Gerraren hasiera
-
Neskame Lekeition gerra sartu zenean
Gregoria Gandiaga Onaindia (1919) Markina-Xemein
Gerra sartu zenean, Lekeition egon zen neskame. Kapitain baten etxean egon zen eta bere ardura mahaia zerbitzatzea eta erosketak egitea zen. Aitak etxera etortzeko agindu zion gerra sartu zenean. Neba bi joan ziren gerrara, bat hil egin zen eta bestea zauritu. Gerra amaitu zenean, Erdotza jauregira joan zen Gregoria neskame.
-
Nazionalak herrira sartu zirenekoa
Laurentzi Aretxabaleta Goikoetxea (1930) Markina-Xemein
Frontoiaren ondoan egin zituzten babeslekuak, baina eurak kanpandorrera joaten ziren. Artilleriak tiro asko jaurti zituen Kalamua menditik Markinara. Nazionalak sartu zirenean, alkateak eta komandanteak diskurtsoa egin zuten zelaian: "Hemos conquistado otro pueblo para Dios" esan zuten besoa altxatuta.
-
Jaime I eta Baleares gerrako itsasontziak
Kandido Urreizti Osa (1926) Mutriku
Gerra denborako kontuak. Herriko bikaria bere etxean egon zen ezkutatuta. Kandido Saturraranera bidali zuten senide batzuen etxera. Saturraran eta Ondarroa bitartean, Jaime I eta Baleares gerrako ontziak zeuden itsasoan. Itsasontzietatik Katetxe azpira bonbak nola botatzen zituzten kontatzen du.
-
Frente Popularraren armamentu eskasa
Jesus Aranburu Oskoz (1918) Errenteria
Gerra zibilean Oiartzun aldetik sartu ziren nazionalak Errenterian, Arkaletik jaitsita, nonbait. Frente Popularrekoak zain zituzten, baina lehendabiziko egunetan behintzat, oso armamentu eskasarekin.
-
Gerra hasi zeneko giroa
Jesus Aranburu Oskoz (1918) Errenteria
Gerra hasi zeneko eguna gogoratzen du: Pasai Antxoko festak ziren eta handik bueltan zetozela hasi ziren tiroak. Faxisten auto bat harrapatu zuten herrian eta igande osoa udaletxeko plazan egon zen, denek ikus zezaten. Soldaduak geroago hasi ziren Errenterian sartzen. Etxean balak ez sartzeko, koltxoiak jartzen zituzten leihoetan. 18 urte zituen berak orduan.
-
Gerra Bermeora heldu zen eguna
Anita Larrauri Anasagasti (1931) Bermeo
Gogoan du gerra Bermeora heldu zenean zelan pasatu ziren soldaduen artetik etxera bidean. Aita soldadu eraman zuten. Uholde handia izan zenekoa ere gogoan du, zelan urak ekarri zituen hildako abereak Almika aldetik.
-
ELAko karneta erre faxistak sartu zirenean
Justo Astui Imatz (1922) Bermeo
Errepublika denboran sarri izaten ziren mitinak. "Guardia asaltoak" etortzen ziren halakoetan; behin neska bat zauritu zuten tiroz. Manifestazioak ere ugari, sindikatuenak eta, UGTkoak esaterako. Kanpoko jendea gehienbat. CNT ere bazen. ELA ere bai. Justok sindikatu honen karneta zuen 14 urterekin. Faxistak sartu zirenean erre egin zuen. Ez zuen kuotarik pagatzen.
-
Garraren hasiera
Tomas Arrastoa Iguaran (1925) Amasa-Villabona
Hamaika urte zituen gerra hasi zenean. Aitaren baserrira joan ziren kalea utzita. Vilabonan ez zen erresistentzia handiegirik egon. Ihesi joan ziren asko, beste batzuk fusilatuak izan ziren.
-
Gerra hasiera
Demetrio Garmendia Sarasola (1919) Baliarrain
Gerra hasi zenean, 16 urte zituen. Ikaztegietako zubia bota zutela gogoan du. Nafarrak etorri ziren, eta horrela enteratu ziren gerra hasi zela. Orduan zazpi eguneko kontua zela esaten zuten. Nafarroatik Mola zetorrela esaten zuten. Francok Molari hegazkinean tranpa jarri ziola esaten zuten.
-
Gerraren berria irratian
Isidro Mandiola Solozabal (1924) Markina-Xemein
Aitita Barinagako meza nagusira joaten zen domeketan. Horietako domeka batean, tabernako irratian gerra hasi zela entzun zuen. Gero, San Migel egun inguruan agertu ziren milizianoak Kalamuatik. Zazpi hilabetean egon ziren bertan.
-
Gerra hasiera Gaztelun
Maria Albizu Irizar (1908) Leaburu
Gerra hasi zenean, Gaztelun zegoen. Gorriak Leaburun izan ziren. Gero Tolosaldera pasa zen. Soldaduak Nafarroatik etortzen ziren. Etxean egoteko esaten zuten. Beraiek lanean jarraitu zuten, baina ez zuten beldurrik pasa. Nafarrak euskaldunak ziren. Soldaduak esnea eta arrautzen bila etortzen zitzaizkien.
