Agiriano Zuazua (1924) Aramaio
Milizianoak emandako atun gozoa Eustakik oraindik gogoan du. Janari asko edukitzen zuten milizianoek auzoan egon ziren bitartean. Behin astoan zeramaten otzarakada bat merlenka, lokatzetara erori zitzaien. Sukalde ona eta nahikoa diru omen zuten milizianoek.