Errepresioa
-
Gerra Zibila, gorrotoaren lurraldea
Eugenio Iza Mujika (1935) Arama
Urbasan "Pilatosen Balkoia" izeneko amildegitik behera botatakoak izan ziren gerran. Gerra Zibila azkena da. Gorrotoak luzaro irauten du.
-
Aita fusilatu zutela esan zieteneko estutasuna
Joxe Manuel Erkizia Uria (1923) Andoain
Gerra hasi zenean, anaia bat frontera joan zen, 17 urte zituela; eta aita ezik etxeko beste guztiak Zumaiara joan ziren. Han zirela, aita fusilatu zutela esan zieten; baina gezurra zen. Zergatik esan zieten hori azaltzen du: aita ozta-ozta libratu zen heriotzatik.
-
"Fusilatzeko ez zen askorik behar"
Joxe Manuel Erkizia Uria (1923) Andoain
Gerra garaian, jendea fusilatzeko ez zen askorik behar. Gizon bat ia-ia fusilatu egin zuten, erdaraz ez zekienez, ezin zuelako bere burua defendatu. Azkenean, Joxe Manuelen aitak lagundu zion, eta salbatu egin zen.
-
Fusilatu aurretik idatzitako gutuna
Joxe Manuel Erkizia Uria (1923) Andoain
Gerran fusilatu zituzten gehienak ezagutzen zituen. Haietako bik dantzak erakusten zizkieten, eta abertzaleak izateagatik fusilatu zituzten. Gizon batek, fusilatu aurretik, gutun bat idatzi zion bere familiari: fusilatu behar zutenei barkatzeko eskatzen zien familiakoei.
-
Arrebari ere ilea moztu nahi izan zioten zigor gisa
Joxe Manuel Erkizia Uria (1923) Andoain
Gerra garaian, Andoaindik Zumaiara joan ziren ihesi. Garai hartan, neskei ilea mozten zieten zigor gisa; Joxe Manuelen arreba zigortu egin nahi izan zuten; baina, osabari esker, salbatu egin zen neska-talde bat, haien artean arreba.
-
Aguazila fusilatu zutenekoa
Gurutz Ganzarain Ansa (1927) Andoain
Gurutzen amaren lehengusina baten senarra herriko aguazila zen, gizon ona, Gurutzen esanetan, eta fusilatu egin zuten.
-
Aita preso Burgos eta Leongo kartzelatan
Gurutz Ganzarain Ansa (1927) Andoain
Aita Burgos eta Leongo kartzeletan egon zen preso. Itzuli zenean ezin omen zen janariarekin ase.
-
Maistrari ilea moztu
Gurutz Ganzarain Ansa (1927) Andoain
Gurutzen aitaren arreba maistra zen. Komisariara aurkezteko eskatu zioten eta ilea moztu zioten. Etxera bidali zuten gero. Gurutzek dio orduan sufritutako lotsak eta umiliazioak utzitako arrastoek gaixotu arazi eta hil zutela izeba.
-
Ikasketak egiteko ezin kanpora joan
Aitor Garmendia Goitia (1934) Beasain
Gerraostean, Francoren diktadura garaian, beldurrak airean bizi ziren etxekoak. Ikuskapenak jasaten zituzten sarri. Egoera honetan, gurasoak ez ziren bera, seme bakarra izanagatik, ikasketak egitera kanpora bidaltzen ausartu.
-
Espioia zelakoan, mutila hil
Bixente Lizaso Itxaso (1931) Urnieta
Eulako mutila soldadu zegoen eta etxera bisitan joatea pentsatu zuen. Beste bandokoekin bidean topo egin, eta fusilatu egin zuten espioia zelakoan.
-
Maistrari ilea moztu
Bixente Lizaso Itxaso (1931) Urnieta
Urnietako maistra Aretxabaletakoa zen. Ilea moztuta agertu zen gerra ostean eskolan, kartzelan egon eta gero. Horrelako kasu asko izan zen.
