Ihes egin beharra
-
Gerra garaian jaiotetxera joan-etorria senideak ikustera
Martzel Garitagoitia Arriaga (1922) Mallabia
Gerra garaiko kontuak. Frontea Kalamuan egon zen 7 hilabetean. Garai hartan bera Ermuan zegoen. Gernika eta Durangoko bonbardaketak. Baserrikoak ezkutatu egin ziren; eta, 14 urterekin, bera geratu zen baserriaren arduradun. Gerea auzora egin zuen joan-etorria, gurasoak eta familia nola zeuden ikusteko. Tropak; moroak. Orduko pasadizoak.
-
Gerrako ibilerak
Martzelino Zenarruzabeitia Zarate (1913) Amorebieta-Etxano
Gerra garaian, Algortara joan zen eta handik Karrantzara, sanitario bezala lan egitera. 1937ko abuztuaren 17an, preso hartu zuten Limpias-en eta Laredon hilabete batez preso egon ondoren, Zaragozako San Juan de Mozarrifar-eko kontzentrazio-esparrura eraman zuten beste hilabete batez. Handik, Gironara eraman zuten lan-batailoiaren barruan. Bertan zegoela bukatu zen gerra eta 1939ko abenduaren 27an, etxera bueltatu zen.
-
Soldaduak behi eta esneekin gelditzen ziren
Fortuna Bediaga Solaegi (1919) Amorebieta-Etxano
Gerra garaian etxe bat zaintzeko eskatu zioten. Milizianoak heldu zirenean, behia hartu nahi izan zuten eta Fortunak aurre egin zien. Esne guztia hartu zuten. Ihes egin zuen Fortunak, beste batzuekin batera.
-
Durangotik Bernagoitira gerra garaian
Fortuna Bediaga Solaegi (1919) Amorebieta-Etxano
Gerran, hainbat jende Bernagoitian geratu zen. Durangotik ihes egiten zuen jendea ere bertan geratzen hasi zen, bi fronteren artean. Behiak, txahalak, idiak, artoa... kendu zizkieten askori.
-
Gerratik ihesi; bueltan Koruetara bizitzera
Patxi Goikolea Zabala (1933) Arrasate
Gerraren ondorioz alde egin eta urtebetez kanpoan izan ziren. Aita kartzelan, etxea apurtuta, ama seme-alabekin Koruetara joan zen bizitzera. Hogeita bat urtera arte egon zen bertan.
-
Santi Arizmendiarrieta gerra garaian
Olga Arizmendiarrieta Urriategi (1932) Eibar
Hornidura komisario izendatu zuten gerra hasi zenean. Eibar hartu zuten egun berean Bilbora bidean zen. Hanka hautsi zuen egun hartan eta ondorioz denbora luzez ibili zen herren. Atxilotu zutenean Duesoko kartzelara eraman zuten. Langileen batailoian behartutako lanak egiten jardun zuen frontean geroago eta, azkenik, Ondarretako kartzelara eraman zuten.
-
Umea izandakoan, gerra etorri
Mikaela Arretxe (1917) Ondarroa
Ezkondu eta gerra etorri zen. Mikaelak umea eduki berria zuen, eta gizona gerrara joan behar izan zen. Sarritan umea hartu eta baserrira joaten zen, Hernanira. Ondarroatik irteteko baimen berezi bat behar izaten zuten. Erreketeak bi-hiru aldiz joan zitzaizkion Mikaelari, gorria zelakoan.
-
Gerran Bilbo aldera, ebakuatuta
Maria Teresa Larruzea Uriguen (1928) Amorebieta-Etxano
Jaunartzea egin eta laster, gerra zibila hasi zen eta ebakuatu egin zituzten gurasoak, lau neba-arreba eta izeba. Aita Larraskitura joan zen behiekin; umeak amarekin Santutxura, osabaren etxera. Denak ez ziren kabitzen osabarenean eta beheko solairuko gela bat utzi zieten. Sirenak jotzen zuenean, babeslekura joaten ziren, komentuko sotora. Umeak jolasean ibiltzen ziren.
