Ihes egin beharra
-
Gerran Lekeitiora ihes egin behar
Gregorio Etxeberria Esteberena (1924) Pasaia
Gerra hasi zenean, 10 urte zituen, eta Lekeitiora egin zuten alde herritik; 10 hilabete egon ziren han. Aita gerrara joana zen ordurako, eta preso hartu zuten. Aita etxera itzuli bitartean, amak nola-hala moldatu behar izan zuen familia aurrera ateratzeko.
-
San Juandik jende askok egin zuen alde gerran
Gregorio Etxeberria Esteberena (1924) Pasaia
San Juanen gerrak zer eragin izan zuen azaltzen du: jende askok egin zuen alde. Beraiek Lekeition egon ziren; eta, han ere nazionalak sartu zirenean, ihes egin behar izan zuten.
-
Gerran, etxe hutsetan lapurretak
Gregorio Etxeberria Esteberena (1924) Pasaia
Herrian jende gutxi geratu zen gerra garaian. Geratu zirenetako batzuk aipatzen ditu. Osabak zaindu zuen etxea, beraiek kanpoan egon ziren bitartean; baina hainbat etxe hutsetan lapurretak egon ziren.
-
Gerran Pasai Donibanen; ihesa; hildakoak
Xeberiano Sistiaga Legorburu (1921) Pasaia
Gerra nola hasi zen. Mezatik bueltan esan zien amak. Mutil batek esan zuen falangista zela, bakarra zen. Mutil asko hil zen, gudari joanda. Irailean sartu zirenean, hutsik zegoen herria. Zeintzuk geratu ziren. Bi anaia elkarren kontra ibili ziren gerran. Bere familia ez zen inora joan. Anaia eraman egin zuten. Borrokan hildako herritarrak.
-
Herria hutsik eta sakeoak; erreketeak
Xeberiano Sistiaga Legorburu (1921) Pasaia
Herrian gutxi geratu ziren. Jendea itsasontziz joan zen Bilbo aldera. Mezara joan zirenean, kalea hutsik. Etxe asko hustu egin zituzten. Karabineroen kuartela sakeatu egin zuten. Erreketeek ogia ematen zieten esnearen truke.
-
Gerran batetik bestera
Joxe Sagarzazu Etxebeste (1933) Pasaia
Gerra Zibila hasi zenean, Hondarribitik Iparraldera joan ziren ihesi. Handik Kataluniara joan ziren; eta, gerra bukatu artean, han egon ziren: senide guztiak sakabanatuta egon ziren hainbat familiatan; gerra bukatu eta zenbait urte pasa ostean, Joxek lortu zuen berriro harremanetan jartzea bera hartu zuen familiarekin. Gerra garaian, soldaduekin ibiltzen zen Joxe. Behin soldaduek ilea moztu ziotenekoa gogoan du.
-
Gerra hasierako ezbeharrak eta ihesak
Fabian Iparragirre Manzisidor (1917) Pasaia
Gerran gudari ibili zen Fabian. Gerra hasi zeneko oroitzapenak kontatzen ditu. Erreketeek baserri batean ama bat eta bere hiru seme hil zituzten. Fabianen familia Getariara eta Bilbora joan zen ihesi.
-
Gerran, herria hustu egin zen
Emilio Olasagasti Lizaso (1920) Pasaia
Gerra etorri zenean, gehienek Bilbo aldera egin zuten alde. Beraiek, ordea, herrian gelditu ziren; aitak erabaki zuen ez zela handik mugituko.
-
Umetan frantsesa oso ondo zekien
Mila Mendia Goitia (1931) Lekeitio
Gerra zibilean Hendaian egon zen eta bertako eskolara joan zen. Lekeitiora bueltatu ostean, mojen ikastetxera joan zen. Frantsesa irakasten zuen mojak baino frantses gehiago ei zekien Milak berak. Hala ere, gaur egun ia dena ahaztu du.
-
Dotrina Hendaiako mojekin
Mila Mendia Goitia (1931) Lekeitio
Gerra Zibilean Hendaian egon ziren. Dotrina mojekin ikasi zuen bertan. Beraien ama nagusiaren moduko begiak zituela-eta, asko maite zuten mojek Mila. Erreka ondora jolasten eta sua egiteko egur bila joaten ziren.
-
5.000 pezetako isuna errekisatutako etxea berreskuratzeko
Mila Mendia Goitia (1931) Lekeitio
1937ko apirilaren 28an izan zen Lekeitioko ebakuazioa eta lau urtez egon ziren Hendaian. Aita errepublikazalea zen eta ezin izan zuen beraiekin joan, fitxatuta zegoen-eta. Alemaniarrak Frantzian sartu orduko bueltatu ziren berriro ere Lekeitiora. Etxea ere errekisatu zieten eta 5.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen amak etxea berreskuratu ahal izateko. Etxea zikin-zikin aurkitu zuten. Etxera bueltatu baino lehen, etxe desberdinetan sakabanatuta egon ziren etxekoak.
