Gerran hildakoak eta zauritutakoak
-
Gerran, soldadu bat buru barik korrika
Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano
Behin, aitaginarrebarekin Bizkargiko egunera joan ziren. Aitaginarreba bertako frontean ibilikoa zen eta bertan gizon bat buru barik korrika ikusi zuela kontatu zien.
-
Gerran hildakoak
Demetrio Garmendia Sarasola (1919) Baliarrain
Kanoiak, bonbak... arma mota asko erabiltzen ziren, baina ez zuten buruz buruko borrokarik izan. Tolosako bati ur bila joandakoan gertatutakoa kontatzen du. Hainbat lagun hil zitzaizkion.
-
Barinagako asko hil zen frontean
Isidro Mandiola Solozabal (1924) Markina-Xemein
Hamazortzi urteko mutilak gerrara eramaten zituzten. Auzoan ere gerrara joandako mutil mordoa hil zen frontean. Ebroko batailan eta Teruelgo frontean hil ziren asko.
-
Aitak izandako zoriaren beldur
Petra Goiti Goiti (1929) Mañaria
Bere aita frontean egon zen gerra zibilean. Otxandion harrapatu zuten eta Mañariko kanposantura ekartzen zituztenez bertako hildakoak, bertara joaten ziren ea aita han zegoen ikusteko; gerora, onik azaldu zen.
-
Gerran hildakoak
Jose Luis Bizkarra Etxebarria (1930) Mañaria
Araba aldetik zetorren frontea eta handik hurbil, mordo bat hil ziren, tartean baita Mañaria bertako herritarren bat ere.
-
Zaldibartar bati hanka kendu eta arreba hil
Jon Ander Zurikarai Atxa-Orbea (1933) Zaldibar
Pedro Gallastegi zaldibartarrari hanka bat kendu zioten gerran. Abeslari ona izan zen, tenorra. Arreba ere gerra sasoian hil zuten.
-
Ezkondu eta berehala, senarrak besoa galdu
Valentina Yeregi Inza (1915) Lasarte-Oria
Ortuellan hilabete batzuk pasatu zituzten. Lau eguneko baimena eman zioten ezkontzeko, eta besoa galdu zuen handik egun gutxira, Urkiolan. Durangora joan ziren trenez, hura ikustera ospitalera.
-
Abadiñotik Bilbora; sirenak eta bonbak
Valentina Yeregi Inza (1915) Lasarte-Oria
Abadiñotik Bilbora joan ziren. Jende asko zegoen batera, eta handik beste etxe batera eraman zituzten. Bitartean, senarra ospitalean. Bonbardaketak. Sirenak jotzen zuenean, etxe azpira korrika.
-
Euskararen eta euskal nortasunaren kontrako giroa
Patxi Bolaño Olea (1927) Irun
Alabarekin hasi zen euskararekin kezkatzen. Gerra garaian, ez zen politikaz hitz egiten. Franco onena zela sinetsarazten zieten. Aitari pistola jarri zioten aurrean, erdaraz egiteko. Patxi bizilaguna nola hil zuten azaltzen du.
-
Gazetan bonba batek gizona hil
Jose Luis Ardanza Errasti (1929) Juan Ardanza Errasti (1927) Elorrio
Bonba batek laurogei urteko gizona hil zuen Gazetan, satsa zabaltzen ari zela.
-
Altzoan zeukan moja bonbak hil
Isidro Valenciaga Gacetabeitia (1930) Elorrio
Umezurtza zenez, mojekin bizi zen Elorrioko ospitalean. Bonbardaketak hasten zirenean, baso batera joaten ziren. Moja batek (Sor Estefanía) altzoan zuen Isidro, eta bonba batek hil zuen hura; berari ez zitzaion ezer gertatu. Ez du mojen oroitzapen onik. Gero, tunelean babesten ziren.
-
Bonbardaketak Elorrion
Pedro Eriz Arbulu (1925) Elorrio
Obus batek Tetuan tabernako andrea hil zuen; geroago, abioi-bonba batek moja bat. Egun horretako arratsaldean bonbardaketa berriz. Hildakoen izenak.
-
7 karlista fusilatu
Pedro Eriz Arbulu (1925) Elorrio
Elorrioko zazpi karlista fusilatu zituzten. Frontean, berak dakienez, 3 gudari hil ziren.
-
Aita erretratutik ezagutu zuen
Maria Aizpurua Murgoitio (1933) Elorrio
Aita gerran hil zitzaion berak bi urte zituela. Ama bakarrik gelditu zen. Nahiz eta aitaren akordurik izan ez, ezagutu egin zuen bere erretratua ikusi zuenean.
-
Hildako milizianoaren istorioa
Eusebio Arietaleanizbeaskoa Agirrezabal (1922) Elorrio
Memariatik San Agustinera sartu ziren "nazionalak", borrokarik gabe. Hildako miliziano bat lurperatu gabe egon zen luzaroan. Emakume batek lurperatu zuen lehendabizi, eta gero apaiz batek hezurrak atera eta hilerrira eraman zituen.
-
Moroek bere senide batzuk hil zituzten Elgetan
Maria Pilar Iñurrigarro Aranzibia (1934) Elorrio
Moroak Elgetan sartu zirenean, Pilarren senide ziren senar-emazteak hil zituzten, eta alaba zauritu zuten.
-
Gerrako injustiziak
Joxe Mari Lertxundi Zuloaga (1932) Aia
Gerra garaia gogoan du, hiru urte eta erdi bazituen ere. Orduko oroitzapenak kontatzen ditu: soldaduak, familiaren estutasuna, soldadu zaurituak hil egin zituztela...
-
Salaketen ondorioz hildakoak eta kartzelaratuak
Bittor Garaigordobil Berrizbeitia (1915) Abadiño
Gerra garaian, ezinikusien ondorioz, kartzelaratu eta hil zituzten hainbat lagun. Auzokoen edo herrikoen arteko salaketa asko egon ziren herri askotan.
-
Familien egoera gerra garaian; abertzaleak herritik bota
Angel Osa Arrizabalaga (1922) Xanti Osa Arrizabalaga (1926) Zumaia
Gerrak ez zituen harrapatu borrokarako adinean, baina hamasei urtekoak jada gerrara joaten ziren. Familiak gazte gabe geratu ziren. Frontean hil ziren auzokoak. Senarrak Bilbo aldera ihes eginda zituzten emakumeak eta umeak herritik bidali egin zituzten, gose handiagoa pasa zezaten. Zumaiarren bizipenak Gernikako bonbardaketan.
-
Bonbardaketan anaia bi eta aitita hil zituzten
Jose Antonio Olea Garaita (1930) Durango
Ez du gogoan bonbardaketan zelan irten zen etxetik. Etxe ondoko arotzerian egon zela gogoratzen du eta goitik jausten zirenak paperak zirela pentsatu zuen; bera mahai azpian ezkutatu zen. "Paper" horiek bere etxeko ezkaratzera (sukaldera) sartu ziren eta bertan hil zituen bere bi anaia eta aitita.