-
Salbokonduktoa; karlista batek libratu zuen aita kartzelatik
Bittori Zarrabeitia Lauzirika (1926) Kortezubi
Salbokonduktoa lortu zuen bere aitak. Ebakuaziotik bueltatzean, asko eta asko kartzelaratu egiten zituzten, bere osaba bat tarteko. Baina bere aitak lagun karlista bat zuen, Manu Obarre tratantea; eta, haren laguntzaz eta haren idazkari kortezubitarraren laguntzaz, libre geratu zen.
-
Anaia eta beste lau morgatar fusilatu Ferrolen
Santi Madariaga Makoaga (1929) Morga
Anaia eta beste lau morgatar fusilatu egin zituzten gerra denboran. Garraio-marinan lan egiten zuten, Ferrolen suertatu ziren, eta harrapatu eta garbitu egin zituzten. Handik gutxira, kapitainak bakean uzteko agindua eman ei zuen, baina ordurako berandu zen. Denera hogei bat izan ei ziren fusilatuak marinelen artean.
-
Anai-arrebak kartzelan edo Frantziara ihesi
Santi Madariaga Makoaga (1929) Morga
Anaia batek zazpi urte egin zituen soldadutzan eta Langileen Batailoietan. Beste anaia bat, beldurtia oso, ihesi joan zen Frantziara; eta, itzuli zenean, bi urtez eduki zuten kartzelan. Lau arreba Frantziara joan ziren ihesi.
-
Aita 26 hilabetez kartzelan, PNVko zinegotzi izateagatik
Santi Madariaga Makoaga (1929) Morga
Aita eta ama painelu zuria makila puntan ipinita itzuli ziren etxera frontearen beste aldetik. Geroago, aitak 26 hilabete kartzelan egin behar izan zituen, PNVko zinegotzia izana zelako. Eta, aita bezala, zinegotzi eta alkate ohi asko kartzelan eduki zituzten.
-
Derioko kanposatuan fusilatutako presoak
Santi Madariaga Makoaga (1929) Morga
Morgako inor ez ei zuten hil fusilatuta gerra ostean; kartzelan eduki bai asko. Aitak esaten zuen kartzelan gauero ateratzen zutela jendea, kamioietan hartu eta Derioko kanposantuan fusilatzera. Arreba bat neskame egon zen Derion eta esaten zuen erdi hilda geratutako fusilatuen oihuak entzuten zituztela gauez, laguntza eske. Santi Salamanca aldean ibilia da eta han ere horrelako istorio asko entzun du.
-
Aita Larrinagan preso 26 hilabetez
Santi Madariaga Makoaga (1929) Morga
Aita Larrinagan egon zen preso hogeita sei hilabetez. Auzokoa zen falangeko burua, eta salatzailea bera izan zela esaten zen; baina gero ondo portatu ei zen eurekin. Errakuntzak denok izaten ditugula dio. Horrelakoak herri guztietan gertatu ei ziren.
-
Gerra garaiko desfileak
Maria Piedad Lopez Ferrera (1926) Berrobi
Margaritak eta pelaioak. Desfileak, errepidean; gramola jartzen zuen Jose Mari Gorriak. Zapatak mina egiten ziola, eta alde egin zuen desfiletik. Etxera bila joan zitzaizkion.
-
Nafarratetik Elosura
Gregorio Biteri Mendieta (1922) Legutio
Nafarrateko etxea galdu zutenez, Elosun hartu zuten beste etxe bat errentan. Gerra denboran, Gregorioren etxekoek lagundutako abade zaurituak gerraostean agurrik ere ez omen zien egiten. Bilbotik itzuli eta gero, Gregorioren osaba preso hartu zuten.
-
Elosuko hiltzailea epaitu eta urkatu egin zuten
Gregorio Biteri Mendieta (1922) Legutio
Gudarien "Batallón Araba"n, Legutioko mutil asko egon ziren, eta denak bizirik itzuli. Gerraostean, salaketa gogorrak jasan zituzten. Elosuko hiltzailea herrira itzuli zen, arreba baten etxera. Guardia Zibilek atxilotu zuten bertan; eta, epaitu ondoren, urkatu egin zuten.


