Gerraren hasiera
-
Militarrak Legazpin sartu zirenekoa
Jesusa Zabala Aramendi (1923) Legazpi
Militarrak Arrasate aldetik sartu ziren Legazpin. Zaldutxiki baserriko leihoetan koltxoiak jarri zituzten, ez zedin tirorik sartu. Menditik jaitsi eta tren karriletik joaten omen ziren kantuan.
-
Gerra garaiko oroitzapenak
Elvira Olabide Irastorza (1928) Legazpi
Zortzi urte zituen gerra garaian. Motxorro (Telleriarte auzoko baserria) inguruan jende asko egoten zela du gogoan eta beldurra pasatzen zuen. Estankoko bi osabak joan ziren soldadu. Etxetik ateratzen ez zieten lagatzen, tiroen beldur ziren. Goserik pasa izanaren oroitzapenik ez dauka
-
Nazionalak Legazpin sartu zirenekoa
Isabel Kerejeta Garmendia (1916) Legazpi
Nazionalak Legazpin sartu zireneko oroitzapenak. Aurreko egunean, basoan ibili ziren garoa ebakitzen. Mendi puntatik ikusi zituzten milizianoak Argixao aldera joaten. Auzoko bi mutil falta zirelako beldurtuta egon ziren: bat nazionaletara pasatu omen zen, eta, bestea, berriz, soldaduek mendi-bideak erakusteko beraiekin eraman zuten. Soldaduak nondik nora ibili ziren azaltzen du. Nazionalek bi miliziano hil zituzten. Hurrengo egunean, baserriko teilatu aldera balak botatzen zituzten. Milizianoak ihes egin zuten, eta nazionalak Goitegiko atari burutik pasatu ziren Legazpi aldera. Herriko jendea ihesean ikusten zuten, "kaminoa bete jendea ihesi Legazpitik!".
-
Nazionalak sartu zirenekoa
Angela Galparsoro Larrea (1922) Legazpi
Gerra denborako oroitzapenak. Inguruko nazionalistak eta errepublikazaleak Ormakio mendi aldera joan ziren. Nazionalak Telleriarten sartu zirenean, ama eta Angela bakarrik zeuden etxean; neskamea jaiotetxera joana zen. Auzoko batzuen etxean pasatu zuten gaua. Gogoan du soldaduei merienda eman ziela.
-
Nazionalak Legazpin sartu zirenekoa
Rosario Zabaleta Kortaberria (1929) Legazpi
Nazionalak Legazpin sartu zireneko oroitzapena. Rosariok zazpi urte zituen orduan. Tiroak gogoratzen ditu. Umeak etxe aurrean jolasean zebiltzala, Zumarraga aldera zihoazen soldaduak ikustera joan ziren. Bengoleako zerrategiko oholen artetik egon ziren soldaduak zelatatzen. Zerrategiko andreak etxean sartzeko esaten zien umeei.
-
Arratera, monagilo
Txomin Apoita Zubizarreta (1924) Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz
Arraten "monagiloa" behar zutela eta, bederatzi urte zituela joan zen hara Txomin. Gerra hasi zen egunean, Arraten zegoen. Munitibar eta Arrate artean dauden 45 kilometroak oinez egiten zituen, mendirik mendi. Arrateko eskolan ibili zen. Maistra batek ematen zien eskola, eta auzoko 16-17 neska-mutil ibiltzen ziren bertan. Munitibarko eskola baino hobea zen Arratekoa.
-
Gerra garaian, arbia jaterainoko gosea
Juan Erostarbe Olañeta (1921) Elgeta
Elgetan, Francoren soldaduak sartu zirenean, hiru-lau baserritara sartu eta hildakoak egon ziren. Gose handia pasa zuten, arbia jatera iritsi zen Juanito. Errazionamendua urteetan egon zen, pertsonako hainbesteko bat ematen zuten.
-
Bonbardaketa aurretik baserria jendez lepo
Hirune Etxebarria Bastegieta (1923) Gernika-Lumo
Foruko Jauregizar "Jauzar" baserrian bonbardaketa aurreko egunetan egon ziren. 8 gudari ere egon ziren bertan. Horrenbeste pertsona zeuden etxean, bazkaltzeko 3 mahai jarri behar izaten zituztela. Ostean, beste hiru lekutan egon ziren Foruan bertan, Gernikara bueltatu aurretik.
-
Soldaduak Goiburun sartu
Juan Bautista Arruti Iturriotz (1925) Andoain
Amabirgin Egunako arratsaldean sartu ziren nafarrak Goiburun. Juan Bautista auzoko bati udareak ematera joana zen. Nazionalistek meza egin zuten ermitan. Halako batean, soldaduak fusilekin agertu ziren goiko menditik. Eliz atarian zegoen jendea goitik behera korrika hasi zen, baita Juan Bautista ere. Aitak maindire zuri bat sarde baten gainean jarri eta baserriko teilatuan jarri zuen: "bakea eskatzen omen du horrek". Ilundu arte tiroak izan ziren auzoko baserri batetik bestera: alde batetik nafarrak eta bestetik gorriak. Frontea Buruntza mendira mugitu zen gero. Juan Bautistak 11 urte zituen orduan.
