Ekonomia gerra garaian
-
Pasaiara joateko agindua
Korneli Egimendia Aranburu (1910) Oiartzun
Nafarroatik heldu ziren erreketeak Galtzaraberrin gelditu ziren galdetzera. Pasaiara joateko agindua zeukaten eta bidea nondik zen galdetu zieten bertakoei.
-
Tropen sartzea
Joxe Pagadizabal Artola (1928) Oiartzun
Tropak Oiartzunen nola sartu ziren. Tornola erdiz erdi harrapatu zuten. Arritxurietan egun batzuk egin zituzten tropek eta inguruko baserritarrek janaria eraman behar izan zieten.
-
Gerra sasoian Beasainen neskame
Bittori Goitia Larrañaga (1928) Oñati
Bittori gerra sasoian Beasainen egon zen neskame. Soldaduak zeuden bera egon zen etxean eta azpian okindegia. Nolako gosea pasa zuen adierazten duen pasadizoa kontatzen du. Ahizpa Zumarragan zegoen eta haren bitartez Antzuolako beste etxe batera joan zen gero.
-
Senarra atxilotuta eta Derion lanean
Placida Azpitarte Egia (1915) Berriz
Landin izeneko familia ezagutu zuen Placidaren senarrak, Derion errepublikarrekin zegoenean. Bilbon medikuak ziren. Placidaren senarra ertzain ibili zen. Gero, Bilbon atxilotu egin zuten, institutuan, eta Deustura eraman. Celestinak kontatzen zuen senarra tiroz hil ziotela.
-
Gerra garaian Soraluzen lanean
Jesus Arrizabalaga () Berriz
Hamalau urterekin Soraluzen hasi zen lanean, gerra garaian, berriztar askorekin batera, gerrarako baliabideak egiten. Gerra bukatutakoan, lantegiek jaitsiera handia izan zuten.
-
Francoren tropen etorrera
Juliana Mendizabal Guenetxea (1923) Berriz
Gerra hasi zenean, umea zen artean, baina ondo gogoan omen du. Aitak ihes egin zuen. Francoren soldaduak mendi gainean egon ziren. Nafarrak ziren, euskaldunak. Mairuak etorriko zirela eta neska gazteei beldurra sartzen zieten. Egun baten behera etorri eta jatekoa eta edatekoa eman zieten, baina Julianaren ama ez zen fidatzen. Julianaren anaia gazteagoa soldaduengana joanda egon zen trintxeretan eta beraiek ez zekiten umea non zegoen.
-
Elorrion frontea pasa arte
Julian Azkarraga Fuldain (1928) Elgeta
Frontetik etxera itzuli zirenean, etxea nahiko kaskartuta zegoela oroitzen du Julianek. Elorrion zeudela, baserrira joan eta artoa biltzen jarraitu zuten, negu ona egin zuen-eta. Bildutako artoari esker, taloak egin eta ez zuten goserik pasatzen. Elorrion zeudela, bizimodua ateratzeko aitak lan batzuk egiten zituen batzuetan eta amak galtzak egiten zizkien soldaduei.
-
Gerraostean bonbek eztanda
Julian Azkarraga Fuldain (1928) Elgeta
Julianen lagun bi gerra ondoren hil ziren, bonba batek eskuetan eztanda egin zien eta. Ume asko ibiltzen ziren saltzeko materialak biltzen, nahiz eta oso arriskutsua izan. Galarraga baserri alboan geratutako bonbak aprobetxatu nahian zebilen trapero bati bonba batek eztanda egin eta laguntza bila baserrira joan zitzaiela gogoratzen du.
-
Ahizpak soldaduentzat alkandorak josi behar
Matxo Larrañaga Iturbe (1919) Azkoitia
Gerra sasoian ahizpa jostunak astero bi alkandora josi behar izaten zituen soldaduentzat eta berak lisatu egiten zituen. Anaiak kanpora joanak ziren. Bera izebaren etxera joaten zen eta, lanen bat egitearen truke, bazkaria ematen zioten. Izebaren azpiko etxean obispoa bizi omen zen.
-
Zerrajera gerrarako materiala produzitzen
Joxe Zulueta Uribe (1921) Arrasate
"Unión Cerrajera"n gerrarako materiala produzitzen hasi ziren 1937ko udaberrian. Gazteak ere lanean hasi ziren orduan, gau eta egun.
