1931-1936: II. Errepublika
-
1934ko iraultza; Francoren errepresioa; jendearen erreakzioa 1936an
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Franz Mehring-ek idatzitako Marxen biografia irakurri zuen 1934an, koinatuaren etxean ezkutatuta zegoenean. Gauzak lortzeko etsaiaren aurka batu beharra zegoela konturatu zen. Asturiasko erreboltarien biolentziari buruz egunkarietan hainbat kontu etorri ziren, baina Marxen liburuan irakurri zuen kontu berdinak esaten zirela 1870ean ere. Hilabete ezkutatuta egon eta gero, familiak presionatuta, bere burua entregatu zuen. 25 urteko kartzela zigorra eman zioten. Eibarren ia familia guztietan egongo zen presoren bat. Francoren errepresioaren ostean, buelta eman zuen pixkanaka egoerak eta jendeak erreboltarien alde egin zuen 1936ko hauteskundeetan: `Frente Popular´ak irabazi zuen. "Acción, represión, reacción".
-
1914ko krisia; lan publikoak eta herri-sukaldea
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
1914an Frantziako muga itxi zuten eta krisi handia izan zen herrian. Sozialistek zioten aberatsek dirua jarri behar zutela jendeari laguntzeko. Timoteo Zubiatek Wenceslao Orbearekin kontsultatu zuen eta obra publikoak egitea planteatu zuten (Foru Aldundiak ere lagunduta). Eibartik Markinarako bidea egiteari ekin zioten orduan, baina Ixuraino egin zuten. Palarekin, pikotxarekin eta dinamitarekin egin zuten. Hildako bat egon zela ere gogoan du. 1914-15ean herri-sukaldea ere jarri zuten, beharra zutenentzat.
-
Errepublikarrek hauteskundeak irabazi zituzten
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Primo de Riveraren diktadura bukatu eta errepublika baino lehen, Candidori esan zion helduago batek gazteek futbolarekin besterik ez zutela pentsatzen. Eibarren ondo ikusi zen sozialistak eta errepublikanoak batera joatea. Espainia guztiko botoak gehituta, monarkikoek irabazi zuten baina jauntxoen menpekoen botoak ez zituzten ontzat hartu, behartutakoak izatearren.
-
Errepublikanoak garaile
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
1931ko hauteskundeen egunean, Casa del Pueblon zegoen Candido lagunekin. Astelehena frontoian musika banda ari zen musika jotzen eta jendea errepublika goratzen hasi zen, jakinekoa baitzen Espainiako hiri nagusietan garaile izan zirela.
-
Errepublikaren proklamazioa zela gertatu zen
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Astelehenean oraindik ez zegoen proklamaziorik baina eibartar gehienek uste zuten errepublika bazetorrela. Donostiatik enkargua etorri zen eta zinegotzi guztiak batu ziren udaletxean. Errepublika izendatu behar zela erabaki zuten. Donostiako gobernu militarretik mehatxuak egin zizkieten. Segundo Garcia izeneko batek ere proklamatu zuen errepublika, Ciudad Real inguruan. Kartel bat egin zuten "Plaza de la República" ipintzen zuena, Untzaga plazarako.
-
Ospakizun handia Eibarren, errepublikarengatik
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Errepublika proklamatu zen egunean, arratsaldean, Bartzelonan eta Madrilen altxamenduak egon ziren eta erregeak alde egin zuen. Hala, manifestazio handia egin zuten Eibarko kaleetan. Ospakizun handia egin zuten Eibarren.
-
Errepublikaren proklamazioa zergatik egin zen Eibarren
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Toyosek Donostiatik jaso zuen enkarguari buruz berba egiten du. Donostiatik Bilbora zihoan arrain saltzaile batek eman zion oharra. Toribio Etxebarriarekin hizketaldi luzeak egin zituen eta hark uste du ez zela errepublika proklamatzeko agindurik etorri; interpretazioa izan zela uste zuen. Apaiz batek uste zuen pare bat eibartarren ideia izan zela, baina Candidok esan zion eibartarrek uste zutela ordurako errepublikan zeudela.
-
Abertzale errepublikazaleak Eibarren
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Donostiako hitzarmenetik kanpo geratu izana akatsa izan zen EAJrentzat, Jose Antonio Agirrek aitortu zuenez. Abertzaleek ikurrina ipini nahi izan zuten Eibarko udaletxean baina sozialistek ez zieten onartu. Abertzale gehienak errepublikazaleak ziren Eibarren.
-
Estatutuari baietz
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Estatutuari baietza emateko botoa eman zuen Candidok, nahiz eta komunistak alde ez agertu. Errepublika elizaren kontrako bidean zihoanez, Nafarroako abertzaleek erlijio kristaua babestu nahi zuten.
