Gerraren eragina
-
Ortura koltxoia bizkarrean hartuta
Fermin Etxebarria Elorza (1928) Aramaio
Milizianoak hiru bat egunean egon omen ziren Arraga auzo inguruan. Auzotar batzuek ihes egin zuten, baina Arragaburukoak etxean geratu ziren. Karobian eta gordetzen ziren, baina beti etxe inguruan. Koltxoia bizkarrean hartuta joaten ziren ortura. Aza artean bala galduak nola sartzen ziren ikusten zuten.
-
Gudariak herriko etxetan atsedena hartzen
Domeke Elexpuru Altube (1919) Aramaio
Bere etxean ere egoten ziren gudariak, inguruko herrietako mutilak zirenak. Ondo portatzen omen ziren gudariok eurekin. Atseden-egunak hartzen zituztenean, Mugertzan egiten zuten lo zein arropak garbitu. Amaiur eta Dragones batailoiak egon ziren Aramaion. Kuartela beteta, herriko etxeetan banatzen ziren gudariak atsedenerako. Esker onekoak zirela dio.
-
Milizianoekin harreman ona
Eustakia Agiriano Zuazua (1924) Aramaio
Soldadu asko etxeko eginda zeuden. Gorrien diruarekin ordaintzen zuten etxetik hartzen zuten guztia. Arrasate eta Hernaniko soldaduak ere baziren han. Atzeguardiako milizianoek etxeko ganbaran egiten zuten lo. Gorriok ia-ia Untzillako elizako kanpaia bota zuten. Culebra ezizeneko bat zen orduan milizianoen arduradun nagusia.
-
Martin anaiaren larritasunak
Eustakia Agiriano Zuazua (1924) Aramaio
Gorriek bigantxa bat kendu eta Elorriora eraman zuten, hil eta jateko. Eustakiren anaia Martin gorrien gidari ibili zen Murumendin. Ia gorriek eurek hil zuten. Aretxabaletara lehenengo, eta Gasteizera gero, ihes egin zuen Martinek.
-
Milizianoek ondo jaten zuten
Eustakia Agiriano Zuazua (1924) Aramaio
Milizianoak emandako atun gozoa Eustakik oraindik gogoan du. Janari asko edukitzen zuten milizianoek auzoan egon ziren bitartean. Behin astoan zeramaten otzarakada bat merlenka, lokatzetara erori zitzaien. Sukalde ona eta nahikoa diru omen zuten milizianoek.
-
Gerraostean, Arrasatera berriro
Maria Arriaran Larrañaga (1925) Aramaio
Frontea Arrasatetik joan zenean, Oñatitik Arrasateko Mendi Etxebarri baserrira bueltatu ziren. Denbora horretan, baserria hutsik egon zen. Gerra denboran, soldaduek bederatzi "muelle" eta bederatzi koltxoi eraman zituzten. Baserrian, sekulako belartza hasita zegoen, eta haiek moztu eta Oñatira eraman zuten belarra; hango ganaduarentzako.
-
Aitajaunari zilar zakukada kendu
Maria Arriaran Larrañaga (1925) Aramaio
Gerra denboran, aitajaun eta amandreari zakukada zilar kendu zien soldaduek. Zilarrezko txanponak zituzten baserrian. Ortuko jeneroa belar-metan ezkutatzen omen zuen aitajaunak.
-
Baserrira itzulera...
Maria Arriaran Larrañaga (1925) Aramaio
Frontea Arrasatetik joan zenean, Maria eta familia Mendi Etxebarri baserrira bueltatu ziren. Oñatin egon ziren denboran, baserria hutsik egon zen, eta hango lanekin hutsetik hasi behar izan zuten itzuleran. Garia, artoa... ereiten hasi ziren berriz. Garia eskuz jotzen zuten.
-
Gerrako hilabete gogorrak
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
Gerra denboran ez zuten alde egin etxetik. Udaberri garaian, aita mutikoren batekin eta ardiekin joaten zen Aramaioko Barajuen auzora. Bederatzi hilabetean izan ziren tiroak Oletan; Loiola, Perezagua eta Mungia batailoiak pasatu ziren handik. Soldaduen janariak aitak garraiatzen zituen gurdiarekin. Gorriek bide berri bat egin zutenetik, kamioiak erabili zituzten garraiorako.
