Gerraren eragina

  • Eugenia Gerran eskola utzi behar

    Maria Eugenia Uriarte Urretabizkaia (1925) Tolosa

    Eskola dotrina baino inportanteagoa zen. Eskolan denetarik ikasten zuten. Javierrek eskola agudo utzi zuen, gerra zela-eta. Anaia Langileen Batailoietan izan zuen eta aita gaixo. Hori dela-eta, etxean bere jornala behar zen.

  • Dolores Gerrako kontuak

    Maria Dolores Larrañaga Beloki (1923) Tolosa

    Gerrako kontuak. Behin, zuhaitz baten azpian ezkutatu zen bonbak jaurtitzen ari zirelako. Alegiara joaten ziren etxerako irin bila.

  • Dolores Hegazkinak bonbak botatzen

    Maria Dolores Larrañaga Beloki (1923) Tolosa

    Gerra denboran, ez ziren ausartzen etxetik ateratzen. Tiro hotsak, kanoikadak... entzuten zituzten. Arbia egiten ari ziren batean, bonbak botatzen zituen hegazkin bat pasa zen; korrika ihes egiten zuten babes bila. Tiroak izaten zirenean, baserriko hormen kontra jartzen ziren.

  • 1690 Francorekin umeak beldurtzen

    Abelintxu Olano Olibares (1932) Ubide

    Zeanuriko hiru osaba kartzelan egon ziren. Abelintxuren amamak bere ilobak beldurtzeko 'Franco, Franco dator'! esaten omen zien.

  • 1690 Txapel gorriak elizako kanpaiak jotzen

    Abelintxu Olano Olibares (1932) Ubide

    Francoren tropek hiri handiren bat hartzen zutenean, txapel gorriek herriko elizako kanpaiak jotzen zituzten. Txapel gorriarekin jolasteko gogoa izaten zuten umetan. "Intendencia Militar" bere etxe ondoko horma batean idatzita zegoela gogoratzen du.

  • 1690 Trapagaranen bizitzeko leku finkorik gabe

    Abelintxu Olano Olibares (1932) Ubide

    Trapagaranera oinez joan ziren astoarekin eta ardiekin. Hurrengo udaberrira arte, han eta hemen egon ziren, leku finkorik gabe. Handik itzuli eta aita kartzelaratu zuten. Etxeko inork ikusi gabe eraman zuten preso.

  • juanita garmendia Gerran erreketeak inguruan eta gazte ugari hil

    Juanita Garmendia Arrieta (1922) Urnieta

    Gerra hasi zenean, baserrian zegoen. Tropak baserritik gertu zeuden eta tiroak entzuten zituzten. Erreketeek hainbat gazte hil zituzten Juanitaren baserri inguruan. Gotzaina ere etorri zitzaien etxera.

  • Angela Garmendia Gerran, baserria frontetik gertu

    Angela Garmendia Arrieta (1927) Urnieta

    Gerra garaian, soldaduen arteko borroka izan zen beraien baserritik gertu. Beraienera etorritako soldadu askori eman zieten kafea. Borroka hartan hil zituzten mutil batzuen istorioa kontatzen du. Baserri batzuetan, oso gaizki pasa zuten soldaduen etorrerarekin.

  • Patxi Pagola Gerra garaian, umeak astoaren aurretik

    Patxi Pagola Ibarrola (1933) Urnieta

    Gerra garaian, etsaiak mendian gertu zeuden; eta, janari bila joateko, Patxi joaten zen astoaren aurretik; gizonak joanez gero, tiro egiten zuten soldaduek. Gertuko baserri batera kanoikada sartu eta asto bat geratu zen bizirik.

  • Kontxita Zaldua Amak arropak garbitu soldaduei

    Kontxita Zaldua Zabala (1924) Urnieta

    Gerra denboran, kanta asko ikasi zituzten; Cara al Sol, esaterako. Amak arropak garbitzen zizkien soldadu erreketeei. Aurretik, Frente Popularrekoak Urnietako komentuan egon ziren.

  • Joxe Mari Yurramendi Gerra hasiera Urnietan

    Joxe Mari Yurramendi Larburu (1922) Urnieta

    Gogoan du Urnietara gerra heldu zen eguna; jaiegun batez herri aldetik soldadu talde bat sartu zen. Etxera etorri, sabaiko belarra ukuilura ekarri eta haren gainean egin zuten lo: ofizialek logeletan; eta baserrikoek, ahal zen bezala, lurrean. Zortzi egun pasatu zituzten. Arrantxoa nola prestatzen zuten. Hildakoak eta bonbak.

