Gerraren eragina
-
Gerra denboran baserritik atera behar izan zuten
Antonio Kortajarena Kortajarena (1928) Zizurkil
Gerra denboran soldaduak etorri ziren. Inguruetako ikuspegi ona zegoelako sartu ziren erreketeak Zizurkilen. Etxe guztia miatu zuten, eta kapitainak bertan 90 lagunentzako lekua zegoela esan zuen. Orduan familiakoek auzoko baserrira joan behar izan zuten. Erreketeak joan zirenean, falangistak etorri ziren eta orduan etxera itzuli ziren. Beranduago, herriko mutilak etorri ziren eta haiek ere etxean egon ziren.
-
Erreketeak joan zirenean, etxea hankaz gora
Antonio Kortajarena Kortajarena (1928) Zizurkil
Gerra denboran, etxea soldaduek okupatu ondoren, baserria hankaz gora utzi zuten. Erreketeak izan ziren gauzak okerren utzi zituztenak. Garai hartan, Antonio umea zen eta tartean ibiltzen zen, haiekin ogia jaten.
-
Gerraosteko gosea
Teodoro Mujika Salaberria (1924) Zizurkil
Gose handia pasa zuten 40-41 urteetan. Errazionamenduan pasa zituzten hamar urte, oliorik gabe, eta ogi gutxirekin.
-
Baserritarrek uzta eman beharra
Teodoro Mujika Salaberria (1924) Zizurkil
Jasotako uztaren zatirik handiena eman behar izaten zuten baserritarrek. Errotak ere itxi egin zituzten. Jende asko hil zen goseak eta gaixotuta.
-
Zumarragako alemanaren zorigaitza
Migel Sasieta Irastorza (1922) Zumarraga
Militar asko egon ziren Zumarragan gerra garaian. Zumarragan aleman bat bizi zen gerra aurretik ere; gerra garaian, familia Alemaniara joan zen, eta gizona bakarrik gelditu zen Zumarragan. Bere buruaz beste egin nahi izan zuenean, soldadu italiarrak hori eragozten saiatu baziren ere, azkenean lortu zuen.
-
Gerrak ekarritako komeriak
Migel Arratibel Dorronsoro (1930) Zumarraga
1936rako, Ataundik Tolosara joanak ziren bizitzera. Gerra ostean, aita lanetik bota egin zuten, arrazoi politikoengatik. Orduan, aurrera ateratzeko nola moldatu ziren azaltzen du.
-
Zumarragako tiroketa
Maite San Miguel Arrizabalaga (1930) Zumarraga
Zumarragan tiroak egon ziren egunean, familiako kideak etxe ugaritan harrapatu zituen. Beloki mendian hildakoak egon omen ziren. Gau bat baino ez zuen iraun. Tropak sartu ostean, gauzak ez ziren askorik aldatu Zumarragan. Ez zen txikizio handirik egon eta bizimodua ere ez zitzaion asko aldatu. Eskolak erdaraz hasi ziren eta ikasi egin behar izan zuten.
-
Erreketeek Oikiako apaiza eraman zuten; haren pistolaren anekdota
Bartolo Etxabe Oliden (1928) Zumaia
Gerra hasi zenean, bera mutikoa zen. Mendi gainetik erreketeak azaldu omen ziren lehenbizi. Beren martxan zetozen soldaduak eta pasaeran baserrietan jatekoa lapurtzen zuten. Gogoan du nola komandanteak pistolarekin mehatxatuta eduki zuen Oikiako apaiza, frontoi parean. Azkenean, eraman egin zuten. Apaizak pistola utzi omen zuen elizako aldarearen atzean eta sakristauak lurperatu egin zuen. Berak nolabait enteratu eta pistola lurpetik atera eta urteetan etxean eduki zuen gordeta.
-
Tropak Goiko plazan; kapitaina izebaren etxean
Irene Yeregi Salegi (1924) Zumaia
Gerra garaiko bizipenak. Soldaduak Goiko plazan egon ziren. Euren osabak baserri batera ihes egin zuen badaezpada, eta izebak kapitain bat izan zuen etxean. Irene kapitainarekin joaten zen kuartelera olio bila; izan ere, kapitainari baratxuri-zopa asko gustatu zitzaion, eta hura jartzeagatik. Tropek denbora gutxi egin zuten herrian, baina herriko karlistak eta falangista nafarrak geratu omen ziren herrian.
-
Ortizeneko fabrikako nagusiak ihesi eta jendea fabrika errekisatzen
Irene Yeregi Salegi (1924) Zumaia
Gerra denboran, Ortizeneko kontserba-fabrikan bakailao asko omen zegoen lehortzen. Nagusiek aurrera joan behar izan zuten, nazionalistak ziren eta. Ateak irekita gelditzean, jendea bakailaoa hartzera joan zen. Bera ere bila joan zen; baina, bera joan orduko, errekisatu egin zuten, eta gabe geratu zen.
-
Soldaduak baserrian jaten
Ana Aristondo Aizpurua (1928) Zumaia
Soldaduak bere baserrira joan zirenekoa kontatzen du Anak. Tropa handia joan zitzaien, eta denentzako janaria prestatu behar izan zuten. Nolanahi ere, soldaduek jandako guztia ordaindu zuten, eta hurrengo egunean joan egin ziren.
-
Gerra garaiko gosetea
Faustino Urbieta Zinkunegi (1924) Zumaia
12 urte zituen gerra hasi zenean, eta gose handia pasa zuten. Itsasontzietatik bakailaoa deskargatzen zuten eta etxerako hartzen zituzten. Anekdota bat kontatzen du. Tropak sartu zirenekoa.
-
"Gorri" eta nazionalisten ingurukoak
Faustino Urbieta Zinkunegi (1924) Zumaia
Gerra garaiko kontuak; "gorriak" etxera sartu eta behia kendu zietenekoa. "Gorri" eta nazionalisten kontuak. Gerra garaiko materiala eta kanoiak eramateko, astoen laguntza izan zuten. Etxeko astoaren aipamena.
-
Nazionalak etxean
Maria Antonia Goikoetxea Elustondo (1946) Zumaia
Aitaren arrebak josteko makina zeukan eta nazionalak sartu zirenean txapelak brodatzeko agindu zioten. Aitaren saxofoiarekin tabernaz-taberna ibili omen ziren; osaba, mutikoa, atzetik jarraitzen ibili zen eta mozkortu zirenean saxofoia korrika etxera bueltan eraman zuen.