Ekonomia gerra garaian
-
Bizartegia kendu eta kiosko/posta bihurtu
Joxeba Amutxastegi Aranzabal (1927) Andoain
Bizartegia itxi egin zieten gerra garaian. Horren ordez, egunkariak saltzeko eta armadaren gutunak jasotzeko erabiltzen zuten lokala, eta hilabete bat egon zen horrela. Bizartegia kendu zieteneko eguna gogoratzen du.
-
Aita Andoaina itzultzera atrebitu eta kartzelan bukatu zuenekoa
Joxeba Amutxastegi Aranzabal (1927) Andoain
1937-38 inguruan, aita Andoaina itzuli zen. Orduan bodegan hasi zen lanean, eta ama ere sukaldari egon zen han. Gerran espioia zegoen Andoainen, eta harekin aitak tratua izan zuen, nahiz eta amak kontuz ibiltzeko esaten zion. Azkenean, aita udaletxe azpiko kartzelara eraman zuten guardia zibilek: hiru hilabete egin zituen kartzela hartan, eta gerora 29 hilabeterako eraman zuten Ondarretako kartzelara. Bi epaiketa izan zituen denbora hartan.
-
Gerran fabrikak militarizatuta Andoainen
Txomin Aranburu Artano (1922) Andoain
Jende askok alde egin zuen Andoaindik gerra garaian, Bizkaia aldera gehienek. Bitartean, Andoainen lana bazegoen, fabrikak militarizatu egin baitzituzten. Laborden lan handia egon zen garai hartan.
-
Gerran familia sakabanatuta
Juanita Garmendia Arrieta (1922) Urnieta
Anaia zaharrena gerran hil zen. Oso mutil ona zen hura. Familiako beste gehienak baserrian elkartu ziren gerra garaian, baina laster sakabanatu ziren. Ahizpak espoletak egiteko fabrikan aritu ziren lanean Andoainen gerra garaian.
-
Bonbak egiten gerra denboran
Francisco Igartua Urkiola (1921) Zumarraga
Aparicio fabrikan ibili zen gerra denboran bonbak egiten. Abiazioko bonbak. Alemanek eramaten omen zituzten Salamancara. Zumarragakoa zen nagusia, Aparicio. Beste bi sozio zituen. Legazpin ere bazen lantegi bat gauza bera egiten zuena.
-
Angulei esker jende asko aurrera atera zen
Benito Aranburu Gaztañaga (1923) Usurbil
Gerra garaian, Oriotik etortzen zen okina ogia ekartzera. Gerra garaian, angulei eta baserriko lanari esker lortzen zuten dirua. Angula asko ateratzen zen lehen, eta jende asko salbatu zuen horrek. Angulen haztegiak non zeuden azaltzen du.
-
Gerra garaian, Ondarroan inkomunikatuta
Juanita Zelaia Balenziaga (1918) Markina-Xemein
Gerra hasi zenean, zazpi hilabetean inkomunikatuta egon zen etxekoekin. Urritik apirilera. Gernika hartu zuten arte. Beste ahizparekin egoten zen, hura ere Ondarroan zegoelako neskame. Pobre bizi ziren: oinutsik umeak, kalean, kalekoak baserrietara jan eske...
-
Lanean jai eta beste lan bat bilatu
Isidoro Mujika Treku (1922) Urnieta
Etxe bat berritzeko lanetan peoi zebilela, lan-istripua egon zen, eta egun batzuk jai izan zituzten orduan. Egun horietako batean, Isidoro eta bere anaia bonba-fabrikara joan ziren lan eske; eta lortu, gainera. Gerra bukatu zenean, ordea, langile erdiak kalera bota zituzten; horietako bat, Isidoro.
-
Tornulari izateko nahia piztu zitzaionekoa
Isidoro Mujika Treku (1922) Urnieta
Bonba-fabrikan lanean hasi zenean, bere zeregina izaten zen piezak tornulariari eramatea. Tornularietako bat gerrako presoa zen; gizon horrek abilezia zeukan tornuan; eta, hari begira, Isidorori tornulari izateko nahia sortu zitzaion.
-
Baserriko produktuak azokan eros zitezkeen
Pilar Garaiburu Beloki (1914) Amasa-Villabona
Baserritarrak merkatura etortzen ziren jakiak saltzera. Udaletxearen aldamenean egiten zen merkatua. Laranja azalak bolbora egiteko erabiltzen zirenez, zuritutako laranjak merke erosten omen zituzten.
