Gerraren eragina
-
Abesti faxistak, eskolan; aita kartzelan, gerra garaian
Joan Mari Irigoien Aranberri (1948) Donostia
Cara al Sol kantatzen zuten, eskolara sartu aurretik. Aita galtzaileen taldekoa izan zen gerran. Bi urte egin zituen kartzelan. Oiartzungo plazan harrapatu zuten, eta Ondarretara eraman. Fusilamenduak. Gaixo irten zen kartzelatik.
-
Amak oposaketak egiterakoan, gerra hasi eta Bizkaira
Miren Egaña Goya (1946) Donostia
Bere ama gerra aurretik Etxaide kaleko ikastolako andereñoa zen. Gerra etorri zenean, oposaketak egiten hasia zen, ekainean izan baitzen lehen ariketa. Hurrengo ikasturtean praktikak egin behar zituen, baina ordurako nazionalak sartu ziren Donostian, irailean sartu baitziren. Donostiako biztanleriaren zati handi batek hanka egin zuen orduan eta baita bere amaren etxekoek. Itsasoz Bilbora heldu eta Plentzian egin zituen praktikak. Gernika bonbardatzerakoan, eskolak itxi zituzten eta lan gabe gelditu zen.
-
Ama Habana ontziko umeekin joan zen Ingalaterrara
Miren Egaña Goya (1946) Donostia
Bere amak gerra hasi baino hilabete lehenago egin zituen hezkuntzarako oposaketak. Gerrak bete-betean harrapatu zuen praktiketan eta eskola itxi ostean, gerrako umeekin ebakuatuta joateko zerrendetan apuntatu zen. Habana itsasontzian 4.500 ume eta 500 irakasle joan ziren Ingalaterrara. Gorriak ikusi zituzten orduan ere, itsasontzia bonbardatzeko mehatxupean baitzeuden. Bederatzi hilabeteren ondoren, Parisera eta Donibane Lohitzunera joan zen, 1941. urtean Euskal Herrira bueltatu zen arte. Bere amaren ahizpa Parisen zegoen garai hartan, Eusko jaurlaritzaren telefonista baitzen.
-
Aita gerran preso eta udaletxeko lana galdu
Miren Egaña Goya (1946) Donostia
Bere aita udaletxeko igeltseroa zen. Gerra hasi zenean, batailoi batean apuntatu zen. Kamioi-gidaria zen eta Bizkaia aldean egon ostean Santoñan atxilotu zuten. Bi urteko kartzela-zigorra bete zuen. Etxera bueltatzerakoan, ezin izan zuen udaletxeko lanpostua jarraitu eta Lurdes Iriondo kantariaren aitarekin hasi zen bulegari bezala lanean.