-
Bikarioaren etxeko eskola
Gregori Goitia Izurieta (1919) Lekeitio
Gerra Zibilean herria ebakuatu zutenean, aitak alde egin zuen eta etxeko umeak amumagaz geratu ziren. Eliza atzeko bikarioaren etxeko eskolara joaten zen domekero.
-
Aita bakarrik joan zen ebakuatuta
Bitoria Aboitiz Atxabal (1931) Lekeitio
Gerra garaian, beste askok egiten zuten legez, bere aitak ere baporea hartu ere alde egin zuen. Ontziak 'Aberri Eguna' izena zuen eta horrek sortutako ikarak eraginda, bakarrik joan zen.
-
Ebakuatutako jende asko
Jose Eiguren Mendiguren (1927) Lekeitio
Gerran bapore asko bete ziren ebakuatutako jendearekin. Egoera tamalgarria zela dio: askok ez zekiten nora zihoazen ere, ume asko zeuden, jendea goseak zegoen... Soldadu italiarrak kontzejupean egoten ziren; harreman ona zuten beraiekin.
-
Lekeitiotik Santoñaraino bizitakoak
Juan Uribarren Atxabal (1924) Lekeitio
Gerra heldu zenean, Juanek aitarekin batera motor txikian alde egin zuten Santoñaraino. Ebakuazioa zelan bizi izan zuten kontatzen du zehaztasun guztiz: Armintzan zeudela, aitak soldadu joan behar zuela esan zion alkateak; faxistak Bilbora sartzerakoan, Zierbenera joan ziren eta handik Algortara; Bilbo hartu zutenean, Laredora joan ziren; azkenik, Santoñara joan ziren. Toki guztietan izan zituzten bizipen interesgarriak. Santoñan faxistak lekeitiar batzuen bila joan ziren; "Aita Guria" baporean, Leturia lekeitiarra hartu eta fusilatu egin zuten.
-
Santoñatik Lekeitiora bueltan; Euzkadiko dirua
Pedro Juan Akarregi Aboitiz (1921) Lekeitio
Bera aitarekin egon zen Bilbon gerra sasoian, etxeko gainerakoak Frantzian zeuden bitartean. Euzkadiko dirua zelakoa zen azaltzen du. Santoñan harrapatu zituzten eta baporeko ikatza kendu zieten.
-
Gerratik ihesi Frantziara
Jesusa Akarregi Aboitiz (1920) Lekeitio
Gerra Zibileko indar nazionalak Lekeitiora sartu zirenean, beraiek ebakuatuta joan ziren Frantziara baporean. II. Mundu Gerra hasiko zelakoan bueltatu ziren handik herrira. Jende askok egin zuen ihes itsasoz. Frantziatik bueltan, Lekeitiora bueltatu aurretik, Santurtzi inguruan egon ziren. Han eta Lekeition, soldaduen arropak garbitzen zituzten.
-
Frantziara heldutakoan, mediku-azterketa
Jesusa Akarregi Aboitiz (1920) Lekeitio
Frantziarako bidean, Santanderretik Saint Nazaire-ra heldu ziren lehenengo. Familiako asko joan ziren elkarrekin; beraietako ume bat elgorriak jota egon zen. Lantegi handi batean egon ziren bizitzen; eta, heldutakoan, medikuek artatu zituzten. Medikuekin zeudela, gizonezkoek zelan begiratzen zuten gogoratzen du.
-
Sant Nazaire-ko etxeetan bizitzen
Jesusa Akarregi Aboitiz (1920) Lekeitio
Frantziako Saint Nazaire-ra heldu eta mediku-azterketa izan ostean, bakoitzari hizki bat jarri zioten paparrean. Bere ama ume gaixo batekin gelditu zen, eta gerora batu ziren berriro. Bi etxe desberdinetan banatu zituzten.
-
Frantzian elkar ezin ulertu
Jesusa Akarregi Aboitiz (1920) Lekeitio
Gerra garaian, Frantziako Saint Nazaire-ra joan ziren ebakuatuta. Etxe ingurua zelakoa zen azaltzen du. Okinarekin izaten zituzten ezin ulertuak azaltzen ditu. Bertakoek ondo hartu zituzten hara joandakoak, baina ez zekiten ezer euskaldunei buruz. Guztira hiru hilabete egin zituzten han.