  • Isidoro Mujika Senideak gerran edo gaixo, eta bera etxera

    Isidoro Mujika Treku (1922) Urnieta

    Gerra hasi zenean, hiru anaia eraman zituzten gerrara deialdi bakarrean. Arrebak karbunkoa harrapatu zuen, eta ez zen gai behiak jezteko. Orduan, Isidoro Aierdin zegoen morroi, eta etxera itzuli behar izan zuen laguntzera.

  • Jexuxa Salegi Oruesagasti Anaia, soldaduen txofer

    Jexuxa Salegi Oruesagasti (1921) Urretxu

    Gerra garaian, anaia gerrarako deitu zuten; eta, txofer zenez, soldaduak batetik bestera eramateaz arduratzen zen. Soldaduak urte pare bat egon ziren herrian.

  • Nieves Aranburu Gerrako armak eta umeen jolasak

    Nieves Aranburu Otaegi (1936) Antonio Orbegozo Lizarazu (1928) Usurbil

    Gerrako tiroak eta bonbak gogoan ditu Antoniok. Soinuaren arabera bereizten zuten zer arma motarekin botatakoa zen tiroa. Bonbak nondik botatzen zituzten azaltzen dute. Soldaduek alde egiten zutenean, umeek bolbora biltzen zuten harekin jolasteko.

  • Martzial Goenaga Soldaduak "apopilo" zikinak

    Martzial Goenaga Gorriti (1925) Usurbil

    Gerra garaian, Francoren aldeko soldaduek errementeria konfiskatu zieten eta armategia jarri zuten bertan. Etxeko ganbaran ere geratu izan ziren lotan; zikinak ziren soldadu haiek. Soldaduek oiloak lapurtzen zituzten etxetik.

  • Benito Aranburu Gerran ogia falta ez; gerra ostean bai, ordea

    Benito Aranburu Gaztañaga (1923) Usurbil

    Gerra garaian, maistrak "Madrid hartu zutela" esaten zien pozik. Gerra bukatu zenean, lasaitua hartu zuen, bestela, berak ere frontera joan beharko baitzuen. Gerra garaian ez zuten goserik pasa; okina Oriotik etortzen zen. Gerra ostean, errotak itxi zituzten; horregatik, Mendarora trenez joaten ziren hainbat gazte garia ezkutuan ehotzera.

  • Manuel Maiz Eskolan ikasitakoak eta gehiago ikasteko gogoa

    Manuel Maiz Labaka (1924) Usurbil

    Gerra garaian ez zen galdu Donostia eta Usurbilen arteko harremana. Eskolak, ordea, itxita egon ziren. Eskolan ikasitakoak gogoan ditu; berari Espainiako historia gustatzen zitzaion gehien. Gerora, gau-eskolan aritu zen ikasten negu batean; orduan interes gehiago jarri zion ikasitakoari.

  • Teodoro Aranburu Gerra garaiko irratiak eta irratsaioak

    Teodoro Aranburu Otaegi (1928) Usurbil

    Gerra garaiko berriak irrati bidez entzuten zituzten: Radio Galena zen hura. Irrati haiek nola funtzionatzen zuten azaltzen du. Gerora, Radio Pirenaica entzuten zuten.

  • Mertxe Aizpurua Gerrako kezkak eta oroitzapenak

    Mertxe Aizpurua Zeberio (1925) Usurbil

    Gerra hasi zenean, Lasaon ziren; etxera itzulitakoan, taberna itxita zeukan amak; orduan beldurra pasa zuten senide bat falta zitzaielako eta Añorgan neska bat hil zutela jakin zutelako. Gerrako oroitzapenak gogoan ditu: soldaduak, janaria, hegazkinak... Beldurra eduki zuten, baina gerra ez zen asko nabaritu Usurbilen.

  • Felix Olasagasti Gerrako zertzeladak: alemaniarrak, italiarrak eta koinatua

    Felix Olasagasti Mujika (1923) Usurbil

    Alemaniarrak eta italiarrak jaun eta jabe ziren hemen, herritarren artean gosea zegoela aprobetxatuta. Koinatu bat ihesi joan zen Gijonaino; eta handik Txarara bueltan oinez etorri zen.