-
Donostiatik arraina saltzera
Pilar Garaiburu Beloki (1914) Amasa-Villabona
Donostiatik etortzen ziren arrain saltzaileak. Emakumezkoak izaten ziren normalean. Antxoa merke izaten zen eta baita bisigua eta angulak ere. Haragia baino merkeagoa izaten zen arraina normalean.
-
15 urtegaz karretero, hildakoak batzen
Jesus Barandika Berrojalbiz (1921) Feli Goikoetxea Enbeita (1930) Muxika
16 urte bete orduko, Jesus karretero ibili zen Bizkargi menditik hildakoak bajatzen. Ganadua zuten mutilak aritu ziren behar horretan.
-
Gerran eskola utzi behar
Maria Eugenia Uriarte Urretabizkaia (1925) Tolosa
Eskola dotrina baino inportanteagoa zen. Eskolan denetarik ikasten zuten. Javierrek eskola agudo utzi zuen, gerra zela-eta. Anaia Langileen Batailoietan izan zuen eta aita gaixo. Hori dela-eta, etxean bere jornala behar zen.
-
Soldaduen errukia
Elena Etxebeste Martiarena (1931) Pasaia
Soldadu batzuek behiak eraman nahi izan zizkieten, baina azkenean ez zituzten eraman, familiak haien behar handia zeukalako.
-
Gerratik ihesi Frantziara
Jesusa Akarregi Aboitiz (1920) Lekeitio
Gerra Zibileko indar nazionalak Lekeitiora sartu zirenean, beraiek ebakuatuta joan ziren Frantziara baporean. II. Mundu Gerra hasiko zelakoan bueltatu ziren handik herrira. Jende askok egin zuen ihes itsasoz. Frantziatik bueltan, Lekeitiora bueltatu aurretik, Santurtzi inguruan egon ziren. Han eta Lekeition, soldaduen arropak garbitzen zituzten.
-
Lantegiko zuzendaria "komandantea" zen; sail-arduraduna, berriz, "sarjentua"
Manuel Galarraga Aldai (1924) Soraluze
Gerra denboran, jende asko etorri zen kanpotik Soraluzera. Bertako langileak, militarizatuta zeudenez, ez ziren gerrara soldadu joaten. Gainera, jornala berdin-berdin jasotzen zuten. Lantegietako karguek militar izenak zituzten. Zuzendariari "komandantea" esaten zioten, eta bere izarrak soinean zeramatzan; talde-buruak "kabuak" ziren...
-
Milizianoak esne bila
Pakita Anabitarte Guruzeaga (1920) Donostia
Gerra hasi zenean, ahizpa zaharrenarekin Txofreko zezen-plazara joatekoa zen, lehen aldiz, baina ezin. Milizianoak esne bila etortzen ziren baserrira, eta txartelak ematen zizkieten, gero kobratzeko. Papertxoekin joan zen diruaren bila, Intxaurrondo zaharrera. Irailean sartu ziren. Bidea lehen nolakoa zen. Bandera espainolarekin sartu ziren; eta beraiek beldurrez. Tiro markak.
-
Gerra etorri zenean
Maritxu Olabiaga Etxabe (1915) Donostia
Gerra etorri zenean, beldurtuta egon ziren. Kooperatibara joaten zen ahizpari laguntzera. Miliziano batek esne kondentsatua-eta eman zizkion, itxura txarra zuelako. Vizconde del Cerroren etxaldera joaten zen, Ategorrietara, janaria eramatera, bere burua arriskuan jarrita. Gerora, gerra ondoren joan ziren batean esan ziotena. Mirakruz kalean asko hil ziren, tirokatuta.
-
Milizianoak arrautzak erosten
Basilio Ugarte Urrutia (1925) Aramaio
Nazionalek Arrasate hartuta zutela, gorrien milizianoek zaintzen zuten Aramaio. “Orden Público” deitzen zieten. Milizianoek eguneko hamar pezetako soldata zuten. Sarritan etortzen ziren etxera arrautzak erostera: dozena batek zazpi txakur handi balio zuen. Etxean babestuta eduki zituzten Legutioko senide batzuk eta Arrasatetik ihes egindako beste bi lagun. Horiek milizianoei saltzen zizkieten etxean egindako artilezko galtzerdiak.
-
Capbretongo eta Ziburuko bizimodua
Mari Kruz Alkain Jauregi (1926) Hondarribia
Capbretonen aita arrantzara joaten zen eta amak sareak konpontzen zituen, izebarekin. Neguan, arrantzarik ezin egin, eta Baionako babeslekura joan ziren. Zer jaten zuten. Ziburun hiru osaba zituzten, baina lanik ez. Eskolara joan zen han, mojetara. Gero Capbretonen ere bai.