Gerran hildakoak eta zauritutakoak
-
Amildegitik bizirik irten zen nafarra
Maritxu Olabiaga Etxabe (1915) Donostia
Gizon bat joan zitzaien etxera. Nafarroan amildegi batetik bota zuten, baina bizirik atera zen nolabait. Goseak zegoen, gaizki jantzia... Jaten eman zioten denek. Laguntzeko prest zeuden toki batzuetan, Ondarroan, adibidez, etxeak zabalik.
-
Abioien arteko borroka
Fermin Etxebarria Elorza (1928) Aramaio
Behin, lotan zegoela, bonba-hotsak esnatu zuen, sukaldera jaitsi, eta ez zuen inor aurkitu etxean. Gurasoak sasipe batean etzanda zeuden bitartean, umeak etxean negar batean. Beste behin, ehiza-abioi bi ikusi zituen gorrien "Abuelo" abioi ezagunari erasotzen. Aitarekin basora joaten zenean, hor-hemenka aurkitzen zituzten gizonak hilda. Herriko mediku zaharra, hildakoei urrezko hortz-haginak kentzera joaten zen.
-
Gerrako istorio gogorrak
Fermin Etxebarria Elorza (1928) Aramaio
Istorio makabroak: su emandako soldaduak; atzera geratutako soldadu gizajo bat guardia zibilek hil zutenekoa; eta kobazulo batera jausi eta bertan hil zenarena.
-
Bi osaba galdu zituen gerran
Patxi Elejalde Plazaola (1930) Aramaio
Gerran edo gerraren ondorioz, bi osaba galdu zituen; horietako bat gerran betirako desagertuta.
-
"Heriotzaren aldapako" fusilamenduak
Paxkuala Kortadi Ormaetxea (1923) Hernani
"Cuesta de la muerte" izena nondik datorren. Jende asko hil zen aldapa horretan istripuz. Gerra garaian, fusilatuak zulo batera botatzen zituzten han. Kale-garbitzaileak joaten ziren hildakoen bila, kanposantura eramateko. Lurperatzaile lanetarako hartu zuten osaba; ezagunak aparte uzten zituzten, familiei esateko.
-
Joxe Mari 'zakartzailea'ren heriotza
Mari Karmen Urdangarin Letamendia (1926) Hernani
Joxe Mari 'zakartzailea', amonaren anaia, gerra zibilean hil zen. Donostiatik Hernanirako bidean milizianoek nonbait estu hartu zuten batean, izutu eta burua galdu omen zuen, hala dio Mari Karmenek, eta handik hamabost egunera hil omen zen.
-
Bonbardaketa gogorra izan zen
Nati Bilbao Onaindia (1929) Durango
Aurreko egunean mehatxuak jasota, aita ganadu guztiarekin Karrantzara joan zen. Bonbardaketa eguneko oroitzapen garratzak ditu: aita eta anaia hil egin zirela esan zieten, kaletarrak etxean babestuta, babeslekuak...
-
Astoaren azpian, bonbardaketatik gordetzeko
Milagros Zubillaga Solagaistua (1925) Durango
Karrantzatik Cartesera joan ziren, Torrelavega ondoko herritxo batera. Han, esnearekin zihoan batean, bonbardatzen hasi ziren. Astoa horma baten kontra jarri, eta astoaren azpian egon zen gordeta bonbardaketak iraun zuen tartean.
-
Bonbak hildako gizona
Migel Imaz Arruabarrena (1927) Hondarribia
Bonba batek hil zuen gizona, Benjamin. Harrobi zuloan sartzen ziren beraiek. Portuko eliza arrantzaleek defendatu zuten.
-
Anaia gerran hil zeneko nahigabea
Ebarista Imaz Arruabarrena (1928) Hondarribia
Anaia gauzaina gerran hil zen, bera zegoen barkua hondoratu egin baitzuten: Baleares gurutze-ontzian zegoen. 17 urte zituen anaiak gerrara joan zenean. Anaiaren heriotzaren berri eman zietenean, nahigabe handia hartu zuten etxean.