-
1936ko ekaineko bertso txapelketa
Juan Bautista Arruti Iturriotz (1925) Andoain
Gerra aurreko giroa du hizpide. 1936ko garagarrilaren (ekainaren) 5ean bertso txapelketa bat ospatu zen, eta abuztuaren 15ean sartu ziren soldaduak Goiburun. Gerora, urte askoan egon ziren bertso txapelketak galaraziak. Kartzelan egondako hainbat bertsolari izendatzen ditu.
-
Gerra hasi zeneko giroa
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Elgoibarren zeuden gerra hasi zenean, lanean. Larunbata zen. Francon aldekoek, buru zirenek, besteek baino informazio gehiago zuten eta Lizarrako trena hartu eta alde egin zuten; bazekiten gerra zetorrela. Besteek ez zekiten zer ari zen gertatzen. Hasi zen gerra berotzen. Batailoiak geroago sortu ziren. San Andres Egunerako batailoiak eratu ziren. Beraien batailoia Mundakan zegoen eta Orduñara eraman zituzten geroago.
-
Hegoaldeko Gerra Zibileko errefuxiatuak Hendaian
Extefana Irastorza (1925) Hendaia
Hendaiarrek eta Hendaian lehendik ziren hegoaldekoek ere jendea hartu omen zuten haien etxeetan. Extefanaren etxean bi gazte hartu zituzten. Pilip eta Koxe. Koxe, Behobiakoa zen, errepublikarra, eta gogoan du Extefanak haren amorrua, eta nola egiten zien oihu "Viva la república!" pasatzen ziren hegazkinei.
-
Gerra zibila hasi zenekoa
Antoni Arantzabal (1929) Elgeta
17 urte zituela izan zen gerra eta orduko gertaera batzuk kontatzen ditu.
-
Nazionalak sartu zirenekoa
Maria Dolores Arrizabalaga Aizpurua (1923) Amasa-Villabona
Nazionalak etorri zirenean, elizondoan zegoen petrilaren gainean igota. Gurutze eta dominekin jantzita etorri ziren oinez. "Que vienen los navarros" esaten zuten. Etxe ondoan batzokia zeukaten eta hiru gau zaintzan eman zituen Maria Doloresen aitak fusila hartuta.
-
Aramaion zeudela hasi zen gerra
Carmen Ibarguen Mondragon (1925) Arrasate
Erromeriak aipatzen ditu, Santa Ageda egunekoa, Santo Tomasak, Urkiolako eguna... Santa Marina egunez, aitaren jaiotetxera joaten ziren Aramaiora. Hara joandako urte batean, gerra nola atera zen eta basabidean oinez nola bueltatu ziren kontatzen du.
-
Erreketeak sartu zirenekoa
Salbador Arana Agirre (1928) Astigarraga
Tiroak entzun zituztenean, ama beraien bila joan zen tabernara. Hurrengo egunean erreketeak ikusi zituen. Herriren bat hartzen zutenean, Astigarragan desfilea egiten zuten falangistek eta. Alemaniar batek antolatzen zuen.
-
Soldadutzatik bueltan, gerra hasiera
Jose Ignacio Agirrezabal Epelde (1914) Azkoitia
Soldadutzatik etxera baimenarekin bueltatu zenean, bezperan gerra aterata zegoen eta anaiak eman zion horren berri. Herriko jauntxoek udaletxera aurkezteko eskatu zieten soldadutzatik herrira bueltatuta zeudela, eta orduan gertatutako pasadizoa kontatzen du.
-
Soldaduek etxea miatu
Migel Ansa Goenaga (1937) Andoain
Gerra hasierako kontuak. Frontea Buruntzan egon zeneko azalpenak. Bonbardeo edo tiroak sumatzen zituztenean, etxeko sagardotegian gordetzen ziren. Soldadu batek etxea miatu zuenekoa kontatzen du. Idiekin bi bandoetako soldaduentzako materiala garraiatzen ibili zen Migelen osaba bat.
-
Gerra hasiera gogoan
Xabier Garikano Solabarrieta (1931) Tolosa
Gogoan du gerra hasi zeneko eguna. Uztailaren 18an Izaskunera joan ziren gurasoak eta lau anaiak. Etxera bueltakoan, aurreneko tiro hotsak entzun zituzten Lizartza eta Leitza aldetik.
-
Legazpin zegoela, gerra hasi zen; Txomin lagunari gertatutakoa
Bittori Igartua Igartua (1919) Oñati
Legazpin neskame zegoela hasi zen gerra. Ahizpa zaharragoa urtebetean egon zen han. Ama hil zen, eta amandrea ere bai. Gerra hasi zenean, bazekiten zerbait. Nafarroatik ihes eginda zeuden batzuk. Ondoko baserriko mutilari gertatu zitzaiona (Makatzaga Etxebarriko Txomin): Bizkaira joan eta preso hartu zuten. Trenean zeramatela, istripua izan eta hil egin zen.


