Ondasunen galera
-
Ezer barik etxe eske
Elisabet Aretxabaleta Goikoetxea (1921) Markina-Xemein
Bere amaren lehengusina bat errota batera ezkondu zen eta bere ahizpa han egon zen gerran. Bere ama bi ume gazteenekaz Markinara bueltatu eta ezer barik utzi zutenez, udaletxean etxe bat eskatu zuen. Elisabet eta bere neba Aulestin geratu ziren.
-
Gerraostean etxea okupatuta eta aita hiltzear
Patxi Sansinenea Azurmendi (1935) Donostia
Groseko Birmingham kalean bizi ziren, baina gerraostean ezin izan zuten etxera sartu. Errejimenekoak omen ziren etxea okupatu zienak, eta beraiek ez zuten ezertarako eskubiderik ezta kexatzeko ere. Aita gerratik gaixo etorri zen eta laster hil zen. Orduan, Zegamara joan zen amarekin batera, hangoa baitzen ama. Paper-lantegian gutun-azalak egiteko lantegia ere bazuten, eta ama bertako arduradun jarri zuten. Kontu kuriosoa da; izan ere, bere ama abertzalea zen eta lantegikoak ez.
-
"Salvoconducto"a
Julian Arruti Ezenarro (1926) Azpeitia
Gerra denborako kontuak. Bidaiatu ahal izateko "salvoconducto"a, baimena... eskatu behar izaten zen komandantzian. Familiako altzari lantegia berriz martxan jarri zutenean, altzariak saltzera joateko "salvoconducto"a eskatzera joaten zen Julian. Komandantzia bi tokitan egon zen: lehenengo, beterinarioaren etxean (errekisatu egin zioten), eta, gero, Enparan jauregian. Egunerokoan diruarekin zer arazo izaten ziren aipatzen du.
-
Erreketeak etxez etxe abertzaleen bila eta ondasunak errekisatzen
Terese Lertxundi Kaltzakorta (1930) Ondarroa
Behin bere aita kartzelara eramatekotan etorri ziren beraien etxera. Aita ohe azpian ezkutatu zen. Ohikoa zen etxeak erregistratzea eta bertako ondasunak errekisatzea. Emakumezko erreketeak aritzen ziren lan horretan. Abertzale asko kartzelaratu zituzten; horietako asko eta asko emakumezkoak, ama zirenak. Bilboko Larrinagako kartzelara joaten ziren.
-
Behia exijitzen
Gregori Ajuriagojeaskoa Loroño (1913) Muxika
Aitaginarreba Frantziara joan zen ihesi. Gregori ezkondu eta gero, bere aitaginarrebak etxeko behiak eraman zituen. Batek behia eman zion amaginarrebari, eta gero behi hori emateko exijitu zion; baina berak jada ez zuen behirik. Kartzelara eramango zutela mehatxatu zioten. Istorio horretan gertatutakoa zehatz-mehatz kontatzen du Gregorik.
-
Mendatatik Markinara
Mari Carmen Azkune Arrate (1928) Markina-Xemein
Etxea hustuta aurkitu zuten etxeratu zirenean, herriko jendeak lapurretan eginda. Nola edo hala lortu zituzten bizitzeko behar ziren gauzak. Gerra berriz pasatzea baino nahiago luke hiltzea.
-
Euskalduna eta Arco-iris elkarteak
Migel Mari Iraola Uranga (1921) Tolosa
Gerra garaian, "Euskalduna" elkarteko kideek alde egin zuten Tolosatik. Gero, gerra pasatakoan, ez zieten utzi elkartea berriro irekitzen; eta, hutsa zegoenez, Arco-iris taldekoak jarri ziren bertan.
-
Gerran, etxe hutsetan lapurretak
Gregorio Etxeberria Esteberena (1924) Pasaia
Herrian jende gutxi geratu zen gerra garaian. Geratu zirenetako batzuk aipatzen ditu. Osabak zaindu zuen etxea, beraiek kanpoan egon ziren bitartean; baina hainbat etxe hutsetan lapurretak egon ziren.
-
Herria hutsik eta sakeoak; erreketeak
Xeberiano Sistiaga Legorburu (1921) Pasaia
Herrian gutxi geratu ziren. Jendea itsasontziz joan zen Bilbo aldera. Mezara joan zirenean, kalea hutsik. Etxe asko hustu egin zituzten. Karabineroen kuartela sakeatu egin zuten. Erreketeek ogia ematen zieten esnearen truke.