-
Erreketeak Intxortan
Avelino San Sebastian Barandiaran (1906) Antzuola
Erreketeak Intxortara iritsi zirenekoa kontatzen du, eta eraso egiteko zer estrategia erabili zuten. Bera Lekeitiora joan zen amarengana, baina 1937an eraso egin zuten berriz, eta Intxortakoek alde egin behar izan zuten.
-
Gudariei Bilbo defendatzera joateko dei egin zitzaien
Jose Zufiaurre Goia (1934) Beasain
Eusko Jaurlaritzak gudariei egindako deia; Bilbo defendatzera joateko eskaera. Beasaindik ihes egindako batzuek Bilborako bidea hartu zuten. Gosea. Bilbo erori zenean, Urduñako kartzelara eraman zuten. Bitartean, ama-umeak Zerainera joan ziren bizi izatera. Ama Zeraindik Bernedoren lantegira joaten zen egunero bizikletan. Guardia Zibilek salbokonduktoa eman zioten.
-
Deikaztelutik Mutrikura gerra garaian
Maria Pilar Romero Urreisti (1946) Mutriku
Aita Deikaztelukoa da. Gerra garaian, aitaren arreba baten senarra eta haren beste senide batzuk hil zituzten eta aitaren familiak herritik ihes egin behar izan zuen. Saturraranera heldu zen, eta, bertan soldadu zegoela, gaixotu egin zen. Mutrikuko familia batek hartu zuen etxean eta bertako alabarekin ezkondu zen. Aitak ez zekien euskaraz eta moilan ikasi zuen arrantzaleekin. Gero, bera ere itsasoan lanean ibili zen.
-
Medikuaren laguntzaz bueltatu zen aita Mutrikura
Joseba Mirena Agirre Mugerza (1935) Mutriku
Gerra Mutrikura heldu zenean urte bat zuen Joseba Mirenak. Gerrako kontuak etxean entzun ditu. Aita eta haren koinata bat Frantziara ihes egin zuten. Aitak, Mutrikura bueltatzeko Arriolako medikuaren laguntza izan zuen. Koinata ordea Mexikora joan zen.
-
Gerratean gizon bat ezkutatuta etxean
Krispin Arregi Mendiolagarai (1936) Amorebieta-Etxano
Umeak mantarrean eta mantoian batzen zituzten. Gerratean aitak gizon bat, desertorea, ezkutuan eduki zuen bi urtez. Basoko kobazulo batean gizonaren tresnak topatu zituzten; basoan bizi zen orduan gizona.
-
Gerratik ihesi
Teodora Gerediaga Gastelu (1928) Amorebieta-Etxano
Gerra garaian, etxetik alde egin behar izan zuten. Aita abereekin joan zen eta beraiek aititaren etxera jaitsi ziren, eta handik errotara. Aitak behia laga zien hiltegian. Behiak ama zela ezagutu zuen kontatzen du.
-
Amak Frantziara joan nahi ez
Teodora Gerediaga Gastelu (1928) Amorebieta-Etxano
Familiako batzuk Frantziara abiatu ziren itsasontziz. Bere amak ez zuen joan nahi izan.
-
Sei urtean Frantzian errefuxiatuta
Arantxa Gurmendi Olabiaga (1944) Donostia
Sei urte eta erdi Frantzian errefuxiatuta egin zituzten senarrak eta berak. Esperientzia aberatsa izan zen hura ere. Zein modu bitxian ezkondu ziren, gurasoak lasai egoteko. Frantsesa bazekien, baina hasiera gogorra.
