Errepresioa
-
Bere neba eta Serrano medikua nola libratu ziren fusilatzetik
Frantziska Egiguren Bereziartua (1924) Iurreta
Durangoko Legorburu medikuaren etxean egon zen neskame. Gerra garaian Durangon geratu zen mediku bakarra zen. Amaren medikua Serrano zen eta hark lagunduta jaio omen ziren zazpi neba-arrebak. Serrano medikua bere nebarekin batera harrapatu zuten gerratean eta fusilatzeko puntuan egon ziren. Serrano libre utzi zuten eta neba lan-batailoietara bidali zuten. Azkenean, erreketeetan sartu zen. Gerra sasoian jatekorik ez zuten eta ejertzituak ematen zien jatekoa.
-
Gerra sasoiko bizipenak: familia sakabantuta, Arriandiko maistraren eskutitza...
Frantziska Egiguren Bereziartua (1924) Iurreta
Gerra aurretik Zamudioko maistra euskaldun bat izan zuten Arriandiko eskolan. Gerra sasoian Bilbon egon zen kartzelan. Handik eskutitza bidali zuen, berari zuzenduta. Arriandiko amabirjinari kapa bat egiteko dirua batzeko eskatu zion. Kartzelan josi zion kapa eta prozesioa egin zuten Amabirjinari kapa jartzeko. Etxeko guztiak sakabanatuta egon ziren, baina maistrak nonbaitetik jakin zuen beraiek etxean zeudela. Ama, aizta bi gazteagoak eta neba bat zeuden etxean, baina 17 urteko neba "kamillero" moduan eraman zuten. Bi tropen erdian zeuden eta gauez Durango aldera eramaten zituzten. Jateko eskasia izan zuten. Horrela pasa zuten 1937 urtea. Aitaren berririk ez zuten izan urtebetean. Aita izebaren etxera joan zen, baina baserria bonba batek txikitu zuen izeba bertan zela. Anaia nagusiena Francoren tropekin ibili zen, soldadutza amaitzear harrapatu zutelako, eta bi anaia gazteagoek ez zuten boluntario gisa joan nahi izan, anaiaren kontra ez aritzeko. Bietako bat preso hartu zuten eta Bilbon egon zen fusilatzeko puntuan, Arriandiko maistraren antzera. Durangoko medikuari esker salbatu ziren.
-
Neba kartzelatik "Trabajadoreetara", eta gero errekete
Frantziska Egiguren Bereziartua (1924) Iurreta
Bilbon kartzelan egon zen neba "Trabajadoreetara" eraman zuten gero. Han egoera txarrean zeuden eta errekete gisa sartu zen bere borondatez. Horri esker etxera joan ahal izan zen bisitan. Erreketeen jantzia. Lau nebak ibili ziren gerran eta laurak bizirik atera ziren, nahiz eta anaia nagusiena elbarritu egin zen.
-
Francok Durango bonbardatu ostean, kartzelan zeudenak fusilatu zituzten
Frantziska Egiguren Bereziartua (1924) Iurreta
Francok izugarrizko triskantzak egin zituen, baina bi aldeetan egin zirela gauza itsusiak dio. Iurretako maisua, parrokian dotrina ematen zuena, kartzelan sartu zuten. Francok 1936an Durango bonbardatu zuenean, kartzelan zeuden 21 pertsona fusilatu zituzten, tartean Iurretako maisua, jatorriz Burgoskoa zena. Iurretako eliza munizioa gordetzeko erabili zuten geroago.
-
Erreketeek Oikiako apaiza eraman zuten; haren pistolaren anekdota
Bartolo Etxabe Oliden (1928) Zumaia
Gerra hasi zenean, bera mutikoa zen. Mendi gainetik erreketeak azaldu omen ziren lehenbizi. Beren martxan zetozen soldaduak eta pasaeran baserrietan jatekoa lapurtzen zuten. Gogoan du nola komandanteak pistolarekin mehatxatuta eduki zuen Oikiako apaiza, frontoi parean. Azkenean, eraman egin zuten. Apaizak pistola utzi omen zuen elizako aldarearen atzean eta sakristauak lurperatu egin zuen. Berak nolabait enteratu eta pistola lurpetik atera eta urteetan etxean eduki zuen gordeta.
-
Herriko karlistak preso hartu zituzten udaletxean
Akelino Elosua Zubimendi (1913) Zumaia
Udaletxea hartu zuten eta herriko karlista guztiak atxilotu zituzten. Dudakoak ziren "txaperoak" (udaltzainak) eta mikeleteak desarmatu egin zituzten. Frantziatik etorri zenean, atxilotuta egon zirenetako askok eskerrak eman zizkioten ondo portatu zirelako.
-
Osabaren hezurrak Erorien Haranean
Edurne Ansorregi Lopez (1935) Mutriku
Edurneren amonak (amaren amak) zortzi seme-alaba izan zituen. Osaba Jose, Gasteizen fusilatu zuten Ostiral Santu batean eta dirudienez Erorien Haranean daude haren hezurrak. Osaba Vicente, gerra garaian desagertu zen.
-
Burgoan denak karlistak ziren
Tomas Alkorta Barruetabeña (1937) Mutriku
Burgoan (Berriatua) karlistak ziren ia denak eta soldadu asko egon ziren bertan. Bertan fusilatzetik libratutako gizon baten istorioa kontatzen du.