-
5.000 pezetako isuna errekisatutako etxea berreskuratzeko
Mila Mendia Goitia (1931) Lekeitio
1937ko apirilaren 28an izan zen Lekeitioko ebakuazioa eta lau urtez egon ziren Hendaian. Aita errepublikazalea zen eta ezin izan zuen beraiekin joan, fitxatuta zegoen-eta. Alemaniarrak Frantzian sartu orduko bueltatu ziren berriro ere Lekeitiora. Etxea ere errekisatu zieten eta 5.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen amak etxea berreskuratu ahal izateko. Etxea zikin-zikin aurkitu zuten. Etxera bueltatu baino lehen, etxe desberdinetan sakabanatuta egon ziren etxekoak.
-
Herriko etxeak garbitzera zigortua
Jesusa Akarregi Aboitiz (1920) Lekeitio
Sei hilabeteko kartzela-zigorra izan zuen, baina azkenik herritik ezin irtetea izan zen zigorra. Herriko txaletak, batzokia... garbitzera behartu zituzten; garai hartan batzokia errekisatuta egon zen.
-
Errenteriatik Donostiara ihesi, etxean lapurtuko zieten arriskuarekin
Iñaki Goñi Galarraga (1929) Errenteria
Iñaki eta bere senideak Donostiara joan ziren gerra garaian osabaren etxera, eta han egon ziren hilabete batzuk. Donostian, Urbieta kalean bizi ziren. Errenteriatik alde egin zuen jendearen etxeetan arpilatzeak (sakeoak) egon ziren. Apaizak (karlistak ez zirenak) kale-jantzian egoten ziren, zerbait egingo zieten beldurrez.
-
Aitajauna "abanzeak" harrapatu zuen
Pedro Karetxe Urrejola (1930) Aramaio
Trintxeratan eta karobi zaharretan hobiratutako soldaduak gogoratzen ditu. Aitajauna arditan zela, "abanzeak" harrapatu zuen, eta Zeberioraino eurekin joatera behartu zuten. Kendu ez zizkioten ardiekin, etxera itzuli ahal izan zen. Hamar ardi inguru galdu omen zituen.
-
Hernanitik ihesi joandakoak
Paxkuala Kortadi Ormaetxea (1923) Hernani
Tiroetatik ihesi joan zirenek ez zekiten nora zihoazen ere. Asko ezagunak ziren. Batzuek urteetara bueltatu ziren. Etxeak hustu zituzten.
-
Bueltan, aitak itsasontzia erosi zuen
Maria Angeles Elduaien Emazabel (1936) Hondarribia
Ziburun jaio zen. Gerra hasi zelako joan ziren hara. Bueltan, etxerik ez zuten. "Estrella del mar" arrantza-ontzia erosi zuen aitak; uretara nola bota zuten, behiekin.
-
Baserria erre eta 18 urtez egon zen berreraiki gabe
Jose Mari Larreategi Gallastegi (1923) Jesusa Maiztegi Gallastegi (1927) Soraluze
Gerra denboran, baserria erre zuten. Aita burugogor jarri zen eta apurtu zutenek konpondu behar zutela baserria zioen, berak ez zuela konponduko. Atzealdean zuten txabola batean jarri ziren bizitzen eta 18 urtez egon zen baserria berriz eraiki gabe, Joxe Marik hormigoiarekin egin zuen arte.
-
Argiñao baserria bi aldiz erreta
Jose Mari Larreategi Gallastegi (1923) Jesusa Maiztegi Gallastegi (1927) Soraluze
Arrate bailaran, Narru, Zestero eta Argiñao baserriak erre zituzten. Argiñao baserria gerra aurretik erre egin zen, eta Karakate azpiko gurutzetik nola ikusi zuten kontatzen du. Gerra garaian berriz erre zuten. Bi fronteren erdian zeuden.
-
Herrira itzultzean, etxeetan lapurretak eta irainak
Lucia Etxabe Zubizarreta (1927) Soraluze
Aita frontean eta kartzelan egon zen. Familia herrira bueltatu zenean, etxe askotan lapurretan egin zituztela konturatu ziren. Karlistak tente ibiltzen ziren. Berak ez zeukan gorrotorik.
-
Gerra garaian, pianoa sutarako
Pastora Iraola Larrañaga (1916) Soraluze
Okindegia zuten lekuan, dantzalekua jartzen zuten, pianoarentzat eszenario eta guzti. Gerra garaian, sua egiteko, pianoa puskatu behar izan zuen. Herritik alde egindakoek utzitako porruak batzen zituzten ezagun batek eta berak, jateko.
-
Gerra garaian herritik ihesi
Jaio Ezenarro Alberdi (1919) Iñaki Iñurrieta Goikoetxea (1918) Soraluze
Gerra garaian, Bilbora egin zuten alde. Tren berezi bat jarri zen eta jende asko joan zen Soraluzetik. Itzultzean, askok etxea guztiz hondatuta aurkitu zuten. Eurak kanpoan zeudela beste batzuek euren gauzak hartzen zituzten, ez zutelako uste gehiago itzuliko zirenik.