-
Etxeko behor guztiak gerran galdu zituzten
Julian Astola Argoitia (1926) Aramaio
Etxeko behorrak gerra denboran mendian ezkutatu ziren. Etxean gordeta zituzten pare bat ere kendu zizkieten, baina horiek ordaindu egin zizkieten. Soldaduak, alde bietakoak, ondo portatu omen ziren Julianen etxekoekin.
-
Aita kartzelan, etxekoak beldurrez
Sebastiana Balanzategi Unzueta (1929) Aramaio
Aita kartzelan zegoela, Susanaren ahizpa bat jaio zen. Aita atxilotu zutenetik, etxean beti beldurrez egoten ziren milizianoekin. Labesua gauez egin arren, goizean milizianoak zain egoten ziren. Etxean ez, baina soroan erori zen bonbaren bat. Etxean, kortan edo ganbaran gordetzen ziren.
-
Milizianoak baserrian
Mauri Lasaga Belategi (1922) Jaione Ormaetxea Trojaola (1924) Aramaio
Milizianoak esnea edatera etortzen ziren Mauriren baserrira. Soldaduak berorika egiten zioten amari. Esnea ordaintzen zuten, baina ordaindu gabeko oilaskoa ere eraman zuten egun batean. Jaione Bilbon zegoela, gudariak txistua eta danbolinarekin etortzen ziren; gorriak zirenean, ordea, oiloz eta untxiz kargatuta egoten ziren.
-
Bi fronteen erdian, Aramaio
Maria Angeles Beitia Oruna (1918) Aramaio
Gerra denboran kanoikada asko sartu zen bere etxe inguruan. Nazionalak jan eske etorri ohi ziren beren baserrira, baina ekarri ere ekartzen zituzten gauzak. Aramaio bi fronteren artean egon zen denboraldi batez; ama kaletik etxera itzuli ezinik egon zen.
-
Basoan bonba aurkitu
Enrike Ibabe Ortueta (1938) Aramaio
Enrikek gerra garaiko bonba bat aurkitu zuen Albinan basolanean zebilela. Bonbari su eman zioten.
-
Lubakiak egiten Aramaion
Valentin Ibabe Zubizarreta (1918) Aramaio
"Abanzea" izan aurretik, Untzillatik Murugainera lubakiak egiten ibiltzen ziren gauez. Milizianoak baserriak ebakuatu nahian ibili ziren. Ibabe baserrikoek ez zuten inora alde egin.
-
Gerrako "abanzea" Oleta auzoan
Pedro Karetxe Urrejola (1930) Aramaio
"Abanzea" etorri aurretik, Oletako etxeetan miliziano gipuzkoarrak egon ziren. Kurtzeta gainean tiroketa gogorrak izan ziren. Oletako etxe asko suntsitu zituzten bonbardaketetan. Egun haietan berak ikusitakoak azaltzen ditu.
-
Etxeak suntsituta bonbardaketan
Pedro Karetxe Urrejola (1930) Aramaio
Etxeko aitona, bonbardaketan, kortako bazter batean gorde zen eta bizirik atera zen. Teilape baten azpiko etxe bat suntsitu zuten arren, bestea ez zuten hainbeste kaltetu. Ukuiluko txekorrak txikituta. Bonba-zuloak nonahi.
-
Milizianoak iratan lo
Domingo Iriarte Astola (1927) Aramaio
Gerra denborako azalpenak. Auzoan zeunden milizianoekin zer harreman zuten kontatzen du. Esnea erosi ohi zien milizianoek. Arditegiko iratan egiten zuten lo.
-
Suña eta Untzilla
Domingo Iriarte Astola (1927) Aramaio
Suña auzoari buruz hitz egiten du. Zazpi baserri-etxe daude Suñan. Gerra denboran, hainbat baserri erre ziren Untzillan.
-
Anaia ganaduen askapean ezkutatuta
Angel Arriolabengoa (1932) Aramaio
Tia-abuelak ez zekien erdararik, eta falangistek galdetu ziotenean "aquí hay rojos?" buruarekin baietz egin zien. Angelen anaia Florian ganaduen askapean ezkutatuta egon zen, etxea arakatzen zuten bitartean. Ohituta zeuden soldaduak ikusten, milizianoak egunero-egunero egoten baitziren gosaltzen. Teniente batek gomak ematen zizkion tiragomak egiteko.