-
1934ko iraultzan Toribio Etxebarria arduradun
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Toribio Etxebarria ez zen iraultzailea; diziplinarengatik onartu zuen 1934ko iraultza. Alfan armak ezkutatu zituzten eta Toribio arduradun jarri zuten. Candidori berari gertatu zitzaiona kontatzen du. Iraultzaren aurreko hilabeteetan prestatu zuten. Ez zen jenderik prestatu iraultzarako, ez buruz eta ez fisikoz.
-
1934ko iraultzako bizipenak Eibarren
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Guardia Zibilak Eibarren sartu zirenean, 1934ko iraultzan, Matxariraino iritsi ziren, inorekin topo egin gabe. Mugimendua ez zegoen prestatuta. Candido "Casa del Pueblo"ra joan zen eta handik udaletxera. Han topatu zuen Toribio Etxebarria eserita, zain. Halako batean, zarata handia entzun zuen Untzagan eta hara hurbildu zen. Agintari zirenak ez zituen ikusi, ibilaldi luzea egin arren.
-
1934ko iraultzako arduradunak Eibarren
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Gasteiztik soldaduak etorri ziren eta tiroketak egon ziren. Etsitzeko prestatu zen Toribio Etxebarria, egoera ikusita. Iraultzako agintariak izendatzen ditu; ez zituen ikusi egun hartan, Toribio bakarrik egon zen udaletxean.
-
Zergatik ez zen Bilbon iraultzarik izan
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
1934an zortzi hildako egon ziren, Arrasaten ere hildakoak izan ziren baina Bilbon ez zen ezer gertatu. Touloussen jakin zuen Candidok zergatik, Bilbo inguruko bi mutilen kontakizuna entzunda.
-
1934ko iraultzagatik zigortuta
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Donostian ez zen askorik gertatu 1934ko iraultzan. Han ere tirabirak izan ziren, irten ez irten. Toribio egunean bertan joan zen Guardia Zibilengana, errendizioa ematera. Ondoren ere, tiroka ibili ziren, eta hildakoak eta zaurituak egon ziren. Hiru lagun heriotza zigorrera kondenatu zituzten eta Candidori hogeita bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
-
1934ko iraultzaren jarraipena
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Iraultza bukatutzat eman zutenean, mendirantz alde egin zuen beste batzuekin. Hurrengo egunean iraultzarekin jarraitzea erabaki zuten. Kalamuan armak hartu eta hamar lagun inguru ibili ziren mendian batetik bestera. Beste batzuk ere ibili ziren. Gau guztia guardia zibilengandik ihesi pasatu zuten, baita ondorengo egunak ere. Abisua eman zioten arren, etxeratu egin zen eta hilabete inguru ezkutatuta egon zen.
-
Candidok bere burua eman zuen
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Candidok ihes egiteko asmoa zeukan baina familiaren eskaeragatik, bere burua eman zuen udaletxean. Kolpeka hartu zuten. Enterratzailea gogorrago hartu zuten, bonbak hilobietan ezkutatu zituen eta.
-
1934ko iraultzako hildakoak eta zigorrak
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
1934ko iraultzaren ondorioz, bost hildako izan ziren Eibarren: Gonzalez, Lizarralde, Biteri, Landa eta Larrañaga. Armeria Eskolan izandako erresistentziagatik, hiru lagun heriotza zigorra eman zieten. Candido eta beste hamasei laguni hogeita bost urteko zigorra jarri zieten. Bakoitzaren heriotzaren berri ematen du.
-
1934ko iraultzako hildakoen zehaztapenak
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Beste bi hildako aipatzen omen ditu Querido izeneko batek: Vazquez eta Gerrikabeitia. Horietaz jarduten du. Bilboko guardia bat ere hil zuten egun hartan.
-
1934ko iraultzaren arduradunak eta Toribioren errendizioa
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Gasteiztik ejerzitokoak bidali zituzten eta Arrasaten altxatu zirenek, alde egin zuten mendira. Toribiok jakin zuenean ejerzitokoak etorri zirela Eibarrera, orduan, errenditzea erabaki zuen. Egun hartan Toribiorekin izandako elkarrizketak aipatzen ditu. Iraultzaren arduradunak izendatzen ditu;Telleria alkatea eta Toribio ez ziren arduradun izan.
-
1934ko iraultzan prestakuntzarik gabe
Candido Eguren Zabarte (1906) Eibar
Errepublika ondo zihoala ikusi zuenean, politika kontuak albora lagatzea erabaki zuen, baina 1934ko iraultzaren berri izan zuenean, izena eman zuen parte hartzeko. Berari ez zioten talderen baten sartzeko deitu baina bere lagun batzuei bai. Tiroren batzuk egin zituzten mendian, proba egiteko. Buruz eta armaz prestatu gabe zeuden.