-
Gerra osteko lehen euskarazko irratsaioa, Paristik
Arantxa Gurmendi Olabiaga (1944) Donostia
Parisen euskarako irakasle hasi zen senarra, unibertsitatean, Txillardegik utzi zuenean. Antzerki-talde batean hasi zen bera, Azañaren ilobarekin, eta Buenas noches, España irratsaioan parte hartzea proposatu zion, euskaraz. Pirenaica irratsaioa.
-
Gerra sasoiko bizipenak: familia sakabantuta, Arriandiko maistraren eskutitza...
Frantziska Egiguren Bereziartua (1924) Iurreta
Gerra aurretik Zamudioko maistra euskaldun bat izan zuten Arriandiko eskolan. Gerra sasoian Bilbon egon zen kartzelan. Handik eskutitza bidali zuen, berari zuzenduta. Arriandiko amabirjinari kapa bat egiteko dirua batzeko eskatu zion. Kartzelan josi zion kapa eta prozesioa egin zuten Amabirjinari kapa jartzeko. Etxeko guztiak sakabanatuta egon ziren, baina maistrak nonbaitetik jakin zuen beraiek etxean zeudela. Ama, aizta bi gazteagoak eta neba bat zeuden etxean, baina 17 urteko neba "kamillero" moduan eraman zuten. Bi tropen erdian zeuden eta gauez Durango aldera eramaten zituzten. Jateko eskasia izan zuten. Horrela pasa zuten 1937 urtea. Aitaren berririk ez zuten izan urtebetean. Aita izebaren etxera joan zen, baina baserria bonba batek txikitu zuen izeba bertan zela. Anaia nagusiena Francoren tropekin ibili zen, soldadutza amaitzear harrapatu zutelako, eta bi anaia gazteagoek ez zuten boluntario gisa joan nahi izan, anaiaren kontra ez aritzeko. Bietako bat preso hartu zuten eta Bilbon egon zen fusilatzeko puntuan, Arriandiko maistraren antzera. Durangoko medikuari esker salbatu ziren.
-
Gerra sasoiko bizipenak: aita eraman, etxeak hustu, hildakoak...
Frantziska Egiguren Bereziartua (1924) Iurreta
Gerratean aita pistola paparrean ipinita eraman zuen etxetik miliziano batek. Txerria eta bi ohe utzi zituen etxean, ezin zituelako berarekin eraman, baina beste traste guztiak eraman zituen. Soinean zituzten arropekin geratu ziren. Etxe inguruko arboladi batean mutil bat hilda aurkitu zuten bere osabek. Bera hura ikustearren atera zen eta etxe guztietako ateak zabalik zeudela ikusi zuen: jendeak alde egin zuen, dena bertan lagata. Gauean etxeetako traste guztiak eraman zituzten; beraiei txerria ere horrelaxe ostu zieten. Milizianoak izango zirela uste du. Francoren tropak Durango alderago zeuden. Milizianoek tankea zutela kontatzen du.
-
Gerra sasoiko bizipenak: jateko eta arroparik ez, etxeak hutsik, beldurra...
Frantziska Egiguren Bereziartua (1924) Iurreta
Arriandi auzoan jendeak alde egin zuen etxeetatik, dena bertan lagata. Amak Oromiño auzora bidali zuen, senideengana, baina han ere etxea hutsik aurkitu zuen. Beldurra pasa zuen bidean. Etxe handi baten ondoko gerezi-arbolan tripa eta poltsikoak bete zituen gereziz. Etxea hutsik zegoen. Norena zen eta barrutik nolakoa zen azaltzen du. Bidean hutsik aurkitu zituen etxe guztiak. Etxe bateko arropak hartu zituzten, ez zeukaten ezer eta. Jendea etxeetara itzuli zenean, auzoko lapurrak zirela esaten zuten. Beraiei txerria eta bizikleta ostu zizkieten. Bi bandoen erdian zeudenez, gaua pasatzera Mallabienara joaten ziren. Teila-lantegia zegoen han. Umeek oilo-tokian egiten zuten lo eta nagusien kanpoan.