-
Soldaduen arropak garbitu eta konpontzera behartuak
Ana Mari Lezertua Sustaeta (1940) Mutriku
Gerra garaian, Irisarren esaten zaion aldapatik sartu ziren soldaduak Mutrikura. Bizilagunek, koltxoiak jarri zituzten leihoetan, balak etxeetara ez sartzeko. Mutrikura sartu ostean, Ondarroara joan ziren soldaduak. Ana Mariren amonak, zigor gisa soldaduek zituzten zorriz betetako arropak garbitu eta konpondu behar izan zituen.
-
Gorria izateagatik kartzelara
Ana Mari Lezertua Sustaeta (1940) Mutriku
Umetan Ana Marik ez zuen ulertzen zer zen "gorria" izatea, baina bazekien gorriak kartzelan sartzen zituztela. Karlistei eta frankistei txapelgorriak deitzen zitzaien.
-
Aita afusilatu, etxea errekisatu eta amari josteko makina ostu
Josune Astorkia Esturo (1935) Gautegiz-Arteaga
Josunen aita afusilatu egin zuten herriko idazkariarekin batera. Ama umedun zegoen eta pixka bat lehenago semea hil zitzaien. Josunek hiru urte zituen. Josuneren ahizpak dauka gordeta aitaren kontrako salaketa, salaketa jarri zuen pertsonaren izenarekin. Beraien ama jostuna zen eta etxea kentzeaz gain josteko makina ere ostu zioten.
-
Abadeak fusilamenduarekin zuen loturaz
Josune Astorkia Esturo (1935) Pilar Beaskoetxea Goitisolo (1923) Pilartxu Etxabe Zubizarreta (1932) Gautegiz-Arteaga
Aurreko pasartean Josuneren aita afusilatu egin zutela kontatzen dute. Hemen abadeak zer zerikusi izan zuen kontatzen dute.
-
Gerran familiako kideak banatuta
Elisabet Aretxabaleta Goikoetxea (1921) Markina-Xemein
Adesuako gozo-denda gainean bizi izan ziren gerrara arte. Aulestin egon ostean, bere ama Markinara bueltatu zen seme-alaba batzuekin. Ordurako, beraien aita kartzelan zegoen, Iruñeko San Kristobalgo fortean egon baitzen 7 urtez. Aulestin zeudela, etxe ugaritan egon ziren banatuta.
-
Aita kartzelan eta osaba fusilatu
Elisabet Aretxabaleta Goikoetxea (1921) Markina-Xemein
Bere aita abertzale gogorra izatearren atxilotu zuten. Bere aitaren anaia nagusia hil egin zuten, eta aita ozta-ozta salbatu zen. Osaba, 1937. urtean, Larrinagako kartzelatik Deriora eraman zuten fusilatzera. Aita Iruñeko San Kristobalgo gotorlekura eraman zuten, zazpi urtean behin ikusi zuen aita. Beste hiru markinar ere hil zituzten. Batzokian komediak egiten zituzten. Kasilde Aginagak antzezten zituen, artista ona ei zen.
-
Kartzelara lau joan eta bi bueltatu
Elisabet Aretxabaleta Goikoetxea (1921) Markina-Xemein
Bere aitaren indultua osabaren heriotzaren ostean heldu zen. Lau joan ziren aitarekin batera Iruñeko fortera, baina bi bakarrik bueltatu ziren.
-
"¡Viva España!" oihuka Otxandion
Juan Kruz Garate Garate (1926) Otxandio
Frankismoaren aldeko gizon bat Otxandioko plazan oihuka aritu zen "¡Viva España! ¡Viva Cristo Rey!"; udaletxeko kartzelara eraman zuten, gerora atera egin zuten eta hurrengo egunean izan zen bonbardaketa Otxandion.
-
Aita preso
Maria Irazabal Izundegi (1921) Muxika
15 urte zituela, bere aita Donostian atxilotu zuten. Gero Bilboko Larrinagan egon zen. Epaiketako datuak kontatzen ditu.
-
Gorozikako abadea hil zuten
Maria Irazabal Izundegi (1921) Muxika
Gerran, Gorozikako abadea hil zuten asturiarrek eta Estartabarrena baserri ostean lurperatu, hankak bistan zituela. Asturiarrek salaketa bat jaso zuten abadea hiltzeko aginduz.
-
Sakristaua heriotza-zigorrera kondenatu
Maria Irazabal Izundegi (1921) Muxika
Sakristaua, bere aitaginarreba, heriotza-zigorrera kondenatu zuten Donostian, abadearen kontrako salaketa zela-eta. Bilbora eraman zutenean, Ajuria auzoko batekin topo egin zuen eta hark eman zien gertatutakoaren berri etxekoei. Etxekoak Bilbora joan ziren eta Markinako Gaitán de Ayala "Gaitantxu" diputatuaren laguntzaz etxera onik ekarri zuten.
-
Sakristaua kartzelan zela, semea eta andrea hil
Maria Irazabal Izundegi (1921) Muxika
Sakristaua, bere aitaginarreba, heriotza-zigorrera kondenatua egon zen bitartean emaztea eta seme bat galdu zituen: 12 urteko semea, behiak zaintzen zebilela, esku-bonba bat lehertu zitzaion. Emaztea handik bi hilabetera hil zen bera bisitatzera joan zenean. Hori dela-eta, Mariaren senarra ama eta anaia barik gelditu zen, aita kartzelan zuela.