-
Herria gerratik ihesi
Ebarista Imaz Arruabarrena (1928) Hondarribia
Gerran, Hondarribiko 18 mutil hil ziren, soldadu joanda. Jende askok ihes egin zuen herritik, frontera ez joatearren. Ahizpa zaharrenak eta anaia gazteak lortu zuten Iparraldera ihes egitea, eta han gelditu ziren gerra bukatu arte.
-
Hendaiara joan zirenekoa
Joxepa Goikoetxea Genua (1920) Hondarribia
Hendaiara joan zirenean, ondo egon ziren; aita han lanean ibilia zen aurretik, 12 urtetik 28ra arte, ardo-biltegi batean. Egun batzuk egin zituzten, eta gero buelta. Hilketak. Gurutzeko arroketara joaten ziren ezkutatzera.
-
Mariren neba gerran hil
Mari Erezuma Elorriaga (1921) Bermeo
Familia guztia gerran izan zuen Marik: anaiak, koinatuak... Hamazazpi urtekoak ere eramaten zituzten. Mariren neba bat preso hartu zuten, 'Trabajadoreetan' (lan behartuetan) zegoen, legionario apuntatu eta gerran hil zen. Soldadukide baten gutunari esker jakin zuten berri txarra.
-
Hilotza ardo kupelean
Ikerne Artetxe Zubikarai (1932) Ondarroa
Periko neba okin aritu zen Itxasalde batailoian. Osaba ere gudari, hantxe zauritu zuten. Beste pasadizo bat kontatzen zuen nebak: batailoikoek kupel handi bateko ardoa bukatu zutenean ikusi zuten hilotz bat zegoela barruan.
-
Gerra garaiko giro gatazkatsua
Juana Lizarralde Buenetxea (1914) Zarautz
Alaba gorrien tiroketa batean desagertu zitzaien 36an, eta hurrengo urtean senarra gerrara eraman zuten. Mutil gazte asko hil zirela inguruan dio. Infanterian tokatu zitzaion senarrari.
-
Gerrako zerrendan aita topatzeko beldurra
Mari Tere Paskual Zapirain (1931) Errenteria
Bilbora astean bitan joaten ziren, gerran hildakoen izenak ematen baitzituzten orduan. Bilbora joateko, tranbia hartzen zuten; aitak hilean behin ekartzen zuen gerran egoteagatik ematen zioten dirua, eta diru harekin ordaintzen zuten tranbia.
-
Gerra garaian soldaduekin kotxean Azkoititik Soraluzera
Pastora Iraola Larrañaga (1916) Soraluze
Gerra hasi zenean, Azkoitian zegoen bizitzen. Komandanziatik deitu zioten etxean hiru gaixo zituela eta etxera etortzeko esanez. Hiru neska etorri ziren soldaduekin kotxean. Soraluzen geratu zen, eta gaseosak egitea erabaki zuen.
-
Frontean hil zen Gabilondo antzuolarra
Jaio Ezenarro Alberdi (1919) Iñaki Iñurrieta Goikoetxea (1918) Soraluze
Trintxeratik irten eta aurrera egin zutenean, bere aldameneko Gabilondo antzuolarra tiroz jo zuten. Behin baino gehiagotan zauritu zuten Antzuolako gizon hori. Bihotz ondotik ere sartu, zioten tiroa baina sendatu egin zen. Azkenean frontean hil zen.
-
Cervera kanoiontzia Donostia inguruan
Mertxe Aizpurua Zeberio (1925) Joxe Torregarai Gorostidi (1937) Usurbil
Donostian egon zen, izebaren etxean, gerra garaian. Hango giroa nolakoa zen aipatzen du: Cervera kanoiontzia inguruan egoten zen kanoikadak botatzen. Kanoikada haietako batek hil zuen mutil bati buruzko istorioa kontatzen du Joxek.
-
Hendaian, itsasontzi batean bizitzen
Carmen Gonzalez Oiarbide (1922) Hondarribia
Harresian dago bere jaiotetxea. Balkoitik bonbak erortzen ikusten zituzten; behin, anaiaren lagun bat hil zen. Hendaiara joan ziren, eta handik Irun sutan ikusi zuten. Itsasontzi batean bizi izan ziren hiru familia. Frente Popularrera joaten ziren jatera. Batzuk Bartzelonara bidaltzen zituzten trenez. Milizianoek ontzia hartu nahi zuten, baina ez zuten lortu.