-
Zerrajeraren ekoizpena, zerrailez gain
Joxe Zulueta Uribe (1921) Arrasate
"Unión Cerrajera"n zerrailez gain, erramintak, butanoak, gurpilak eta beste gauza asko egiten ziren. Lan-prozesua azaltzen du.
-
Gerra sasoian Madrilgo eta Durangoko lehengusuak Azkoitian
Juan Migel Aranbarri Atxa (1940) Azkoitia
Gerra sasoian Madrilgo eta Durangoko lehengusuak euren etxean egon omen ziren. Entzunda duenez, hegazkinak zetozenean, sotoan gordetzen ziren. Herrian jendea gero eta argalago eta euren etxean gero eta gizenago. Ogia etxean egiten zuten. Azukrea falta izaten zen eta lehengusuek kafesnea gatzarekin hartzen ikasi zuten. Azukre beltza.
-
Gerra garaian, Deustura fusilak egitera
Secundino Loidi Erquizia (1919) Eibar
Gerra hasi zenean, Deustura joan zen lanera, fusilak egitera. Zein lan egiten zituzten azaltzen du.
-
Gerran fusilak egin, kartzelara eta soldadutzara
Secundino Loidi Erquizia (1919) Eibar
Deustun fusilak egiten aritu ziren gerra garaian eta handik pixkaka ia Galiziaraino iritsi ziren. "Eibartikan urten genduan" kantuaren estrofa bat abesten du. Kartzelatu egin zituzten. Ondoren, soldadutzara joan behar izan zen frankistekin eta sei urte egin zituen.
-
Milizianoek umeentzat erretako ogia eraman
Damiana Belaustegi Jaio (1924) Mendata
Umetan amari esaten zioten ogia nahi zutela. Aldameneko etxekoekin batera gari anega bat erosi, errotan eho eta gauez ogia egin zuten amak eta aldameneko andreak, umeei emateko. Baina ogia erretzeaz bat, milizianoek eraman zuten eta ogi barik geratu ziren.
-
Garai bateko eguneroko jakiak; tortilla ogi mamiarekin
Kontxita Biain Biain (1928) Mari Tere Biain Iñurritegi (1928) Oñati
Egunero baba lapikoa bazkaltzeko, bakoitzarentzat txorizo zatitxo banarekin eta urdaiarekin. Gauean porru-patatak. Domeketan garbantzua. Taloa eta esnea. Tremesa. Tortilla egiten zenean, ogi mamia botatzen zitzaion, handiagoa irteteko. Aitak banastak eginda diru apur bat ateratzen zuen, baina dirurik ez zen egoten kalean ezer erosteko. Ogia etxean egiten zuten. Gerra sasoian ez zuten goserik pasa.
-
Orian serenoa bakarrik gelditu zenekoa
Xebastian Kerejeta Irazustabarrena (1934) Lasarte-Oria
Kanpokoa zen eskolako maisua, eta euskaraz egiteagatik zigortu egiten zituen ikasleak. Giro erdalduna gailendu zen gerra garaian, izan ere, 600 lagunetatik serenoa bakarrik gelditu zen Orian, denek alde egin baitzuten. Argiak piztuta izaten zituen gauez. Orian gorri armatu mordoa omen zegoen, Eibarko kuarteletik armak lapurtu omen zituzten.
-
Irina eta ogia nahi beste
Felisa Olazabal Garate (1928) Mendaro
Gerra denboran ez zuten goserik pasatu. Bere aitak irin-fabrikan egiten zuen lana eta sasoi hartako ogia nahiko txarra zen, oiloei ematen zieten. Fabrikako nagusiak ogia eta irina eman zien goserik ez izateko.
-
Portuko janaria etxera eramaten zuten langileek
Jabier Esnaola Akarreta (1939) Pasaia
Portura denetatik ekartzen zuten: azukrea, tipulak, platanoak, arroza... Langileek ere etxera eramaten zuten ahal zutenean, zulotxoak eginez, zakuak puskatuz...
-
Erreketeak eta "Margaritak"
Joxepa Sarobe Olarra (1920) Hernialde
Gerra hasi zenean, etxera itzultzeko gogoa zuen, baina lana egin beharra zegoen. Etxekoekin harremana mantentzen zuen, igandetan joaten zen eta. Hernialden erreketeak egon zirela gogoratzen du. "Margaritak" deitzen zituzten emakume batzuk ibiltzen ziren erreketeei laguntzen. Hernialdeko mutil bat gerran hil zen.