-
Gerra hasi eta Bizkaia aldera ihesi
Gabriel Nogues Martikorena (1920) Lasarte-Oria
Iruñean aritu zen ikasten jostun izateko, eta oporretarako etxera etorri zenean hasi zen gerra. Gerra hasi zeneko oroitzapenak gogoan ditu: altxamenduak, erreketeak, moroak, haiei buruzko esamesak... Hemengo jendea prestatzen hasi zen moro eta erreketeen aurka egiteko, psikosia egon zen. Azkenean, jende askok alde egin zuen herritik Bizkaia aldera: Gabrielen familia Eibarko familiarteko batzuen etxera joan zen hasieran; gerora, Gorozikako baserri batera joan ziren denak batera; handik Bilbora; baina, Bilbo ebakuatu zutenean, familia guztia Frantziara joan zen eta Gabrielek Bilbon geratu behar izan zuen 17 urte zituelako. Bilbon bera bakarrik geratu zen eta nola-hala moldatu behar izan zuen aurrera egiteko. Nahita ere ezin zuen Lasartera itzuli orduan, frontea baitzegoen tartean.
-
Gerra hasiera, Irunen
Patxi Bolaño Olea (1927) Irun
Gerra nola hasi zen, uztailean. Pikoketa abuztuan hartu zuten erreketeek, eta egun hartan eman zioten sua beraien etxeari gorriek. Ortiz de Zarate hil zuten. San Martzialen hiru eguneko tiroketa izan zen. Minako ur-jauzitik ikusi zuten dena. Mandoak nola amildu ziren. Maindire zuriarekin joan zen aita.
-
Gerra hasi zenean, politikaz gutxi zekiten
Juan Joxe Imaz Mujika (1919) Hernialde
Gerra hasi zenean, nafarrak zetozela esan zuten. Arratsaldean belarra biltzen ari zirela enteratu ziren. Ezer ez zekitela azpimarratzen du. Txapel gorriak Hernialdera iritsi ziren, Montezkuetik barrena.
-
Gerra hasi zenean, izara zuri bat leihoan
Eusebia Etxeberria Amiano (1920) Gabiria
Gerra hasi eta tropak etxe ondotik pasa zirenean, izara zuri bat jarri zuten leihotik zintzilika. Errekete bati etxe hartan gizonezkorik ez zegoela esan behar izan zion. Gazte guztiak Gabiriako batzokian elkartuarazi omen zituen alkateak. 18 mutil gabiriar hil ziren gerratean.
-
Mola Franco baino gogorragoa zen
Bittor Garaigordobil Berrizbeitia (1915) Abadiño
1936an, gerra hasieran, bonbardatu zuten Otxandio. Neguan barealdia izan eta gero 1937an berriro hasi ziren gogor erasotzen. Bittorren anaia ere orduan hil zuten, traizio bat tarteko. Errekete nafarrak oso gogorrak ziren. Mola Franco baino gogorragoa zen, hasieran Franco ez baitzen izan gerraren buru izateko hautagaia. Mola abioi istripu batean hil zen.
-
Gerra hasieran txirrindularitza-itzulia bertan behera
Santos Irazustabarrena Ermina (1928) Alegia
Zortzi urte zituela, gerra hasi zen. Goizean jaiki zirenean txirrindularitza-itzulia zegoen Alegian; eta, bando baten bitartez, bertan behera gelditu zela jakinarazi zieten; mugimendua hasi omen zen. Herriko zubiari hiru zulo egin zizkioten kotxerik ez pasatzeko, bere ustez, nafarrak ez sartzeko. Gerra hasi aurretik, horrelakorik ez zuten espero.
-
Etxea errekisatu eta hil arte bertan bizi
Apin Urreta Solagaistua (1926) Durango
Gerrak bete-betean harrapatu zuten eta auzokoekin batera, buztarri eta etxeko gauzak hartuta, Karrantzara eta Torrelavegara joan ziren. Etxera bueltatzerakoan, beraien etxe bat (baserria barik, beste bat) errekisatuta izan zuten. Herrian gelditu ziren karlistek agintzen zuten herrian. Bere aitaginarreba gorria zelakoan, kartzelara sartu zuten. Etxea errekisatu ziena hil arte bizi izan zen bertan.
-
Garinen igaro zuten gerra
Mari Carmen Lasa Odriozola (1929) Beasain
Gerra Zibilak iraun zuen bitartean Garinen egon ziren. Ez zuten inora alde egin. Mandubitik botatzen zituzten kanoikadak gogoan ditu.
-
Tropak sartu zirenekoa; eskolako kanta frankistak
Elisa Kalzada Ugalde (1929) Busturia
Gerra Zibila hasi zenean, gudariek esan zien etxetik alde egiteko. Gaua etxetik kanpo pasatu ostean, etxean zeudela etorri ziren tropak. Auzoko batzuk ondo etorria ere eman zien haiei. Eskolan haiei gorazarre egiteko kanta guztiak ikasi zituzten.


